Euskaltzaindiaren Arabako egoitzan elkartu da ALEA Iñaki Lazkano, Irati Iciar eta Iñaki Martinez de Lunarekin. EBAren talde eragilean ari dira hirurak. Sumatzen zaizkie proiektuarekiko atxikimendua eta ilusioa. Izan ere, Araba euskalduntzen -ikasten zein irakasten- ibili diren arabar (eta arabartu) askoren gogoan zegoen proiektua da EBA.
Azken mendeetan, Araba izan zen euskara gehien galdu zuen herrialdea. EBA XX. mendeko 60-70 hamarkadetan sortu zen euskalduntze mugimenduari lotzen zaio. Arabako orduko populazioaren %4 pasatxo zen euskalduna. 2021eko datuen arabera %30 inguruk ezagutzen du euskara. Orduko protagonista maiz anonimo samarren ahotsak jasotzen ditu EBAk.
Musika talde bati elkarrizketa egitean, ohiko galdera izaten da nola sortu zen taldea, eta hirukote honen erantzuna honakoa izan da: "Iñaki (Martinez de Luna) eta biok (Iciar) Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordean gaude, gure solasaldietan maiz agertzen zen gai hau, baita euskalgintzaren inguruan mugitzen diren beste batzuekin ere, Kiski-rekin (Lazkano), kasu". Martinez de Lunak jarraitu du: "Euskaltzaindian ere bazen interes bat Arabako ordezkaritzari biziberritze bat emateko, eta interesa, dedikazioa eta baliabideak jarri dituzte proiektuari laguntzeko", eta Iciarrek "lehendik ere, Oihanederren, lan handia hasi ziren egiten Gasteizko Euskararen Ahotsak jasotzen-eta". Horrez gain, hirurak bat datoz esatean Arabako Foru Aldundiaren diru laguntzarik gabe ezingo litzatekeela proiektua gauzatu. "Euskara Zerbitzuak eta kuadrilletako euskara teknikariek ere laguntza handia eman digute. Alabaina, EBAren talde eragilean boluntario egiten dugu lan, eta egiten dugun guztia online interesa duen edonoren eskura egongo da beti", amaitu du Iciarrek.
Euskal Herrian proiektu aitzindaria
Lazkanok azaldu du Euskal Herriko beste herri batzuetan, Bergaran kasu, antzeko lanketa egin dela, eta Euskaltzaindiak baduela atal bat Euskararen Historia Soziala, zeinetik atera duten lan hau egiteko markoa. Dena den, jarraitu du, "Araban egiten ari garen bezain sakona ez da inon egin, hainbeste lekukotzarekin, Arabako kuadrilla guztietakoak, oinarri soziolinguistiko batekin, eta Iñaki Iurrebasoren tesiaren ildotik ere bai".
1960-70 hamarkadetan euskararen biziberritze mugimenduan ibili ziren pertsonak dira lekukotza eman dutenak, gehien-gehienak euskaraz, baina baten bat euskara-gaztelaniaz, eta bat gaztelaniaz. Arabako lan hau ezagututa, beste lurralde batzuetan ere erakutsi dute antzekorik egiteko interesa.
Gasteizentrismoa pairatu behar izaten dute Arabako gainerako herrietan maiz. Baina proiektu honetan kuadrilla guztietara jotzen ari dira –Mendialdea eta Añana dituzte egiteke, baina bidean doaz–, eta bakoitzaren idiosinkrasiarekin egin dute topo. Arabako Errioxarena ekarri du hizpidera Martinez de Lunak: "Harrigarria da, hor zerotik ez, zero azpitik abiatu ziren, eta hango lekukotzak deigarriak eta hunkigarriak dira. Eskerrak Gasteizko eta Aguraingo pertsona batzuk aritu ziren herrialde osoan zehar euskalduntze dinamikak bultzatzen. Holakoei entzunda harrituta gelditzen zara. Eta, begira, pare bat datu Arabako Errioxakoak: Lapuebla de Labarcan eskola bakarra dago, D ereduko ikastola bat; edo Oiongo alkatea Cadizen jaioa da eta euskaldundua. Hark kontatu zigun udaleko bilera bat edo beste euskara hutsez egin dutela".
Herrialde bat biziberritzeari lotua
Lazkanok adierazi du zenbait adituri entzuna. Araban gertatu den euskararen biziberritzeak ez dauka parekorik ez Euskal Herrian, ez munduan: "Iñaki Iurrebasok dio 1981. urtetik hona ezagutza %4tik %30era igaro dela. Euskal Herriko beste herri eta lurralde batzuetan ere gertatu da, baina Araban, Aramaio aldea-eta salbuetsita, lurralde osoan gertatu da. Ildo beretik, Txerra Rodriguezek ere Argia aldizkarian argitaratu zuen artikulu bat, Araba mundu mailako biziberritze eredu bat, non Arabako zenbait datu eta proiektu euskaltzaleren berri ematen baitzuen argazki mapa batean. Gero aztertu beharko da faktore bakoitza: ofizialtasuna, herrigintza, hezkuntza… Baina, itxura guztien arabera, desagertu behar zen hizkuntza bat ez zen desagertu, biziberritzen hasi zen, eta hori ikertzekoa eta azpimarratzekoa da".
Iciarrek jarraitu du: "Guk bagenuen hipotesi bat: Araban bazirela zenbait faktore berezko, biziberritze hori bestela ez bailitzateke gertatuko. EBAren helburuetako bat hori da, azterketa soziolinguistiko horretan laguntzea. Nolako euskaldunak ziren euskarari bultzada eman zioten pertsona haiek? Euskararik gabeko euskaltzaleak, umeek ikastoletan ikas zezaten borroka egin zuten guraso erdaldunak, abertzaletasunaren papera…".

