Kanpainan EAJ hirugarren alternatiba dela diozue. EAJ ez dela ez ezker ez eskuin...
Hala da. Hauteskunde hauetan bi lehentasun daude. Batetik, Vox geldiaraztea; bestetik, Euskadiren eta gure autogobernuaren defentsa egitea. Vox geldiarazteko bi modu daude: Estatu mailako ezker bloke batetik edo Euskadiren eta gure autogobernuaren ikuspegitik. Biak baliozkoak dira, baina ez dira baliokideak. EH Bilduk aukeratu du Estatu mailan ematen den ezkerreko blokea gizentzea, eta guk euskal herritarren defentsa egitea, kontuan izanda autogobernua izan daitekeela antidotorik eraginkorrena Vox geldiarazteko.
Balizko gobernu hori gauzatuko balitz, Vox barruan izanda, negoziatu beharko zenukete. PPrekin bai, baina Voxekin ez? Nola jorratuko duzue hori?
Orain PPk Voxekin akordioa egin du Gipuzkoan Senaturako hautagairik ez aurkezten. Beraz, une honetan PPri botoa ematea Voxi botoa ematea da, baita Euskadin ere. Aho txikiarekin bazen ere, beste garai batean PPk foralismoa eta kontzertu ekonomikoa babesten zituen. Orain, berriz, kanpaina batera egiten dute. Gipuzkoan bertan [PPko idazkari nagusi Miguel] Tellado jaunak eskatu zuen botoa Vox alderdiarentzat eta, beraz, biak berdina dira. PP eta Voxen arteko gobernua eratuz gero, euskal gizarteak erabaki beharko du norengan jartzen duen konfiantza gure bizimodua eta erakundeak defendatzeko. EAJn uste dugu gure autogobernua hobekien defendatu duena dela etxe hori eraiki, zaindu eta babestu duena azken hamarkadetan: gure alderdia. Euskal gizartearen gehiengo batentzat EAJ da aukera baliagarriena, Vox geldiarazteko, Euskadiren eta euskal herritarren defentsa egiteko.
"Arana auzoko makrozentroak eman dezakeen arretarekin ez da integrazioa bermatzen"
EAJ beherantz aurreikusten dute inkestek. Gorka Urtaran soziologoak nola ikusten ditu datu horiek?
Inkestak beti inkesta dira. Benetako inkesta, dakizun bezala, hauteskundeko emaitzak dira. Badira Estatu mailan egiten direnak, oso lagin motzak dituztenak, eta ez dira oso baliagarriak. Beste batzuk, bai. Soziometroa argitaratu zenean, adibidez, lagin potentea da. Bestetik, kontuan izan behar dugu oraindik badagoela ez daki/ez du erantzuten tarte horretan %40 bat. Horrek esan nahi du gauzak desberdinak izan daitezkeela. Halere, inkesta horretan agertzen den moduan, lehentasuna baldin bada eramatea alderdi bat euskal interesak defendatuko dituena, eta hori baldin bada nagusiki EAJ, uste dugu datozen asteetan izango dugula aukera gogoratzeko alternatibarik eraginkorrena EAJ dela. Ekaitz garaietan inork ez dio uzten ontziaren lema igo berri denari, ontzia eraiki duenari eta beti portu onera eraman duenari baizik.
Alderdiak beti saiatzen dira beren espektro soziologikoaren mugetan botoak eskuratzen. Zuen kasuan, subiranotasunetik, EH Bildu duzue lehiakide. Gobernu esperientziatik edo arlo sozialetik, PSE. EAJk zer die eskaintzeko boto emaile horiei?
Giro politikoa eta hauteskunde hauek ere nahiko polarizatuta daude. Badirudi dena murriztu dela zurira edo beltzera, baina gu ez gatoz bat ikuspegi horrekin. Ezkerra edo eskuina. Irakurketa hori oso estatala da. Hori da EH Bildu egiten ari den irakurketa, gure nortasuna kontuan hartu gabe. Niretzat hori akats bat da. Vox geldiaraztea lortuko bazenu ere, bloke baterako lanean zaude, eta ez Euskadirentzat. Alderdi Sozialistak, bestetik, akats asko egin ditu azken urteetan. Bereziki larria da autokritika nahikoa egin ez izana bere ustelkeria kasuen aurrean. Aurrekonturik ez du aurkeztu, eta migrazioaren kudeaketa ez da oso ona izan: Ceuta da horren adibide. Marokorekin duen abegikortasuna benetan salagarria da... Eta Alderdi Popularrari dagokionez, badugu ere zer eskaini. Aurretik esan bezala, PPk bere foraltasuna galdu du, eta hor ere egongo dira pertsonak hori berreskuratu nahi dutenak. Horretarako dago EAJ ere.
Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak delitugileen jatorria aipatzeko erabakia hartu du. Berriro Gasteizko alkate izango bazina, Udaltzaingoak datu hori aipatuko luke?
Ez dut uste arazorik izango nukeenik horrelako informazio bat emateko, baina ezin dugu lotu inola ere ez migrazioa delinkuentziarekin. Bestela ultraeskuinari aukera emango diogu bere diskurtsoa zabaltzeko. Arazoa ez da datu hori ematea, migrazio politikaren inguruan estrategia oso bat ez izatea baizik. Guk aldarrikatzen dugu migrazioari buruzko estrategia oso bat, eta eskumen hori Euskadin egon beharko zela. Harrera herri bat gara, integrazioaren aldekoa. Baina ikusita zer nolako dimentsioa hartu duen migrazioaren fenomenoak, beharrezkoa da planifikazio bat, eta migrazio hori ordenatua izatea. Eskubideekin, eta baita betebeharrekin ere. Erantzunkidetasunetik.
"Badirudi dena murriztu dela zurira edo beltzera, baina gu ez gatoz bat ikuspegi horrekin"
Migrazioa aipatuta, errefuxiatuentzako Arana zentroaren kontrako jarrera azaldu duzue. Zergatik?
Aurreikusita zeuden hau bezalako zentro gehienak ez dira egin, agian salbuespenen batekin. Baina Vitoria-Gasteizkoak jarraitzen du, hemengo tokiko administrazioak ez duelako izan lidergo nahikorik hori ekiditeko. Gurea harrera herria da, integrazioaren aldekoa. Elkartasuna, askatasuna, berdintasuna dira gure printzipio demokratiko nagusiak. Baina, hori esanda, oraindik ez dakigu zentroak izango duen kudeaketa eredua; ez dakigu nola jorratu nahi duten bertako arreta, ezta zer nolako koordinazioa izango duten tokiko administrazioekin. Ez dakigu zein izango den artatuko dituzten pertsonen profila, ezta zenbat etorriko diren. Orain diote askoz jota 120 pertsona etorriko direla, baina baita behar izatekotan zentroak duen gaitasun osoa —350 plaza— erabiliko dutela. Horrelako makrozentro batek ematen duen arretarekin ez dira bermatzen pertsona horien autonomia eta integrazioa. Gugatik bada, Arana ez da irekiko. Euskal ereduaren alde egiten dugu: zentro txikiagoak, etxeen parekoak, askoz jota 15 edo 20 pertsonarekin. Arreta indibidualizatuagoarekin, bertan daudenak ateratzen direnean beren bizitza ongizate batekin egin ahal izateko.