Jabolo Sagastume

"Musika garaikidera aurreiritzirik gabe hurbiltzeko gonbita egiten diot jendeari"

Jabolo Sagastume, IAKn. EKAITZ ANDA

Musikaren eta abangoardiaren mugak astintzen jarraitzeko asmoz, hamaika kontzertu eskainiko ditu Bernaola Zikloak otsailaren 28ra bitartean. Jabolo Sagastume jaialdiko zuzendariak argi utzi duenez, musika garaikideko jaialdiak zutik jarraitzen du sorkuntzarekiko konpromisoari esker, nahiz eta gaur egungo kultur ekosistemaren finantzaketa eredua erronka neketsua izan.

Carmelo Bernaola musikagilea hil zenetik 25 urte betetzear direnean, haren izena daraman zikloak inoiz baino biziago jarraitzen du abangoardiaren ertzetan. Jabolo Sagastume (Gasteiz, 1974) jaialdiko zuzendariak gogoratu du nola mantentzen den bizirik erreferentziazko ekimen hau: arriskua hartzea zer den, entzulearen aurreiritziak haustea eta kulturaren finantzaketa sistema "perbertsoari" aurre egitea zer nolako ahalegina den.

Datorren urtean mende erdi beteko da Carmelo Bernaola hil zenetik.  

Eta hori ospatzeko programazio zertxobait berezia antolatuko dugu. 23 urte dira jaialdia hasi zenetik, baina jarduera gisa 40 urte baino gehiago dira saio elektroakustiko eta bestelakoekin...

Zer esango luke Bernaolak gaur egungo jaialdia ikusi balu?

Ziurrenik, oso harro egongo litzateke, argi eta garbi bere ondarea delako, besteak beste, bere ikasle izandakoak antolatzaile lanetan ibili direlako; tartean, urte askoan, gure Alfonso Garcia de la Torre maitea. Gauza asko oso kaxkarrak irudituko litzaizkioke, are gehiago ultrateknologietara egin dugun bidea ezagutu gabe, baina abangoardiako jaialdia garenez, edo hori da gure asmoa, eta gainera beti musika garaikideko klasiko handiei lekutxo bat egiten diegunez, uste dut gustatuko litzaiokeela.

Zer erantzun bilatu nahi duzue publikoaren aldetik?

Edozein abangoardiak entzulearen gogoeta bilatzen du. Garai ilunak dira hauek gogoetarako, eta musika garaikideak eta abangoardiek bide horretatik jo behar dutela uste dut. Musika garaikidera inongo aurreiritzirik eta baloraziorik gabe hurbiltzeko gonbita egiten diot jendeari, azken batean musika delako. Eta abangoardiako musika antolatzen duzunean askotan hanka sartzen duzu, noski. Bachen Si minorreko meza programatzen baduzu, badakizu ona izango dela. Konpositore gazte bati obra bat enkargatzen badiozu, agian zoragarria edo izugarri kaxkarra izango da. Baina musika garaikidean trebatuta ez dagoen publikoak beti asmatzen du zeintzuk diren lan onak; musikak funtzionatzen du ala ez, nahiko erraza da. Ez da ezer jakin behar, ez da hurbilpen berezirik behar.

Nabari duzu jaialdiak arrastoa utzi duela eta publiko prestatuago bat dagoela?

Bai, badago publiko leialago bat, bereizten dakiena. Baina urtero eta kontzertu guztietan jende berria ere gerturatzen da. Adibidez, jaialdiaren lehendabiziko kontzertuan, Trio Magadisekin, inoiz ikusi ez genuen jende asko zegoen. Eta programa luze eta gogorra zen, arreta eskatzen zuena. Inork ez zuen alde egin, kar-kar. Egia da, halaber, jaialdian mugarri handiak daudela, eta horrek bere publikoa duela; esaterako, Akusma, elektronika hutsa, argiak eta bozgorailuak dituen kontzertua. Leku bakoitzean egoki den hori eramaten saiatzen gara, eta, halaber, espazioak apurtu nahian ere, ohiko lekuetara espero ez diren bitxikeria horiek eramaten ditugu.