Eta Martinez de Lunak bukatu du: "Azpimarragarria da lekukotza askotan agertzen dena: Jo, ba ez nekien hizkuntza hori existitzen zenik!". Lazkanok eta Iciarrek berretsi dute egun euskaldunak diren arabar askok gaztarora arte ez zutela jakin euskara bazenik ere, eta hizkuntza hura lehenengoz entzun zutenean izan zuten harridura.
Martinez de Lunak kontatu du lekukotzen artean ageri dela nola pertsona abertzale batzuek ere ez zuten euskara beharrezko ikusten, eta gogoratu du UAren fenomenoa 90. hamarkadan, eta euskararen kontra zuten jarrera, eta botoetako arrakasta. "Finean, hizkuntza bat oso-oso arrotza izatetik, Arabako hizkuntza bat izatera igaro da, naturalizazio bat gertatu da euskararekin", bukatu du.
Katea ez zen erabat eten
EBA proiektua momentuz 1960-70 hamarkadei lotzen bazaie ere [hurrengo belaunaldietan sakontzeko asmoa badago], Araban inoiz guztiz eten ez den kate bat izan da euskara biziberritzearena. Lazkanok gogorarazi du –EBAren esparrutik kanpo bada ere– altxamendu frankistak eragin zuela neurri handi batean 60-70 hamarkadetan euskararekiko arroztasun hura: "Gerra aurretik Gasteizen eta Araban baziren euskaltzaleak eta baita euskararen aldeko mugimendu bat ere. Are, XVIII. mendetik egon zen Araban euskararen galeraren pertzepzio bat hainbat historialariren eta kulturgileren aldetik". Iciarrek berretsi du: "Topatu duguna da Araban beti egon direla pertsonak euskararen galerarekin kezkaturik, eta hura berreskuratzeari emanak, ez Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorrita, baizik eta euskara Arabako hizkuntza dela aldarrikatu duten arabarrak (Odon Apraiz, kasu), eta 1960-70ean itzuli zen indarrez gogo hura".
Lekukotzak
"Askok gogoa aipatzen dute, ez zuten ikasteagatik ikasten, erabili nahi zuten, eta ikasi ahala erabiltzen zuten", jarraitu du Martinez de Lunak. Arabak badu beste berezitasun bat: Gasteizek herrialdean duen pisua. Zentzu horretan, Iciarrek nabarmendu du Arabako Euskararen Biziberritzearen fokua oso urbanoa izan dela, baina aldi berean, Gasteiztik herrietarako ardura ere bazegoela, eta gainerako Euskal Herriko esperientziekin lotu zela. "Oso kulturala ere bazen –gaineratu du– batzuek aipatzen dute nola euskaraz kantatzen zuten, hasieran abestien letrek zer esan nahi zuten jakin gabe, baina euskal sena zuten, eta dantzatu behar bazen edo mendira joan, ba mendira!".
Lazkanok beste herrialde batzuetatik Arabara heldutakoak ere gogoan hartu ditu: "Motibo ezberdinengatik heldu ziren, baina ezagutu zuten hemen euskara ikasteko zeuden ilusioa eta gogoa, eta bat egin zuten horrekin. Halako pertsona asko daude eta euren lekukotzak ere jaso ditugu".
Iciarrek jarraitu du: "Haiek harrituta gelditu ziren ikusita hemen zenbat jende zegoen euskara ikasteko gogoz. Eztanda egin zuen Arabako euskal sen horrek, lozorroan zegoenak", eta Martinez de Lunak bukatu: "Esaten zuten euskaldun sentitzen zirela, baina zerbait falta zitzaiela, eta euskara ezagutzean, hori zela ohartu ziren".
Iñaki Lazkanok irribarretsu nabarmendu duen moduan, itxaropena dute hurrengo belaunaldietan, unibertsitateko ikasle eta abarrengan. Dagoeneko, gertatzen ari da, Iñigo Beitiak, esaterako, Aguraingo euskararen bilakaera eta biziberritzea ikertu ditu. Irati Iciarrek osatu du: "Hitz gakoa biziberritzea da, ez gara euskararen historiari buruz ari, biziberritzeari buruz baizik. Jon Martinezek ere jorratu du gaia, esaterako, baina, oro har, gutxi ikertu da".
Martinez de Lunak ere ekarri du hizpidera Leire Martinez de Gereñu EHUko irakaslearen bi ikaslek euren MAL/GRALeko lanen bitartez jo dutela EBAra: "Garrantzitsua da kezka honek eremu akademikora jauzi egitea, hortik gero beste esparru batzuetara hedatu dadin. Kontua ez da entziklopedia bat edo artxibo historiko bat sortzea, baizik eta material hau ikertzaileen esku jartzea, eta gazte belaunaldiei orduko transmisioa egitea. Garrantzitsua da ezagutzea nolako dinamikak egiten ziren, nolako pertsonak ziren, ze egoera zegoen, arriskuak, Polizia...". Iciarrek jarraitu du esanez Euskararen biziberritze prozesua herri ekimena izan zela: "Administrazioa euskarara heldu aurretik, pertsona hauek ekin zioten, historia polita da eta aitortza merezi du".
Martinez de Lunak azpimarratu du erronka dela gazte belaunaldiei transmisioa nola egin: "Harremanetan gaude hainbat eragilerekin unitate didaktikoak eta abar sortzeko. Ez dakizu nola eta noiz sortuko den gai honekiko txinparta".