Zerk eraman zaitu webgunea egitera?
Kirolaria izan naiz betidanik, baina iaz lesio bat izan nuen. Bada, horren ondorioz, errekuperazioari begira, Interneten informazioa biltzeari ekin nion. Orduan konturatu nintzen Interneten egiaztatu gabeko informazio asko dagoela. Askotan, produktuak saldu nahi dizkizuten orrialdeak dira, baina, errealitatean, gaiaren bueltan ez dago ezer interesgarririk. Hortaz, asmoa izan da nik kirolari gisa bizi izan ditudan gai guztiak web orrialde batean biltzea, eta gai bakoitza dagokion ikerketa erreferentziekin aurkeztea.
Informazio pila bat dago webgunean. Nola izan da sortze prozesua, bai teknikoki zein edukien aldetik?
Gimnasioa, futbola, areto futbola, atletismoa... bizitzan egin ditudan kiroletatik abiatu naiz. Adiskideek proposatutako gaiak ere badira. Hortik aurrera, informazioa bilatzeari ekiten diot, eta asko inplikatzen naiz. Gidak eta tresnak sortzea, webgunea egitea... horrek guztiak alor tekniko garrantzitsua eskatzen du. Hasieran konplikatua izan zen; farmazia ikaslea naizenez gero, ez nuen batere ezagutzarik arlo teknikoaz. SEO —web posizionamendua— kontzeptua argi nuen, agentzia batean lan egin dudalako, baina, webgune bat egiteko, batere ezagutzarik ez nuen. Udan ikastaro bat egin nuen, teknologia berriek asko lagundu didate. Baina dena zerotik hastea zaila izan da.
Lehen soilik enpresa handien esku zeuden proiektuak asko erraztu du AAk, ezta?
Bai, zoragarria da ikustea gaur egun dauden erraztasunak. Duela bi urte pentsaezina den ezagutza teknikorik gabeko pertsona batek horrelako proiektu bat egin ahal izatea. Baina, orain, ahalegin handiarekin ere, nahi izanez gero, proiektua aurrera ateratzeko moduan zaude.
Nolakoa izan da dokumentazio prozesua? Nola bereizten dira zientzia ebidentziak?
Farmazia karrerak asko lagundu nau. Egun osoan bibliografiarekin egonda, azkenean, praktikan bereizten duzu zer den egia. Adibidez, entseguetan eta, bereziki, pertsonetan probatutako gauzak dira fidagarrienak. Batez ere PubMed orrialdea oso baliagarria da. Egiaztatutako ikerketen orrialde bat da, medikuntzatik harago.
Batzuetan argudiatzen da "zientziak hau edo beste esaten" duela, duela hogei urte hamar parte hartzailerekin egindako ikerketa bakarra aipatuz...
Hala da. Ebidentziak aurkezteko parte hartzaile kopuru handiak erabili behar dira ezinbestean. 4.000 baino gehiago, adibidez. Ebidentziaren funtzionamendua ezagutu behar da. Horregatik lagungarria da nonbait jasota geratzea zer den egia eta zer gezurra. Are, ikerketa bat ez dagoenean, edota zerbait guztiz egiaztatuta ez dagoenean, irizpide praktikoa izeneko kontzeptua jartzen dut. Hots, hor aipatzen dut kirolari bezala nik edo beste batzuek dugun eskarmentua, baina %100ean egiaztatuta ez dagoena. Oso garrantzitsua iruditzen zait hori argi uztea.
Maila pertsonalean, zeintzuk dira arreta gehien eman dizutenak?
Badira bi oso adierazgarriak direnak. Muskulu biki bat igotzen zaizunean, edo karranpa ematen dizunean, oso ohikoa da baten batek esatea platano bat jatea. Neuri ere esan didate, biki bat igotzean. Oso zabalduta dagoen mitoa da. Platanoaren potasioak ordu erdira edo ordu betera egin dezake efektua, eta denbora tarte horretan karranpa pasa zaizu. Karranpa gehienbat muskuluaren ahalegin fisikoari lotuta dago, eta ez, horrenbeste, gatzei. Gomendagarria izan daiteke platanoa hartzea, baina, beti ere, partidua baino ordubete lehenago edo.
Bigarrena?
Luzaketak egiteak ez du lesiorik prebenitzen. Egin beharra dago, noski, kirol jardunean malgutasuna garrantzitsua delako, baina zenbait aldiz esaten da partida baten ondoren luzatu beharra dagoela? Luzatzea ez dago gaizki, noski, eta hori azpimarratu beharra dago. Baina benetan lesioak prebenitzen dituztenak indar ariketak dira. Horregatik garrantzitsua da futbol jokalaria edo atleta zarenean indar ariketak egitea, lesioak ekiditeko.
Zertan egituratzen da webgunea?
Guztiz doakoa den orrialdea da, iragarki, babestutako eduki eta publizitaterik gabekoa. Kirolarientzat zein kirolari ez direnentzat ere baliagarria da. Gidak daude, zazpi ataletan banatuta. Jendeak ematen dizkidan ideiekin, edukiak gaurkotzen ditut. Gidak nahiko luzeak dira, baina zuzenean jo dezakezu nahi duzun edukietara, eta ariketak egiteko hainbat bideo ere badaude. Horrez gain, tresna interaktiboak daude. Maila pertsonalean, ia-ia gustukoen ditudanak dira. Atal bakoitzean gauzarik erabilgarrienak daude. Adibidez, futbolaren atalean, eskura duzun denboraren araberako entrenamendu proposamen bat ematen dizu. Inprimatu edo partekatu dezakezu errutina hori. Beste tresna batean, pertsona baten irudian klik eginez, mina duzun tokia sartzen duzu, eta, horren arabera, egin ditzakezun luzaketak bueltatzen dizkizu. Batzuek bideoak dituzte (pixkanaka bideo horiek prestatzen ari naiz, nahiko lan ematen dutelako). Lasterketa edo igeriketa erritmo kalkulagailuak daude, ateko planifikatzailea... askotariko tresnak dituzu.