Hurrengo kontzertuen artean, nabarmenduko zenuke baten bat?

Zalantzarik gabe, Oktoecho gomendatuko nuke. Azaroaren 20an. Kanadiarrak dira, eta duela urte batzuk egon ziren gurekin. Kontzertua zoragarria izan zen. Oso berezia. Nahasketa bitxia egiten dute, jazza, folka eta garaikidea uztartuta. Gainera, aurten inuit ahots guturalak dituzten bi kantarirekin etorriko dira. Izugarria izango da. Montehermosoko ur biltegian izango da, eta nire buruan kontzertu ia mistiko eta magiko bezala irudikatzen dut, kar-kar. Proposamen interesgarri ugari dago.

Zu zuzendari zaren Dzast Ahotsak abesbatza ere izango da zikloan. Nolako esperientzia izaten ari da?

Garai ilunetan bizi gara, esan bezala, eta bereziki garai oso iluna da talde lanarentzat. Mundu neoliberal eta indibidualista honetan oso zaila da 30 pertsonako talde bat konprometituta eta militatzen mantentzea. Edozein alorretan, esango nuke. Baina afizionatuen abesbatza bat plazer hutsa eta dibertsioa da azkenean. Urtean programa bat muntatzen dugu, besterik ez. Normalean igandeetan entsegatzen dugu, eta otsailetik aurrera libre; gogoan dut garai batean astean lau egunean entsegatzen genuela, orain pentsaezina da erabat.

Eta errepertorioari dagokionez, zein erronka dituzue?

Euskal Herriko mundu koralean ohikoa ez den errepertorio bat bilatzeko ideiarekin jaio ginen, musika garaikidera hurbiltzeko asmoz. Egia da musika koral garaikidea oso zaila dela teknikoki, eta abesbatza afizionatu batentzat ez dela erraza. Kontzertuek berezko entitatea izatea gustatzen zaigu, hau da, hari gidari bat eta pentsamendu bat izatea, eta ez abestien zerrenda zentzugabe bat.

"Diru laguntza sistema pornografikoa eta perbertsoa da; ezinezkoa da epe luzera zerbait antolatzea"

Oraingo honetan zer prestatu duzue?

Kasu honetan, programa Montehermosoko ur biltegirako pentsatuta dago espresuki. Beraz, obrak reverb handia duen leku baterako pentsatuta daude. Gero programa antolatzean konturatu nintzen esku artean genituela antzinako hainbat obra konpositore garaikideek berrikusitakoak. Hau da, Bachen obra bat hartu, eta Bachen obra abesten da, baina gero eraldatu egiten da. Orduan, programa bi kontzeptu horien inguruan dabil biraka: erreberberazioarena eta eraldaketarena. Erreberberazioa soinu kontzeptu gisa ez ezik, munduan egoteko modu gisa ere bai, arrastoa uzten duen oihartzuna. Eta gero eraldaketa, horrek dakarren guztiarekin: bidea, aldaketa...

Eta, aldi berean, Jimmy Jazzeko soinu arduradun gisa jarraitzen duzu. Nolako erronka da hainbeste estilo ezberdinen soinua zaintzea?

Azkenean, teknikari izatea ez da zientzia aeroespazial bat. Benetan onak diren teknikariekin nabari den gauza bakarra da musika asko dakitela, eta musika asko entzuten dutela. Eta hori funtsezkoa iruditzen zait. Hau mila aldiz eztabaidatu dugu, baina ez da bonbo baten soinu zuzen bakarra existitzen; are gehiago, munduan bateria jole adina soinu daude bonboarentzat. Soinua musikala izan dadin, musika asko jakin behar da, eta musika asko entzun. Tira, bizitza osoan bakarrik metala egin baduzu, metaleko teknikari itzela izan zaitezke, gerta daiteke. Baina gaita bat edo zarrabete bat jartzen badizute, ez duzu jakingo zer egin horrekin.

