Ohikoak bilakatu dira etxegabetzeak, etxebizitza sozialeko baliabideak gainezka daude, eta merkatu libreak eskaintzen dituen aukerak geroz eta urrunago daude jendearen ahalmen ekonomikotik. Bai etxeak erosteko, zein alokatzeko. Egun 10-11 urteko soldata gordina behar da batez beste etxe bat erosteko, duela 30 urte baino hiru aldiz gehiago. Alokairuen prezioak soldatak baino nabarmen gehiago igo dira azken hamarkadetan, eta handituz doa maizterren eta etxejabeen arteko klase arrakala; errentatazaile diren jabeek 30.000 euro inguru gehiago irabazten dituzte urtean maizterrek baino.
Greba deialdiak eztabaidaren erdigunera ekarri du ea etxebizitza espekulatzeko merkantzia izan daitekeen, ala lehentasuna duen herritarrentzako bizitoki egonkor bezala daukan funtzioak. "Bateraezinak dira eskubidea eta negozioa", deitzaileen esanetan.
Sindikatu nagusi guztiek eta etxebizitza sindikatuek hiru eskaera nagusi plazaratu dituzte, egoerari buelta ematen hasteko. Espekulatzaileak desjabetzea, debekatzea jardun espekulatiboa eta langileriaren beharren arabera antolatzea etxebizitzak eta baliabideak, osasuna eta hezkuntzarekin egin bezala.
Nola heldu gara honaino?
Errentatzaileak, putre funtsak, eraikuntza enpresak, banketxeak... aktore askok egiten dute dirua etxebizitzaren kontura. Faktore asko daude, baina sindikatuek nabarmendu dute legez erraztu zaiela inbertitzaileei negozioa egitea etxebizitzarekin; azken hamarkadetako sektore errentagarrienetakoa izan da.
Lurzoruaren liberalizazioa, inbertitzaile handientzako laguntzak, jabeentzako neurri fiskal onuragarriak; orokorrean, merkatu pribatua estimulatzera bideratuak egon dira neurriak urte askoan, erregulatzera baino gehiago, eta putre asko erakarri ditu sektoreak. Eta noski, etxejabeek, handi zein txikiek, etxebizitzaren balioa handitzea bilatzen dute. Bitartean "ez da apenas dirurik inbertitu etxebizitza parke publikoa osatzen", salatu du Unai Fernandez de Betoño Hirigintza irakasleak.
Nola eman buelta egoerari? Merkatu pribatuak agintzen du egun Hego Euskal Herriko etxebizitzetan, nabarmen gainera; etxeen %3a baino gutxiago da jabetza publikokoa. Denis Itxaso PSE-EEko Etxebizitza sailburuak ere aipatu du sektorea erregulatzeko beharra, "ez badugu nahi etxebizitza soilik aktibo finantzario bihurtzea".

Gobernutik merkatuan eragiteko bi bide nagusi proposatu ohi dira. Batetik merkatua dinamizatzeko pizgarriak, jabeentzako zerga kenkariak, aseguru sistema publikoak... Bestetik, zigorrak ezartzea etxeak garesti eskaintzen dituztenei, etxe hutsak dituztenei, etxebizitzak metatzen dituztenei...
Azenarioa eta makila
Azenarioaren aldeko hautua egin du Itxasok, argudiatuta "erregulazioak baino, horrek laguntzen duela prezioak jaisten", eta azken aukera gisa aipatu ditu zigor gisako erregulazioak. Inoizko aurrekontu handiena du aurten Etxebizitza sailak, eta hainbat neurri ditu martxan alokairua sustatzeko, %75 arteko kenkari fiskalak erreferentziazko prezioetan alokatzen dutenentzat; bi milioi Alokaplus aseguru publikora jabeei segurtasuna emateko ordaintzen ez duten maizterren aurrean; 80 milioi urtean Emantzipa eta Gaztelagun programekin gazteei merkatu prezioak ordaintzen laguntzeko, Gazteaval programa hipotekaren sarrera finantzatzeko...
Sindikatuek maiz salatu izan dute berez maizterrei laguntzeko baliabide hauek azkenerako etxejabeen poltsikora bideratzen dutela diru publikoa, eta horrek ere eragina duela merkatu prezioen igoeran.
"Hego Euskal Herriko etxebizitza parke publikoa %3tik beherakoa da; ez du gaitasunik merkatuan eragiteko"
Unai Fernandez de Betoño
Bizigune programa goraipatu du Itxasok. 8.000 bat etxe pribatu kudeatzen ditu Jaurlaritzak, alokairu sozialean. Maizterrek ez dute soldataren %30a baino gehiago ordaintzen, kontsentsua baitago horrek behar lukeela maximoa, eta diru publikoz osatzen da gainerakoa. Jabeei errenta bermatzen diete, merkatu preziotik pixka bat beherago. 2003tik 500 milioi euro bideratu ditu Jaurlaritzak programa mantentzera.
Errentatzaileen interes espekulatiboan jarri du fokua Karla Pisanok, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren ordezkariak, "alokairuaren lukurreria" salatuz, "klase errentatzailea langileriaren soldatetatik bizi delako". Salmenta espekulatiboa debekatzea eskatu dute sindikatuek, "ezin izatea etxe bat erosi saltzeko edo negoziorako bada", Pisanoren hitzetan.
Jaurlaritzaren datuen arabera EAEn 2026ko lehen hiruhilekoan 867 eurokoa izan da alokairuen batez besteko errenta, 814 eurokoa Gasteizen. Idealista atarian begiratu azkar bat eginda ez dago etxe bat ere prezio horietan hiri osoan, %98ak 1.000 euroak gainditzen ditu.
Espekulatzaileei zigorrak
Fernandez de Betoñoren ustez beharrezkoak dira zigorrak eta erregulazioak, burbuila zulatuko bada. Alokairuen prezioak mugatzea, zigorrak jartzea etxebizitzak pilatzen dituztenei, etxe hutsak dituztenei kanona aplikatzea... "Askotan neurriak badaude, baina ez dira erabiltzen", ohartarazi du EH Bilduko politikari ohiak.
Eremu tentsionatu izendatu zuten Gasteiz duela urtebete; egun, EAEko biztanleriaren erdia baino gehiago bizi da halako eremu batean. Horrek ekarri du, adibidez, alokairu berrientzako mugak jarri ahal izatea, prezioen indizeak ezarrita. Araban joan den ekainean aktibatu dute neurria.

Etxebizitza hutsei kanona aplikatzeari ere uko egin dio Gasteizko Udalak, eta berdin gainerako herri eta hiriek. 2021ean onartu zuen Jaurlaritzak etxe hutsen kanona, 10 euroko zigorra metro karratuko, kopurua handituz hutsik dagoen urte bakoitzeko, baina Azpeitiako Udalak soilik jarri du martxan neurria, etxeak merkatutik kentzea saihesteko.
Gasteizen, aldiz, OHZn igoera egitea hobetsi du udal gobernuak, %50 gehiago. Zigor txikia etxe hutsen kanonaren aldean; 150 euro inguru ordaintzea, 700-900 euro ordaindu beharrean.
Jaurlaritzak etxebizitzak lehentasunez erosteko aukera ere badu legez, baina ez du aukera hori ia erabili. Albiste izan da urrian Donostiako Bentaberri auzoan 500 etxebizitza inguru erosi izana. Aurrekaririk gabeko mugimendu honekin etxebizitzen erabilera soziala bermatu ahal izan du gobernuak, Blackstone putre funtsari 100 milioi euro ordainduta.
Parke publikoaren presioa
Hego Euskal Herrian %3tik beherakoa da jabetza publikoko etxebizitza parkea, eta ez du gaitasunik merkatu pribatuan beherantz eragiteko.
Espainiako Estatuan 1960tik 1979ra eraikitako etxe guztien %63a ziren babes ofizialekoak; hurrengo 43 urteetan soilik %23a. Gainera, garai hartan eraikitako etxeak merkatu librera igaro dira jada, espekulatzeko aukera zabalik.
Bentaberriko etxebizitzen kasua da hori. Babes ofizialeko etxeek putre funtsen eskuetan amaitu zuten, eta 2028an libre gelditzekoak ziren, maizterrak etxegabetzeko arriskuarekin. Gasteizko Mariturri auzoan 96 familia etxegabetzeko arriskuan daudela jakinarazi berri dute, La Caixaren "alokairu eskuragarriko etxe" zirenak funts putreen esku gelditu ondoren.
"Alokairu merkatuaren justifikazio bakarra da errentatzaileak langileriaren soldatetatik bizitzea"
Karla Pisano
EAEn 2003tik dago arautua babes ofizialeko etxeek ezin dutela galdu izaera soziala; azken 23 urteetan eraiki diren babes ofizialeko etxeak hala mantenduko dira aurrerantzean ere. "Etxeak eraiki, erosi, birgaitu", denetik egitearen alde agertu da Fernandez de Betoño, "etxebizitza parke publikoa indartzeko".
Viena aipatu ohi da adibide gisa publikoaren gaitasuna goraipatzeko. Han biztanleen %60a bizi da jabetza publikoko edo erabilera publikorako araututako etxeetan, alokairu mugagabe eta eskuragarriekin.
Eskaria eta eskaintza
Sindikatuek kritikatu izan dute askotan eskaria eta eskaintzaren arteko desoreka huts bezala aurkeztu ohi dela batzuetan auzia, eta gehiago eraikitzea aipatzen dela konponbide gisa, merkatua erregulatu dadin. Pisanoren hitzetan, "ikusi da eraikuntza zikloa elikatzeak ez duela prezioa jaisten, 2008ko krisiari begiratzea besterik ez dago, eraikuntza gehiagok negozio gehiago dakar".
EAEn 1991tik 2006ra %1,2 igo zen biztanleria, etxe kopurua %26,6, eta eskaintza handitu arren etxebizitzaren prezioa ia bikoiztu egin zen.
Etxe merkeak falta direlako, ez edonolakoak. Jaurlaritzak abenduan %75etik %60ra jaitsi zuen eraikuntza berrietan babes ofizialeko izan behar zuten etxeen kopurua, eta norabide okerrean doala kritikatu du Fernandez de Betoñok. "Babes publikoko etxe gehien behar direnean kopuru hori jaistea, esanez eraikitzaile gajoek ez dutela nahikoa irabazten, ez da planteamendu egokia".
Etxe merkeak falta direlako, edo etxe garestiak erosi ditzakeen jendea. Pobretzearen aurkako aldarriak ere bildu ditu greba deialdiak, eta martxoko greba orokorrean bezala, 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa.
Konplexua da etxebizitzaren auzia, eta faktore askok eragiten diote. Egoera oso tenkatua dago jada, eta gizartearen kezka nagusienetakoa bilakatu da etxebizitza. Egiturazko neurri sakonagoak exijitzera dator asteazkeneko greba orokorra, egin dena baino askoz gehiago egin daitekeela aldarrikatzera.
Espekulatzaileak desjabetzea eskatuko dute mobilizazioetan, etxebizitza ez dadila negozio egiteko erabili, eta langileriaren beharren arabera antolatu dadila sektorea; garrantzitsuagoa delakoan herritarrek etxe egonkor bat izateko eskubidea jabeak diru gehiago irabazi nahi izatea baino. •