Kanpainaren aurkezpenean esan duzue Espainiak "berriro funtzionatu dezan" lortu nahi duzuela. Zertan ez du funtzionatzen, ba?
Arlo askotan aldaketak egin behar dira. Makroekonomiaz hitz egin behar da, baina horrek pertsonen bizitzan isla izan behar du. Kanpo eta barne faktore asko tartean egon dira, baina gobernuak egokitu behar du baldintza horietara: azken zortzi urteetan erosketen prezioak gehiegi garestitu dira, etxebizitzaren arazoak neurri urgenteak behar ditu; hartu diren neurrietatik desberdinak direnak, hain zuzen. Ulertu dezakegu neurri horiek borondate onez hartu direla, baina ezin da bizi asmo onez. Espainia osoan garestitu da etxebizitza, baita tentsio handiko eskualdeetan ere. Neurri fiskalak behar dira prezioen gorakada arintzeko, eta neurri fiskal horiekin, pizgarriekin, autonomoen lana lagundu behar da. Neurri transbertsalak behar dira.
Zerga bidezko diru sarrerak gutxitzean, Estatuak gutxiago gastatu beharko du. Zer alorretan planteatzen duzue gastuak murriztea?
Zergak jaisteak ez du beti eragiten diru sarrerak gutxitzea. Adibidez, zenbait udalek etxebizitzak eraiki daitezen sustatu aldera pizgarri oso indartsuak ezarri dituzte zenbait tasatan, eta horrek ekarri du etxebizitzak eraikitzeko inbertsio gehiago edo industrialdeetan jarduera ekonomiko gehiago. Eta horrek eragin du, gainera, epe erdi edo luzerako beste hainbat tasaren bidezko diru sarrerak igotzea. Urtero kobratzen diren ondasun higiezinen gaineko zergak, esate baterako.
Gobernu zentralak Araba ahaztu duela diozue. Zer arlotan?
Oso adibide adierazgarria jarriko dugu: Abiadura Handiko Trenaren etorrera. 2018an PPren gobernu batek inbertsioen kronograma bat egin zuen horretarako, baina ikusten ari gara orain bazterrak nahasten ari direla etengabean: aire zabalera edo lurperatura, Ezkiotik edo Gasteiztik... titularrez harago, ez dira erabaki ausartak hartzen ari. Gasteiztik pasatzea eta lurperatura joatea logika eta ingurumen zein ekonomia jasangarritasun kontua da. Etorkizuna, halabeharrez, mugikortasun jasangarriaren bidetik dator, eta hor trenak garrantzi handia du.
Mañuetan bezala, Bastidan idazkun frankista bat egongo balitz, Dani Garcia alkateak zer egingo luke?
Bastidan ez zen titularrik sortzeko aukerarik egongo: Bastidan legea aplikatuko litzateke. Ez diot Mañuetan egin ez dutenik, baina egia da egin diren zenbait jarduerak polemika sortu dutela. Baina sinetsita nago legeak ezartzen dituen baldintzetan kenduko dutela idazkuna. Eta esaten dizudan hau ez da hitzontzikeria hutsa. Bastidan diktadura eta errepresio frankistaren biktimei egindako omenaldietan parte hartu dut, bai alkate gisa zein oposizioan egon naizenean. Bidezkoa da instituzioek zein gizarte zibilak horrelako omenaldiak egitea. Normaltasun osoz egin behar da, eta ona da alderdi politiko guztiak ekuazio berean egotea. Inork bereganatu ez dezala, eta inork bere burua kanpo utzi ez dezala.
Voxekin egindako akordio baten ondorioz, senaturako PPren hautagai bakarra zara Araban, eta Gipuzkoan ez duzue inor aurkeztu. Senatua eta autonomiak kentzeko eta udalak erdira murrizteko eskatzen du Voxek. Haiekin gobernua eratzekotan marra gorriren bat jarriko zenuke?
Ni oso konstituzionalista naiz, eta marko horretan oso eroso sentitzen naiz. Konstituzioak dio Espainian bi ganbera daudela, eta erkidego autonomoez osatutako estatua dela, eta, horren barruan, Euskadi eta Nafarroa foraltasun marko batean daude. Ni oso harro nago Alderdi Popularrean egoteaz, batere konplexurik gabe beti babestu dituelako foraltasuna eta lurralde historikoak. PPk jartzen dituen muga gorriak izateaz gain, konstituzioaren markoaz ari gara. Voxek hori izan dezake bere programan, baina batera gobernatzen ari da zenbait erkidegotan.
"PPk beti babestu ditu foraltasuna eta lurralde historikoak, batere konplexurik gabe"
PPk immigrazioari buruzko diskurtsoa gogortu du. Gasteizen, Iñaki Garcia Calvok delitugileak "kanporatzeko" kontzeptuarekin jokatu du, oso argi utzi gabe legalki zertan oinarrituko lukeen horrelako neurri bat...
Eztabaida hauek normaltasunez eman behar dira, horretaz hitz egin nahi duenari xenofobia edo arrazakeria leporatu gabe. Egongo dira eztabaida hau horretarako erabili nahiko dutenak, baina ez da PPren kasua. Ezin dena gertatu da Ceuta edo Kanarietan gertatzen ari dena. Kontua ez da soilik Espainia ez dagoela prestatuta ongizate estatu bat modu mugagabean pertsona kopuru mugagabe bati beharrezko baldintzetan eskaintzeko. Dagoen dei efektuak bizitza asko arriskuan jartzen ditu itsasoan. PPk ez du "kanporatzea" proposatzen, Danimarkako gobernu sozialdemokrata egiten ari dena egitea baizik: 22 lehen ministrorekin batera Pedro Sanchezi eskatzea migrazio politikaren ordenatze bat. Ez da immigrazioari ezetza, lan egitera eta integratzera etorri nahi dutenei emandako baietza baizik.
"Ordenazioaz" hitz egin didazu, baina ez segurtasuna eta immigrazioa lotzeko erabaki horri buruz...
Jaurlaritzak eta EAJk berak sustatu dute delituak egiten dituztenen jatorriaren gaineko gardentasuna indartzea. Horrek balio behar du ikusteko zein den errealitatea. Ez da horrenbeste nazionalitatea ikustea, baizik eta delituak egiten dituztenek dauzkaten ezaugarri komunak ezagutzea. Delituak egiten dituztenak gehienetan oso baliabide gutxiko pertsonak dira, eta horretara jotzen dute zerbait jan ahal izateko. Administrazioak ezin ditu bere gain hartu milaka pertsona, zerbitzu sozialen aldetik erantzun egokia eman ahal izateko, baliabideak urriak direlako.
Senatari aukeratua izanez gero, zeintzuk lirateke zure lehen ekimenak?
Denok gaude alderdi dinamika batzuen menpe, noski; baina gustatuko litzaidake senatua hartzea lurralde ordezkaritzako ganbara gisa. Bereziki Arabako Errioxak dituen eskaera ugari eta nekazarien egoeraren gaineko kontuak eraman nahiko nituzke, lan eginez Espainia osoan horrelako egoerak eman ez daitezen.