Diego Carbajo

"Etxebizitza ez da eremu isolatu bat; prekarizazio orokor baten ikurra da"

Etxebizitza krisiaren gakoak aztertu ditu Diego Carbajok; argazkian, Otxandion. A. AMENABAR

Etxebizitzaren arazoa ez da kasualitatez bilakatu azaroaren 11ko greba orokorraren ardatz nagusia: azken hamarkadetako prekarizazio orokorraren eta ongizate estatuaren gainbeheraren erakusgarri argiena da, Diego Carbajo soziologoaren esanetan. Krisi honen gakoak aztertu ditu ALEAn; besteak beste, zorpetzeak sortutako norbanako eredu berria.

Azaroaren 11ko greba orokorrak etxebizitza jarri du aldarrikapen nagusien erdigunean. Deialdi honek, ordea, ez dio soilik aterpe baten beharrari erantzuten, ezta egoera puntual bati ere. Diego Carbajo soziologoak (Gasteiz, 1981) azaldu duenez, azken hamarkadetako prekarizazio orokorraren ondorioak azaleratzen ari dira: hezkuntza, osasuna eta azpiegituren gainbeherarekin batera, bizitzaren finantziarizazioak norbanako eredu berri bat sortu du. Ezintasun eta ziurgabetasun krisi honen inguruko analisia egin du ALEAn.

Etxebizitza erdigunean jartzeak zer nolako jauzia suposatzen du aldarrikapen politiko eta sozialetan?

Interesgarria da ikustea nola zenbait gizarte mugimenduk bizi baldintzen aldarrikapena eremu politikora eraman duten, eta nola sindikatuek aldarrikapen horiek bere egin dituzten. Izan ere, lan eremutik harago doan zerbaiti egiten diote erreferentzia: ekoizpena eta hortik zintzilik dagoen baliabide zehatz bat lotzen dute: etxebizitza. Batzuek prekarizazio prozesu orokor bati egiten diote erreferentzia; ez da dagoeneko eremu isolatu bat, baizik eta dimentsio ezberdinak zeharkatzen dituen aldarrikapen multzo bat, ongizate estatuaren gainbeherarekin zuzenean lotuta dagoena. Alegia, hezkuntzaren, lan kalitatearen eta osasunaren atzerakada, bai eta, aste honetan ikusi dugun moduan, azpiegituren eta garraioaren gainbehera ere.

Estatu mailako aldarrikapenak bat datoz Euskal Herriaren ezaugarriekin?

Esango nuke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ongizate estatua ez dagoela horren hondatuta, nahiz eta zantzuak dauden: osasunean itxaron zerrendak, etxebizitza arazoak, deslokalizazioak (Tubos Reunidos, Vicinay…). Hau da, hemen ongizate estatuak irauten du, baina beranduago bada ere, egoera hori helduko da. Kontuan izan behar dugu arazo honek hurrengo hamar edo hogei urteetan eragingo digula. Ez da hurrengo legealdian konponduko den zerbait.

Etxebizitza eta gazteen inguruko doktorego tesian egiturazko krisi bat antzeman zenuen duela hamabi bat urte. Hipotesiak egiaztatzen ari zara gaur egun?

Zenbait ikerlari pasa den mende bukaeratik ari gara antzematen ongizate estatuaren gainbehera prozesua. Nire tesia 2008ko krisiaren ostean kokatzen da, eta ia hogei urte beranduago ibilbide luzeko prozesu bat dela ikusten ari gara; orain ari gara bizitzen desegite prozesu baten ondorioak. Zantzuak zeuden 2008an, zantzuak zeuden 2012an, eta pasa ditugun krisiek, hau da, Covidak, Ukrainakoak eta Ormuzekoak, nolabait areagotu egin dituzte atzetik zetozen prozesu guzti hauek. Zergatik azaleratu da orain indar honekin, ordea? Batetik, ikusgarritasun handiko etxegabetze bat egon da, hedabideen arreta berezia bereganatu duena, Ayusoren pisuaren aferarekin batera. Bestetik, azpian zegoen haserrea, ezinegona eta ziurgabetasuna gailendu dira, sentsazio kolektibo gisa. Haserre hori, nagusiki, narratiba makroekonomikoaren eta jendearen erosteko gaitasunaren arteko desorekatik dator: ekonomia makroa ondo doala esaten diguten bitartean, eguneroko bizitza gero eta prekarioagoa da. Krisi honek dimentsio ekonomiko, ekologiko zein politikoak ditu, eta etxebizitza bihurtu da faktore horiek guztiak barnebiltzen dituena.

