PSE-EEren Arabako hautagaiaren esanetan, bi eredu baino ez daude aukeran, eta PPren eta Voxen "lotsaren ituna" gelditzeko modu bakarra Alderdi Sozialistari botoa ematea da. Etxebizitza ongizate estatuaren bosgarren zutabe gisa finkatzea, zerbitzu publikoak babestea eta lan eskubideak zabaltzea jarri ditu kanpainaren erdigunean.
Nola hartu duzu hautagaitzaren erronka?
Erantzukizun handiz eta gogo biziz. Une erabakigarria da; ez dago Alderdi Sozialista soilik jokoan, Arabako, Euskadiko eta Espainiako gehiengo soziala baizik. Oraina eta etorkizuna jokatzen ditugun hauteskunde hauetan bi eredu baino ez daude: PP eta Voxena, edo Alderdi Sozialistak ordezkatzen duena.
Zaila al da Arabako gaiez hitz egitea kanpainan Espainia mailako blokeen arteko lehia denean ardatza?
Lurralde osoa zeharkatzen ari gara elkarteekin eta herritarrekin hitz egiteko. Arabako gaiez hitz egitea pentsioez, gutxieneko soldataz eta zerbitzu publikoak indartzeaz hitz egitea ere bada. Gobernu sozialistari esker, lanbide arteko gutxieneko soldata 735 eurotik 1.286 eurora igo da 14 ordainsaritan; 78.880 euskal pentsiodunen pentsioak KPIaren arabera eguneratu dira; eta lan erreformak 2019an baino %174 kontratu mugagabe gehiago ekarri ditu. Horrek zuzenean eragiten die arabar guztiei.
"Hauteskunde hauek erabakigarriak dira; gizartearen gehiengo baten etorkizuna dago jokoan"
Zein duzue kanpainan lehentasuna?
Lehenik eta behin, gehiengo sozialarentzat jokoan dagoena eta zerbitzu publikoen indartzea daude. Oso larria iruditzen zait PPk eta Voxek Trumpen politikei egiten dieten jarraipena. Pedro Sanchezek planto egin zion defentsa gastua %5era igotzeko exijentziari, Espainian 50.000 milioi euroko gastua ekarriko lukeena, eta hori eskuinak ez du kontatzen. Horrek guztiak eragina du Espainiako Gobernuak Araban egin beharreko apustuetan: gure industrian, azpiegituretan, zerbitzu publikoetan eta mendekotasunean.
Autokritikarik egin behar al du PSOEk azken urteotako kudeaketaren inguruan?
Beti hobetu daiteke, eta horregatik bilatzen dugu Kongresuan gehiengo aurrerakoia zabaltzea, urrunago iristeko. Deialdi hau Kongresuak etxebizitza dekretuak atzera bota izanaren ondorio zuzena da; dekretu horiek funtsezkoak ziren herritarren kezka nagusiari erantzuteko. Etxebizitzak ongizate estatuaren bosgarren zutabea izan beharko luke, eta eskubideetan aurrera egiten jarraitzeko, gehiago egiteko, dei egiten diogu ezker osoari gehiengo hori handitzeko.
Zer esan nahi du zehazki etxebizitzan "gehiago egiteak"?
Ez dago errezeta magikorik gai honetan, eta neurri bakar batekin konponduko dela dioenak gezurra dio. Administrazio guztien koordinazioa behar da: Espainiako Gobernuak 2023ko legea sustatu zuen, Eusko Jaurlaritzak premiazko neurrien legea onartu du, udalek lurzoruaren eskumenak dituzte, eta aldundien kasuan fiskalitateak ere ekarpena egin behar du. Hemen ere bi eredu daude: arazoa merkatuak bere kabuz konponduko duela uste dutenena, alegia PP eta Vox, eta etxebizitza publiko gehiago eraiki eta hobeto arautu behar dela sinesten dugunona.
Araban etxebizitza hutsak dira arazoetako bat. Zer formula proposatzen duzue?
Gasteizen, Arabako biztanleria gehiena biltzen den hirian, eremu tentsionatu izendapenak emaitzak eman ditu: batez besteko prezioak jaitsi dira eta inoiz baino alokairu kontratu gehiago sinatu dira. Bide horretan sakontzeko, etxebizitza hutsei eta pisu turistikoei gainkarga ezartzea babesten dugu. Turismo sailburu izan nintzenean, Malaga edo Madrilgo egoerara iritsi aurretik hartu genituen neurriak, eta eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan pisu turistiko berriak irekitzea debekatu genuen. Logika hutsa da.
Immigrazioaren kudeaketa egokia egin al da, Ceuta edo Hierroko egoerak ikusita?
Immigrazio irregularraren datuek behera egin dute azken urteotan. PSOEren jarrera argia da: giza eskubideen defentsa eta legez kanpoko immigrazioaren aurkako borroka, eskuin muturraren diskurtso demagogikoen aurrean. Ikuspegi etikoaz gain, errealitateari begiratu behar zaio: Espainiako ekonomia %2,7 hazten ari da, Euroguneko batez bestekoaren eta Frantzia, Italia edo Alemaniaren gainetik, trantsizio energetikoari esker eta gure herrialdea eraikitzera datozen etorkinen ekarpenari esker. Araba harrera lurraldea izan da beti, eta enpresaburuek ere esaten digute eskulan hori behar dugula, betiere legeak betez.
Europan, aldiz, Ruandan deportazio zentroak jartzeaz hitz egiten ari dira...
Herrialde jakin batzuen proposamen mugatua da. Espainiako Gobernuak eta Pedro Sanchezek nazioarteko aitortza dute: lehena izan zen Gazako genozidioa salatzen, NATOren gastu militarra neurriz gain handitzeari aurre egin dio, eta Europako funtsen bidez 2011ko krisitik oso bestelako irteera bultzatu du; gogoan izan Mariano Rajoyren murrizketak eta austerizidioa. Europa gehiagoren alde egiten jarraitu behar dugu.
"Arabako gaiez hitz egitea pentsioez eta zerbitzu publikoak indartzeaz hitz egitea ere bada"
Hauteskundeen osteko akordioei begira, nolakoa da harremana EH Bildurekin? Gobernu bazkide izan daiteke?
PSOEren ibilbide orria argia da: neurri zehatzetarako akordio puntualetara irits gaitezke, baina ez dugu gobernu itunik aurreikusten. EH Bildu alderdi plurala iruditzen zait, baina oraindik eman ez dituen pausoak eman behar ditu, eta oraindik gertatu ez den belaunaldi aldaketa bat egin behar du bere zuzendaritzan; Europako politikan ez dago berritu gabe hainbeste luzatu den beste adibiderik.
Zer tarte dago EAJren babesari eusteko, azken asteotan harremanak gogortu direla ikusita?
Ez zait beste alderdiez hitz egitea gustatzen. Guk argi dugu gure apustua: PP eta Vox gelditzeko modurik onena PSOEri bitartekaririk gabe botoa ematea da.
Sinesten al dituzu inkestak?
Hemeroteka hor dago: 2023an PSOE gutxietsi zuten, eta aurreikusitakoa baino emaitza hobea lortu genuen.