Badator ostera ere euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekimen ezagunena: Durangoko liburu eta disko azokaren 51. edizioa. Abenduaren 2tik 6ra bitartean egingo dute, eta bertan, 349 nobedade, 246 erakustoki eta 200 ekitalditik gora izango dituzte eskura hara gerturatzen diren milaka bisitariek. Bada, Durangora joateko asmoa ez dutenak, Bastidara hurbildu daitezke.
Errioxaldea kultur elkarteak bigarrenez antolatu du aurten Arabako Errioxako liburu eta disko azoka, bertako Udalaren laguntzarekin. Pasa den urteko formatua mantendu dute oraingoan ere. "Herri txiki bat izanik, azoka ere ez da oso handia izango, baina bertan euskaraz argitaratutako liburu ezagunenak aurkituko dira", azaldu du Errioxaldeko kide Josu Olanok; eta gaineratu du bereziki umeei eta gazteei zuzendutako azoka dela, "eskola eta ikastolan lantzen dutena kalean ere ikusteko".
Hiru ardatz
Hiru "ardatz" nagusi izango ditu aurtengo azokak: batetik, euskara. Horren harira, zera nabarmendu nahi izan du Olanok: "Umeekin eta gazteekin egingo diren ekitaldi guztiak (antzerkia, filmak, liburuen aurkezpenak edo jolasak, besteak beste), euskaraz egingo dira; eta helduekin direnak, elebidunak. Beti euskarari ematen diogu lehentasuna, eta ezinezkoa denean bietan. Euskara pixkanaka-pixkanaka zabaltzea eta gurea sentitzea da azokaren helburu nagusienetakoa".
Bigarrenik, aurten 80 urte betetzen dira Espainiako Gerra hasi zela aprobetxatuz, horrekin lotutako bi ekimen aurreikusi dituzte: abenduaren 4an, German Ruiz Llanoren Alava en pie de guerra liburua aurkeztuko dute; eta azokak irauten duen bitartean, gudariei buruzko erakusketa ere egongo da ikusgai Bastidako udaletxean.
Hirugarrenik, "ezezagunak" diren Arabako idazleen presentzia bermatu nahi izan dute, abenduaren 8an egingo duten aurkezpenarekin. Hain justu ere, Kepa Menendez, Mila Ojea eta Raul S. Alegria izango dira euren lanak aurkezten dituztenak.
Euskararen Egunarekin bat
Durangon bezala, abenduaren 2an, ostirala, emango diote hasiera egitarauari. Aurten ere, Toti Martinez de Lezea idazleak inauguratuko du azoka, bere azken lanaren aurkezpenarekin: Euskaraz zein erdaraz argitaratu du gasteiztarrak liburua. Bestalde, edizio honetan, Euskararen Egunarekin egin du bat azokak, eta horren bueltan, askotariko ekintzak antolatu dituzte abenduaren 3rako; tartean, datorren urtean datorren urteko Araba Euskaraz aurkeztuko du Bastida ikastolak.
Beste berrikuntza bat ere badago aurtengo egitarauan: abenduaren 3an eta 6an egingo dituzten Ardo Berri 2016 dastatzeak. Bastidako upategien parte-hartzea sustatu nahi dute dastatze "itsu" baten bidez. Hau da: Solaguen, Mitarte, Agricola Labastida, Aimarez eta Gontes upategiek bere ardoa aurkeztuko dute, eta jarraian, botilak paperez estalita, ardoa dastatu eta, lehen azaldutakoaren arabera, norena den asmatu behar dute. Nork bere apustua eman eta gero emaitzak ezagutu eta irabazleei saria ematen zaie.
Abenduaren 5ean, bestetik, Lasa eta Zabala filma ikusteko aukera izango da, eta, amaitutakoan, Pablo Malo zuzendariak eta Paco Etxeberria mediku forentseak solasaldia eskainiko dute. Aspertzeko astirik ez da izango egunotan Bastidan.
Egitaraua, osorik:
Abenduaren 2a, ostirala
18:00 Inaugurazio ekitaldia. Jarraian, Toti Martinez de Lezearen 'Esne eta eztizko lurra' liburuaren aurkezpena, kultura etxean.
Abenduaren 3a
12:15 Ikastolak Araba Euskaraz 2017 aurkeztuko du, plazan.
13:00 Miren Diaz de Arkaia, Edurne Maiona, Maite R. Otxotorena eta Ana Franciaren liburuen aurkezpena, kultura etxean.
17:00 Haurrentzako antzerkia, kultura etxean: 'Baserria amets'.
18:00 Ardo Berri 2016. Plazan. Uzta berriaren aurkezpena (beltza).
21:00 Disko festa Petralandan.
Abenduaren 4a
12:30 German Ruiz Llanoren 'Alava en pie de guerra' liburuaren aurkezpena, kultura etxean.
18:00 Umeentzako zinea toki berean.
Abenduaren 5a
18:00 'Lasa eta Zabala' filma kultura etxean. Jarraian, solasaldia Pablo Malo zuzendariarekin eta Paco Etxeberriarekin.
Abenduaren 6a
11:00 Mahastiak kirol taldeen aurkezpena, kiroldegian.
12:00 Dastatze itsua. Ardo zuriaren aurkezpena. Plazan.
12:00 Salda eta txoripintxoa salgai plazan, ikastolaren eskutik.
18:00 Haurrentzako zinema euskaraz.
Abenduaren 7a
12:00 Leire Bilbaoren liburuen aurkezpena, kultura etxean.
17:30 Pilota pilotaleku zaharrean.
20:00 Kantu-poteoa.
21:00 Erronda festa.
Abenduaren 8a
11:00 Umeen jolasak, kultura etxean.
13:00 Kepa Menendez, Mila Ojea eta Raul S. Alegriaren obren aurkezpena.
17:00 Eneko Etxegarairen 'Ilunpearen sekretua' ipuinaren aurkezpena.