Jimmy Jazzen soinu teknikaria izateaz gainera, Xoel Lopez moduko musikariekin ere teknikari aritzen da. EKAITZ ANDA

Eta urteotan nola aldatu da sektorea?   

Profesionalen kalitatean, profesionaltasunean, baldintzetan... dena aldatu da. Lehen jende asko gaizki bizi zen, eta orain baldintzak pixka bat hobeak dira, nahiz eta onenak ez izan. Jendeak gero eta gehiago daki. Agertokiak gudu zelai izatetik lankidetza sentsazio handiagoa izatera pasa dira; lehen liskarrak ohikoagoak ziren teknikariekin. Eta noski, maila teknologikoan: hogeita bost urtean iraultza erabatekoa bizi izan dugu, guztiz analogikotik adimen artifiziala duten ekipoetaraino.

Publikoak ere garrantzi handiagoa ematen dio orain soinuaren kalitateari?

Zuzenekoen exigentzia maila lehen baino askoz handiagoa da, bai. Nahiz eta gero jendeak musika telefono puta batean entzuten duen! Baina zuzenekoetan bai. Aurrekoan Cicatrizeko Paquillo-ri egindako omenaldia gogoratzen genuen, 1994an; han ibili ginen antolatzaile, eskutan genuen soinu ekipoa zein zen jakin gabe ere. Nolako soinua izango zen orduan, jainko maitea! Edo gaztetxean antolatzen genituenak. Ikaragarria! Asko aldatu da egoera, eta publikoa oso astuna da gainera soinuarekin. Ni beti saiatzen naiz esaten: kontuan izan behar dugu soinu nahasketa bat, alegia kontzertu hori nola entzuten den, teknikari horrek ulertzen duenaren araberako dela, eta ez duela zertan publiko guztiarekin bat egin, are gehiago, ezinezkoa da. Jendeak ulertu behar du hau nire iritzia dela, entzunarazteko dudan gaitasunen barruan. Ahotsa ez dela entzuten kontzertu honetan? Ba al dakizue John Lennonek gorroto zuela bere ahotsa eta beti nahasketetan baxuago egotea nahi zuela? Nire lana, funtsean, ia beti musikarientzat nahastea da. Eta amaieran berdin dio zein aldarte duzun, beti etorriko zaizu norbait kexatzera eta boloa zapuztera. Ahotsa ez dela entzun, bestea indartsuegi... Guk beti txantxa bera egiten dugu teknikariekin; soinu teknikaria arbitroa bezalako da, ez dezatela zutaz hitz egin, ez dadila zure izena inongo kronikatan atera, hori beti positiboa da.

Eta Gasteizko zuzeneko musikari erreparatuta? Nola aldatu da urteotan?

Zuzeneko musikari dagokionez, eszenatokian gertatzen dena eta publikoa bereiziko nuke. Egia esan, ez dakigu oso ondo Gasteizko taldeak non dauden; ziur existitzen direla, entsegu lokalak beteta daudelako, baina oso zaila da zehaztea zer talde dauden. 

"Soinu teknikaria arbitroa bezalakoa da; ez dezatela zutaz hitz egin, ez dadila zure izena inongo kronikatan atera"

Zer gertatu da hor?

Ez dakit, egia esan. Seguruenik areto txikien falta dago, taldeek jotzeko guneak izan ditzaten, baina... Agian Nafarroara begiratu behar dugu. Euskal Herrian agertu diren azken hamabost gauza interesgarrietatik hamasei Nafarroakoak dira; zerbait gertatzen ari da han, eta aztertu beharko litzateke zergatik. Ziurrenik laguntza instituzionalengatik, entsegu areto, sorkuntza, zuzeneko musika edo dena delakoetarako laguntzengatik. Eta ziur naiz Gasteizen norbait musika interesgarria egiten ariko dela, baina zaila da haiengana heltzea. Uste dut gogoeta bat egin beharko luketela erakunde publikoek zein pribatuek horren inguruan. Aldiz, publikoa egon badago, eta sarrerak saldu egiten dira.