"Bizitzaren finantziarizazioak norbanako eredu zaurgarri, ziurgabe eta ezegonkorrago bat sortu du"

Gazteriaren eta etxebizitzaren harremana aztertzerakoan, "helduaroaren prekarizazioa" kontzeptua aipatzen duzu. Zer ezaugarri ditu horrek?

Gaztaroaren luzapenaren teoria nagusi zen garai batean; heltzen da momentu bat, ia 40 urte dituzula, eta ez zarela gai heldutasunaren markatzaileetara iristeko. Gure gizartean heldua izateak esan nahi du lan egonkor bat izatea, bikote egonkor bat izatea, etxebizitza jabetzan edukitzea eta, ahal bada, seme-alabak izatea. Eta gaur egun ikusten dugu nola egonkortasunaren markatzaile horiek, oso kritikagarriak izan daitezkeen arren, ez direla betetzen ari. Orduan, ez da hainbeste gaztaroa luzatzen ari dela, baizik eta gaztaroaren ezaugarriak dituen helduaroa daukagula, gazteen prekarietatearen ezaugarriak dituelako. Markatzaile horiek ez dira betetzen, edo betetzen badituzte ere, dependentzia maila altuarekin betetzen dira: bai bikotearekiko, bai bankuarekiko, bai familiarekiko. Eredu aldaketa bat da; ez da jada progresoaren eta egonkortasun ereduaren norbanako hori, baizik eta beste norbanako eredu bat: zaurgarriagoa, ezegonkorragoa, ziurgabetasun eta ezinegon handiagoa duena.

Prekarietatea, etxebizitza eta eredu sozial berriak aztertu ditu Diego Carbajo soziologoak. A. AMENABAR

Lanaren aurretik etxebizitza da lehentasuna orain markatzaileetan?

Orain arte banatuak genituen, baina oso lotuak daude. Kontuan izan behar dugu zorra eta lana; zer modutan lanaren kalitateak behartzen duen zor hori oso epe luzeetan ordaintzera. Gure belaunaldiko gurasoek euren etxebizitzak 15-20 bat urtetan ordaindu zituzten; guk gure etxebizitzak jabetza pribatuan ordaintzeko 30 urte beharko ditugu, eta bi soldata. Esan genezake bizitzaren finantziarizazio bat egon dela, zorraren bitartez. Euskal Herriko gazteak gai dira euren kontsumo mailari eusteko hein batean bizi direlako euren gurasoek lortutako baliabideei esker: bigarren etxebizitzak, oinordetzan jasotako familiaren pisuak, familiak jarritako abalak... Kontsumo mailari eutsi diote, baina esan genezake hori faltsua dela, fikzio bat dela. Aurreko belaunaldiek lortutako baliabideei esker bizi gara.

"Itxaropena ez dago iraganeko garaia errepikatzean, garai berrietara egokitzeko gaitasunean baizik"

Eskubidea ala inbertsioa da etxebizitza?

Gaur egun, etxebizitza segurtasun aktibo bilakatu da: ongizate estatuak ziurtasun gutxiago eskaintzen dituela ikusita, familia askok etxebizitza jabetzan izatea, baita bigarren edo hirugarren bat erostea ere, beren edo seme-alaben etorkizuna babesteko estrategia gisa ulertzen dute. Jabetzan, bikote egonkorrean eta lan finkoan oinarritutako gizarte-eredu bati lotutako portaera soziologiko ulergarria da hori. Dena den, alderdi politikoetatik sarri nahastu dira etxebizitza eskubidea eta jabetza modu interesatuan. Etxebizitza eskubideak babesleku bat izateko eskubidea bermatzen du, ez nahitaez jabe izatekoa. Horregatik, ezinbestekoa da kultura aldaketa bat bultzatzea.

Etxe baten jabe ez izatea porrot pertsonal gisa ikusten da oraindik?

Bai, norbanako horren defizit moduan. Eta hein batean normala da, arrazionalitate ekonomiko batetik ikusita, eta maiz ateratzen den gai bat da: alokairura bideratuko nukeen dirua hipotekara bideratuta, azkenean jabe izango naiz. Argudio nahiko nahasiak daude hor. Europara gehiago begiratu beharko genuke, eta beste eredu batzuetara jo, aldaketa kultural bat egon dadin. Baina horretarako, noski, atzetik egitura kolektibo batzuk egon behar dira, ongizate estatu bat, alokairua edo babesleku bat bermatzen duena. Hori erraztuko luke, besteak beste, alokairuak aipatzen duten %30 horretara jaisteak, gutxienez soldataren %30 horretara jaisteak. Funtsean, merkatuaren logiketatik babestu behar den oinarrizko ondasun bat da, osasuna edo hezkuntza babestu dugun modu berean. Narratiba neoliberala hortik doa: denak hobeto funtzionatuko du enpresaren neurrira egiten bada. Baina badaude ondasun batzuk, eta hori argi geratzen ari da, enpresa moduekin ez dutenak zertan hobeto funtzionatu, lehiakortasun eta merkatuaren logikak sartzen direlako ezinezkoa den espazioetan.

Zein balorazio egiten duzu etxebizitzaren auzian greba honetan proposatzen diren neurri politikoen inguruan?

Bistan denez, estatuak esku hartu behar du. Hirigune handietan ikusten ari gara, eta Donostia da beharbada adibiderik latzena, zer modutan utzi zaien sartzen funts putreei. Eta ditugun baliabide eskasak erregulazioak baldin badira, hor nolabaiteko muga batzuk jarri beharko lirateke. Pedagogia lan handia egitearekin batera, etxe jabe txikiei begira batik bat.

Gaur egun zailagoa al da gazte izatea? 

Gure belaunaldia ere oso garai nihilista batetik dator, grungea, punkaren No future...  Garai hartan, gizarte mugimenduek, gaztetxeek eta aldarrikapen politikoek ezinegon hori guztia bideratzeko gaitasuna zuten. Gaur egun, berriz, ezinegona ez da politizatzen: kontsumora eta biolentzia ez-artikulatura bideratzen da. Duela urte batzuk bankuak edo kutxazainak erretzen ziren; gaur, ordea, Apple-ren erakusleihoa hautsi eta zapatilak lapurtzen dituzte. Ez dago mezu antikapitalistarik; kontsumorako bidea baizik. Horrek gizarte eta politika krisi sakona adierazten du. Gainera, etorkizunaren beldurra orainaldian bertan errotu da. Sare sozialek eta bideojokoek gizarteratze bide berriak eta identitate digital nahiz analogikoen arteko nahasketa ezezagunak sortu dituzte. Gero, noski, indarkeria mota berri hori alderdi politiko batzuek nola instrumentalizatzen duten...

Eskuin muturrak diskurtso "errazekin" erantzuten die egoera hauei...

Ordena eta segurtasuna. Hori errepikatuko dute behin eta berriro. Eskuin muturrak eta eskuinak egiten duena da ezagutzen ditugun errezetak aplikatu, sintometara jo: polizia gehiago jarri. Baina agian egiturazko arazo bat dago. Ez doaz ezinegon horiek sortzen dituzten kausetara, ez dute gizarteratze prozesuetan arreta jartzen, ez dira aztertzera joaten aisialdia nola kudeatzen duten gazteek, eta ez dira larritzen duten kontsumo mailarekin. Eta hor ere komunikabideentzako kritika bat dago: zer modutan espektakularizatzen diren prozesu hauek, badirudi komunikabideak lekuetara iristen direla sutea piztu baino lehenago.

Nolako garaia datorrela esango zenuke?

Garai aldaketa batean gaudela uste dut. Askotan nostalgian mugitzen gara, eta nostalgia horretatik atera behar dugu; ez gara garai bateko modernitatera bueltatuko. Beste gauza bat izango da, baina itxaropena ez dago iragana errepikatzean, garaira egokitzean baizik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago