Jose Damian Garcia-Morenok (Toledo, 1980) ibilbide luzea du Arabako politikagintzan. Besteak beste, Arabako Batzar Nagusietan prokuradore eta mahaiko idazkari izandakoa da, eta ongizate sozialaren eta garapen ekonomikoaren batzordeetan aritu da. Gainera, Ezker Anitza-IUko koordinatzailea da.
Zein da Arabako gizarteari helarazten diozuen mezu nagusia? Zer aldatu nahi duzue Madrilen?
Lehenik, etxebizitzarako sarbidea aldatu nahi dugu; hau da, pertsona guztiek sarbide duin eta eskuragarri bat izatea. Kongresuan hainbat dekretu bultzatu ditugu, orain baliozkotzera eramaten direnean diputazio iraunkorrean aurrera atera beharko liratekeenak. Neurri zehatzagoen artean, lurraldean, Estatuak etxebizitzaren alorrean dituen baliabide urriak herritarren eskura jarri behar ditu; Betoñuko polizia etxeari buruz ari naiz, eta baita gobernu militarraz eta Olagibelez ere. Etxebizitza eskuragarriak behar ditugu jende gaztearentzat, egoera prekarioagoan dauden pertsonentzat edota larrialdiko egoerei aurre egiteko ere.
Zein da zuen balorazioa ezkerreko indarren artean egon den lankidetzaren inguruan?
Balorazio positiboa egiten dugu. Guztira hamabost erakunde gaude Fronte Zabalaren barruan. Araban, Ezker Anitzak, Sumar Mugimenduak, Berdeak eta Recortes Cerok osatzen dugu. Uste dugu premisa horren gainean herri batasun bat eraiki dela, eta zabaltzen jarraitu behar duela etxebizitza eta klase sindikatuekin aliantzak ehunduz. Zalantzarik gabe, bide horretan sakondu behar da, etxebizitzaren arazoa ardatz izango duen programa komun batekin.
Zein ekarpen zehatz egiten duzue hauteskunde hauetan Fronte Zabaletik?
Estatu osoan botoen %10 biltzea lortzen badugu (Araban, pixka bat gehiago izan behar du, %15 inguru) PPren eta Voxen gehiengo osoa saihestea lortuko dugu. Feijoo eta Abascal gobernutik kanpo utzi ahal izango ditugu. Hortaz, Fronte Zabala da gakoa.
Zein da foru esparrutik Kongresura eramango duzuen lehentasun sozial nagusia?
Lehenengo eta behin, funtsezkoa da mendekotasun legea, hornidura handiagoa eman behar zaie autonomia erkidegoei eta foru aldundiei, gai horri hobeto erantzuteko. Bestea, gutxieneko soldata igotzea da. Gutxieneko soldata igota, prekarizatuagoak dauden sektore askok, askotan emakumeak, etorkinak eta abar, oinarrizko beharrizanak hobeto estali ahal izango dituzte.
Zer neurri zehatz proposatu nahi dituzue Kongresutik etxebizitzarako eskubidea bermatzeko?
Alokairuak arautu nahi ditugu, prezioak izoztuz eta kontratuen luzapenak bermatuz. Eredu mugagabeagoetara jo behar dugu, Mari Carmenen bezalako kasuak eteteko; horrek estatu mailako legedia eskatzen du.
Gasteizko Araneko zentroaren harira, nola ikusten duzue pertsona etorkinen harrera Araban, eta zein eredu aldarrikatzen duzue?
Ez da gehien gustatzen zaigun eredua, zentro txikiagoak nahiago ditugulako. Baina errealitateari begira, adibidez, orain 6.000 pertsona iritsi dira El Hierrora, 12.000 biztanleko uharte batera. Migrazio fluxuei modu duinean erantzun behar zaie. Ulertu behar dugu inor ez dela ilegala, gure ekarpena eginez Estatuko leku guztietatik jendea laguntzeko.
Zein da Fronte Zabalaren jarrera AHTri dagokionez? Inbertsio hauek mantendu beharko lirateke ala beste eredu batera bideratu?
Gure eredua, plataforma sozialek planteatzen duten bezala, bideak 200-220 kilometro orduko abiaduretarako egokitzea da, abiadura oso onak baitira; eta elkarrekin bizitzea hurbileko zerbitzuak, distantzia erdikoak edo eskualdekoak, baita ibilbide luzekoak edo abiadura handiaren baliokideak ere, eta, noski, merkantzia trenak. Salgaien garraioa errepidetik trenbidera eraman behar da. Zentzu honetan, uko egiten diogu Gasteiz eta Iruñea arteko bide berri bat egiteari. Beharrezkoa da egungoa egokitzea eta indartzea.
Landa eremuak baditu erronka bereziak. Zein da zuen lehentasuna Arabako herrientzat?
Bertan duintasunez bizi eta lan egiteko aukera izatea nahi dugu. Landa eremuaren zaintza bermatu behar da, eta lurraldea kontuan hartzen ez duten makroproiekturik gabe. Adibibez, datuen makrozentroak, eguzki zentralak, zentral eolikoak... Labrazako eta Azazetako proiektuekin, esate baterako, erabat desados gaude. Kasu batzuetan Solaria iritsi da eta lurren titularrei eskaini dizkie nekazaritzan aritzen den pertsona batek ordaindu diezaiekeena baino askoz gehiago. Horrek landa eremuaren abandonatze handiagoa eragin dezake. Arabako landa eremuaren etorkizuna ziurtatu behar da, lurrerako sarbidea eta belaunaldi erreleboa bermatuz.
Muturreko alderdien gorakadari dagokionez, zer nolako erantzuna eman behar zaie diskurtso erreakzionarioei?
Jendearen janari kontuez hitz egin behar dugu. Bermatu behar ditugu etxebizitza duin baterako sarbidea, oinarrizko produktuek prezio eskuragarriak izatea eta zerbitzu sozialak, osasuna eta gainerakoak. Aurre egin behar diegu behekoak behekoen kontra jartzen dituzten diskurtsoei. Ultraeskuinekoak oso indartsuak dira ahulekin eta oso ahulak indartsuekin. Ez dute inoiz planteatzen aberatsek gehiago ordaintzea, guk planteatzen dugun bezala. Hori mahai gainean jarri behar dugu beti, horiei aurre egiteko modu bakarra da. Gobernuetan baldin bagaude, dudarik gabe, gauza hauek bermatu behar dira.
Madrilen egon daitezkeen gehiengo parlamentarioen aurrean, zein da zuen marra gorria?
Gure marra gorria argia da: gobernu bakar bat ere ez eskuinarekin eta eskuin muturrarekin, eta funtsezko gai hauek bermatu behar dira: etxebizitza, erosketa ahalmena, zerbitzu sozialak eta zerbitzu publikoak. Hemen ditugun eskumenek oso modu independentean lan egiteko aukera ematen digute Euskadin eta Nafarroan, baina hori bermatu egin behar dugu.
Zergatik bozkatu behar du jendeak Fronte Zabala?
Guk irabazten badugu, ez delako egongo eskuineko gobernu bat Madrilen. Orain lau eserleku daude Araban banatuta: PSE, EH Bildu, PP eta EAJ. Guk eserlekua lortzen badugu, PP edo EAJ kanpoan geratuko lirateke. Hortaz, boto erabakigarria Fronte Zabalaren aldeko botoa izango da.