Berriki Hell Doradoko Juan Uriartek aretoek dituzten zailtasunak aipatzen zituen 'Noticias'-en eginiko elkarrizketa batean...

Oso zaila da kontzertu areto bat mantentzea, batik bat, gaueko aisiari lotuta ez badoa. Gaueko kontsumoak mantentzen du aretoa, horrela izan behar ez lukeen arren. Baina hori da egoera, drama bat. Hori bakarrik bateragarria izango litzateke sarrerak izugarri garestitzearekin, eta horrek berriro eragingo lioke soil-soilik publikoari. Edo katxeen jaitsiera batek. Edo herrialde honetako kultura aurrekontuak duin samarrak balira. Musika jaialdietan ere ikus dezakegu hori: Bernaola Zikloa bera aurrekontu barregarri batekin egiten dugu. Eta eskerrak lan egiten dugunok debalde egiten dugun. Bestela, ezinezkoa litzateke. Eta kontuan hartuta laguntzak jasotzen dituela, e! Baina, noski, inguruko herrialdeetakoekin alderatzen dituzu eta... Oinarrizko gastuak eta ordaintzen ditugun katxe barregarriak ordaintzeko besterik ez du ematen. Eta hau bezala, hemen inguruan dauden jaialdi friki samar gehienak, e! Hau da, profesionalizatu nahi izan duten jaialdi guztiak bertan behera utzi dituzte, bideraezina delako, noski. Eta proiektu zoragarriak, arte eszenikoen Intacto modukoak. Kontua ez da dirua ez irabaztea, dirua jarri behar izaten dugula baizik.

Diru laguntza eskasak dira?

Diru laguntzen sistema bera pornografikoa eta perbertsoa da. Ezinezkoa da epe luzeko proiektu bat antolatzea. Erabat ezinezkoa da. Greta Garcia Johnsonen liburu batek -Solo quería bailar- ederki jasotzen du bizitakoa; dantzari garaikide baten istorioa kontatzen du, Andaluziako Juntara diru laguntza eskatzera joaten dena, eta kartzelan bukatzen duena. Oso identifikatuta sentitzen naiz, kar-kar! Benetan, oso neketsua da. Halako jaialdi bat antolatzeko egiten den ahaleginaren %98 diru laguntzetarako da, eta ez luke horrela izan behar. Zenbait herrialdek hurrengo bost urteetarako aurrekontu blindatua dute. Horrela bai, proiektu bat planteatu daiteke. Hemen hori pentsaezina da. Eta gero, noski, ez egin kritikarik, erakundeak boligrafo gorria duelako. Aldundiaren aurrekontuaren %80 gatibu da, jada gastatuta dago. Orduan, zein proiektu egingo dituzu? Ezinezkoa da. Aldiz, pabiloi bat egiteko 55 milioi euro ematea, eta gainera "denon onuragatik" dela esatea; aizu, barkatu,... 

Jaurlaritzak bi kontzertutan 300.000 euro gastatzeak zalaparta piztu du... 

Eta euskara sustatzeko dela esatea, gainera. Hori ez da egia. Normala da zalaparta, zifra hori bi kontzerturako ematea izugarrikeria bat da. Eta zerekin alderatzen duzun, are izugarriagoa. Jaurlaritzak 17.000 euro ematen dizkio Bernaolari, eta 18 kontzertu egiten ditugu, maila handiko artistekin. Ados, bere esparruan. Baina hori ere betiko eztabaida da. Kultura ezin da neurtu pisuaren arabera; hori gero eta gehiagotan azaldu behar izaten da. Kulturak gauza minoritarioen alde egin behar du, sarrerak salduko ez dituzten arren. Bestela ez genuke inoiz aurrera egingo. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago