Garbiñe Ruiz (Podemos)

"Eskuinari aurre egiteko, proiektuak eta aldaketa gogoa funtsezkoak dira"

Promesak egin eta ez betetzearen aurrean, "koherentzia" aldarrikatu du. ERLANTZ ANDA

Gasteizko Udaleko zinegotzi lanekin jarraitu bitartean, Espainiako hauteskunde orokorretan Podemosen zerrendaburua da Garbiñe Ruiz. 

Kanpaina honetan Podemosek dituen zailtasunak onartu ditu Garbiñe Ruizek (Gasteiz, 1983), hedabide publikoetan tarte eta oihartzun txikiagoa dutela gogoraraziz, baina proiektua defendatzeko indarrez dabilela nabarmendu du. Ezkerreko eremuaren zatiketaz hitz egin du, etxebizitza larrialdiaz, zerbitzu publikoen egoeraz eta faxismoaren gorakadaz.

Gasteizen zinegotzi zarela, zergatik erabaki duzu orain salto hori egitea?

Podemos alderdi handia izan arren, beste alderdi guztiei gertatzen zaien bezala, ez gara asko aurrerapausoa ematen dugunok. Agian ez da aproposena, baina batzuetan pausoa eman beharra dago, eta gogoz egiten dugu; konfiantzarekin, uste dugulako proiektu honek merezi duela eta aurrera egin behar duela.

Hauteskunde hauetan ezkerreko eremuaren zatiketa nabarmen ikusi dugu. Zerk bereizten du Podemos ezkerreko beste indarretatik?

Podemosek bere nortasun propioa du: proiektu bat aurkezten dugu, eta kalean nahiz erakundeetan berdin defendatzen ditugu gaiak. Hori ezin dezakete denek esan. Guretzat pena izan da, egia esan, denok batera ez joatea, uste baitugu elkarlanak gehitu egiten duela, eta gure ikurretako bat izan delako hori, baina ezin izan da, nahiz eta zenbait alderdirekin akordioak lortu ditugun. Beste alderdi batzuek nahiago izan dute Senatura joateko PSOErekin elkartu, eta gure ustez garrantzitsua da distantzia mantentzea, independentzia mantentzea; erabaki horren aurrean, nahiago izan dugu gure proiektua babestu eta zaintzea, eta ez eserlekuak lehenestea.

Edukietan, batzuen eta besteen artean, alde nabarmenik al dago?

Parekotasunak izan daitezke, baina uste dut jendea konturatu dela gu erakundeetara heltzen garenean hori bera eskatzen dugula. Ez daukagu arazorik esateko funts putreei etxeak desjabetu behar dizkiegula jendeak bizitzeko aukera izan dezan. Oso erraza da esatea etxebizitza arazo bat dela eta lehentasun bat dela, eta gero ezer ez egitea. Guk badakigu zeintzuk diren gure marrak eta lan egiteko moduak; kalean eta erakundeetan gauza bera aldarrikatuko dugu.

"Eserlekuak lehenetsi beharrean, gure proiektua babestea eta zaindu ahal izatea aukeratu dugu"

Kanpainako karteletan Irene Montero da nagusi, eta alderdia bera ia ezkutuan...

Esan dute handigura kontua dela, baina ez du zerikusirik. Jendea nazkatuta dago politikarekin eta politikariekin, eta ondo ulertzen dut: botoa bakarrik eskatzen dugu lau urtean behin, jendeak entzun nahi duena esaten dugu, eta gero, erakundeetara iristean, dena da zaila, ezin da egin, eta egindako promesak alde batera geratzen dira. Horregatik iruditu zaigu garrantzitsua konfiantza pertsonengan jartzea: Irene, Garbiñe... gugan jartzea konfiantza. Mesfidantza hori saihesteko ezinbestekoa iruditu zaigu pertsonen aldeko apustua egitea. 

Inkesten arabera, ez duzue ordezkaririk izango Araban. Nolako balorazioa egiten duzue?

Azken legealdian ere ez dugu ordezkaririk izan. Inkestak ez dira onak guretzat, baina gogoratu behar dugu duela urte batzuk ez genuela egiturarik, ezta hedabide publikoetan egoteko aukerarik ere, eta hala ere hauteskundeak irabazi genituela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Espero dugu herritarrak ohartzea erraza dela promesak egitea eta gero ez betetzea; guk horretan arreta jartzen dugu. Kalean gaudenean, herritarrek gure proiektua oso beharrezkoa dela esaten digute. Inkestak aurkakoak izan arren, ez dugu amore emango, eta lanean jarraituko dugu gogor.

Zeintzuk dira, zure ustez, Arabatik Madrilera eraman beharreko lehentasunak?

Hiru ardatz nagusi ditugu: etxea, lana eta bakea. Etxebizitzari dagokionez, Gasteizen etxe hutsak eta funts putreen sarrera arazo bihurtu dira, Zabalgana auzoko ehun pisuko eraikin batean gertatzen ari den bezala. Lanari dagokionez, kezkaz ikusten dugu Arabako hainbat eskualdetako enpresen egoera, hala nola Tubos Reunidos edo Maderas de Llodio. Eta bakea ere dugu goiburu, gauza ñimiñoa eta urrutiko kontua eman dezakeen arren, garrantzitsua baita; gerretara bideratzen den dirua osasunera eta hezkuntzara bideratu behar da herritarren bizitza duinak bermatzeko.

"Bakea, etxea eta lana dira Madrilera eraman beharreko gure hiru lehentasun nagusiak"

Etxebizitzari dagokionez, zer neurri proposatzen duzue alokairuen garestitzeari aurre egiteko?

Alokairuak lege bidez jaitsi eta prezio iraunkorrak ezarri nahi dizkiegu maizterrei segurtasuna emateko, jabeek benetako beharra dutenean etxea berreskuratzeko aukera baztertu gabe. Horrez gain, beharrezkoa da jabe handien espekulazioa kontrolatzea, funts putreei etxebizitzarik ez saltzea eta, beharrezkoa den kasuetan, etxe horiek desjabetzea herritarrak bertan bizi daitezen.

Diskurtso faxistak gero eta normalizatuago daude hedabideetan eta sareetan...

Kezkatzekoa da prime time saioetan diskurtso matxistak, arrazistak eta faxistak ikustea, eta sare sozialetan halako mezuak gero eta gehiago zabaltzea. Baina, horretaz gain, asko kezkatzen gaitu hauteskunde hauetan ezkerraren zeregina soilik eskuinari eta eskuin muturrari aurre egitera mugatzeak; guretzat funtsezkoak dira proiektuak eta gauzak eraldatzeko gogoa, bestela, lehen zegoenera itzuli behar badugu, eskuinak irabaziko du. Egon daitezkeen arazoak konpontzen ez badira, alegia etxea bermatzen ez bada, bakea sendotzen ez bada eta lan baldintza duinak lortzen ez badira, eskuinak irabaziko du.

Azaroaren 25aren atarian, indarkeria matxistak egiturazko arazo bat izaten jarraitzen du. Nola baloratzen duzue erakundeetatik egiten den lana?

Erakundeek aurrerapauso handiak eman dituzte azken urteotan. Guk Irene dugu, Berdintasun ministro izandakoa, eta hark egindako lan handia nabarmendu behar dugu. Argi dugu erakunde indartsuak behar ditugula benetako pausoak emateko. Zentzu horretan, kritikatu egin dugu azken legealdian Berdintasun Ministerioa isilik egon izana, bazkideen beldur agian. Erakundeetako lanaz gain, noski, adi kalean gertatzen denari: oraindik emakume asko daude beldurragatik salaketarik jartzen ez dutenak. A25erako argi dugu lema: bakea bizitza libreak izateko, etxea indarkeria matxistatik kanpo berriro hasteko, eta lana emakumeok bizitza duinak izan ditzagun.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago