PELLO URRUTIA

"Askotan, udalek hiri altzariak balira bezala tratatzen dituzte landareak eta zuhaitzak"

IAN-ANI elkarteko presidentea da Urrutia. JUANMA GALLEGO / ALEA

Naturaren ikerketa eta kontserbazioan aitzindaria den IAN-ANI elkarteko presidentea Pedro Uribe-Etxebarria botanikariaren eskutik lotu zen ingurumenaren gaineko ezagutzari, eta ezagutza horren beharra aldarrikatu du, hain zuzen, naturari buruzko edozein erabaki hartzerakoan.

Arabako Natur Institutuko (IAN-ANI) presidente Pello Urrutia (Legazpi, 1958) biologoak hamarkadak daramatza lurraldeko naturaren alde lanean. Urrutiak argudiatu du esku hartzeak egiterakoan bertako espezie eta ekosistemen gaineko informazioa izan behar dela, halabeharrez.

Nola sartu zinen zu honetan guztian?

Trantsizioaren garaian, dena egiteko zegoen. Movida vitoriana bat ere egon zen garai horren bueltan. Baina, jendeak ez dakien arren, naturaren aldeko mobida bat ere egon zen. Pedro Uribe-Etxebarria botanikariaren inguruan mugitzen zen. Diputazio enparantzako pisu batean hasi zen, baina gero toki bat eskatu genuen, eta Natura Zientzien Museoa muntatu genuen. Gure lehenengo argitalpena oso mehea izan zen, baina gero osatu genuen. Katalogo handia 2000. urtean atera zen: Euskal Herriko landareak eta inguruetakoak sailkatzeko gako irudidunak izeneko liburu mardula. Zazpi urte eman genituen hori osatzen. Marrazkilari pare batekin ibili ginen, eta besteok testuak landu genituen. Oso gauza berezia izan zen. Berogailurik gabeko negu gogorrak eman genituen hemen [seminarioan]. Marrazkilariei Espainiako flora egiteko proiektu handiagoa egiteko aukera eskaini zieten, eta, halere, gurekin geratu ziren. Azkenean lortu genuen miraria.

Herbario digitala duzue orain...

Bai. Espiritu horrekin jarraitzea erabaki genuen, egoitza honetan, baina jada ezin dugu mantendu belartegi fisiko bat. Horregatik, beste gauza batzuk egiten ditugu, hiru oinarrirekin: ikerketa, dibulgazioa eta kontserbazioa. Ikerketan, belartegi digitala daukagu. Konturatu ginen mundu digitalak duen ahalmenaz, eta belartegi klasiko baten filosofiarekin egiten dugu digitala. Argazkiak, detaileak, datuak... horrelako tresna batek ahalmen didaktiko bat du, baina, baita ahalmen zientifikoa ere, zientzia argitalpenetan erabiltzeko modukoa. Xavier de Arizaga belartegi digitala deitzen da.

Nor izan zen Arizaga?

XVIII. mendean bizi izan zen lehen botaniko arabarra izan zen. Eltziegoko botikaria zen, baina, horrez gain, baita botanikaria ere. Pedro Uribe-Etxebarriak berriro pertsona honen biografiari merezi zuen garrantzia eman zion. Madrilgo Lorategi Botanikora bidaltzen zituen landareak. Baina han pleguak hartzen zituzten arren, bere izena ez zen inon agertzen. Iaz Juan Antonio Alejandre botanikari gasteiztarrak ikerketa bat egin zuen Madrilen, bere ekarpenak bilatzeko. 'El de Elciego', toponimoak... horrelakoak agertzen ziren pleguen artean. Linneoren izendapena jarraitzen zuen. Baina askotan horrelakoak ahaztuta geratzen dira.

"Mugitzen ez direnez, pentsatzen dugu landareak hilda daudela, baina benetan badute beste dimentsio bat"

Dibulgazioaren alorrean, zer egiten duzue?

Urtero programa bat prestatzen dugu. Eta hau, niretzat, mirari bat da. Batere aurrekonturik gabe egiten dugu, dena modu boluntarioan. Irteeretan, auto partikularretan ateratzen gara, eta gasolina guztion artean ordaintzen dugu. Hilabete guztietan, abuztuan izan ezik, jarduerak egiten ditugu. Marrazkilari bat, informatikari bat... bakoitzak bere ekarpena egiten du, eta, horrela, gauza izugarriak egiten ditugu. 50 bat landare berri aurkitu ditugu zientziarako. Ni ibilbidearen lekukoa izan naiz. Ezer jakin gabe hasi ginen, eta gero eta gehiago ezagutzen dugu. Baina hau ez da hemen bukatuko, eta, beraz, gure asmoa da gauzak argitaratuta uztea hurrengo belaunaldientzat.

Nola iritsi zinen zu biologiara?

Naturarekin kontaktuan egonez gero, esango nuke ume guztiek kuriositate zabala dutela. Ni Gipuzkoako herri batean jaio nintzen, eta kuriositatea bizirik mantendu nuen. Gasteizera iritsi nintzenean Pedro Uribe-Etxebarriarekin topo egin nuen. Berak ibilaldi botanikoak antolatzen zituen. Pedrok oso ondo komunikatzen zuenez, irteeretan ikasi nuen natura ulertzen. Klasetik ateratzen nintzenean museora joaten nintzen, espezimenak sailkatzera. Ondoren, floran eta horrelakoetan elkarrekin lanean hasi ginen. Institutuan filosofia hori mantendu dugu, arloaren arabera funtzionatuz. Ez dago alor finkorik, jendearen ezagutzaren arabera alor batzuk edo besteak jorratzen ditugu. Ibilbide botaniko didaktikoak egiten ditugu: Arabako baso nagusiak, landare serieak, higadurak... gure paisaiak ulertzeko. Muga batean gaude Araban. Aizkorritik aurrera mundu atlantikoa dugu, Poloniaraino. Errioxa aldean, berriz, Mediterraneo mundua dago. Baina erdiko tarte horretan —Aizkorri, Gorbeia eta Cantabria mendilerroaren artean—, toki hau oso berezia da, glaziazio aurretiko endemismo ugari kontserbatu direlako. Besteak beste, Elias eta Sennen fraideek ikertu zuten eremua.

Urrutia, Gasteizko Seminarioan IAN-ANIk duen egoitzan. JUANMA GALLEGO / ALEA

Nortzuk ziren horiek?

XX. mendearen hasieran Frantziak erlijioa debekatu zuen irakaskuntzan, Estatu laikoaren alde egin zuelako, eta fraide batzuk Espainiara etorri ziren. Sennen Bartzelonan geratu zen, eta Elias anaia Bujedoko [Burgos] komentu batean ibili zen, Obarenes mendilerroan landareak biltzen zituen, eta Bartzelonara bidaltzen zituen. Gauza pila bat argitaratu zuten. Horien jarraipena egin dugu, eta Nafarroatik Burgosera zabalduta dagoen Genista eliassennenii landare endemikoa haien omenez izendatu dugu. Zerrenda estu batean baino ez dagoen endemismo bat da.

"50 bat landare aurkitu ditugu zientziarentzat"

'Verbascum Langraizokensis' topatu berri duzue...

Bai, duela gutxi bost landare berri aurkitu ditugu hainbat lekutan, eta horien berri eman dugu zientzia argitalpenen bidez. Langraizokensis areka batean aurkitu dugu. Normalean mesprezatzen dira horrelako tokiak. 

'Malas hierbas'...

Bai! Ni gaixorik jartzen naiz hori entzutean, edota basoa garbitu behar dela esaten dutenean. Jendeak ez du ulertzen landareek guretzat duten garrantzia. Atmosfera eta lurra gure bizitzarekin lotzen dute. Hartzen dugun oxigenoa, elikadura... horrelakoak posible egiten dituzte; dena birziklatzen dute, hezetasuna mantentzen laguntzen dute. Askotan udalek zuhaitzak eta landareak hiri altzariak izango balira bezala tratatzen dituzte. Errepide batetik joatean, ikusten duzu ibilbidea zaildu dezaketen zuhaixka eta belarrez gain, zerrenda izugarriak egiten dituztela, dena moztuz. Gero diote intsektu gutxiago dagoela! Dena lotuta dago. Natura ustiatzen dugunean, azkarrak izan behar gara, eta, ahal den heinean biodibertsitatea mantendu behar dugu. Nekazaritzan, adibidez, dena kentzeko mentalitatea dago. Soroen barruan edo kanpoan dauden landareak kentzea da joera. Baina ez dira konturatzen lurra ezin dela biluzik utzi, bestela ongarriak bota behar dituztelako. Eta lurrak izan behar ditu onddoak edota bakterioak. Naturan, garbitu eta zaborra bezalako hitzekin kontuz ibili beharra dago. Horretan, ardura handia dute baso ingeniariek. Ia-ia fabrikatik datoz horrela konfiguratuta. Gogoratu behar zaie bereizi behar direla baso landaketa bat eta baso bat. Basoek beren dinamika dute, eta hori ulertzen ez baduzu, zure esku hartzeak dinamika natural horren kalterako izango dira. Batzuetan, gainera, asmo onez egiten diren zerbait landaketetan ere kanpoko espezieak sartzen dira.

'Bellotada' handiekin gertatzen den moduan, haritzak leku guztietatik landatuz....

Haritza, bai. Baina, zein haritz? Araban duguna erkametza da; Izkin, Quercus pyrenaica, esaterako... bakoitzak badu bere tokia. Baina inguruan dugun natura ez da ondo interpretatzen. Armentian, erkamezti bat dago. Horiek, gazteak direnez gero, sastrakak dituzte barruan. Bideak egiten badituzu Armentiako basotik paseatzeko, ez dago arazorik. Baina norbaiti bururatu zaio hori dehesa bihurtzea. Adibidez, otea, Galizian, arerio publikoa da, baina, ondo ezagutuz gero, kaleei otearen izena jarri beharko zizkioten. Oso garrantzitsua da, nitrogeno atmosferikoa finkatu eta nitrato bihurtzen duelako, eta laguntzen du basoa lehenesten. Duela gutxi ere animaliak nola tratatzen genituen? Bada, pixkanaka eskubideak aitortu dizkiegu, baina landareekin oraindik ez gara konturatzen. Mugitzen ez direnez, pentsatzen dugu hilda daudela, baina badute beste dimentsio bat. Hainbat ikertzailek landareen adimenari buruz idazteari ekin diote. Adibidez, guk baino askoz hobeto baliatzen dute energia: zuzenean hartzen dute eta elikagai bihurtzen dute. Birziklatzeko gaitasuna ez aipatzearren, noski! 

Gasteiz 'Green Capital'?

Publizitate hutsa.

Ea, udalean ingurumenaren ardura izango bazenu, zer egingo zenuke ba?

Nik ez daukat erremedio magikorik. Hasi behar gara heziketarekin, esku artean duguna ezagutzeko. Garraioa beste modu batean antolatu behar da. Denok erabiltzen dugu autoa, baina ez da logikoa. Ikasi behar dugu gizarte bat bezala funtzionatzen eta gauzak antolatzen. Aldaketa sakon bat egin behar da.

Zientzia museo berria egongo da. Nola ikusten duzu?

Museoa guk muntatu genuen eta, hasieran, guk antolatzen genuen, administrazioak atea irekitzeko jarritako pertsona bat salbu. Orain, eskatuko nieke epe erdi edo luzerako proiektu bat egitea. Guk belartegia egiten genuenean, izurri bat egon zen eta Arabako Artxibora eraman zuten behin-behinean, lan guztia ez galtzeko. Hogei urte edo darama bertan, orain diote berreskuratu dutela. Bisitatu eta kontsultatu daitekeen museo bat behar dugu, beti ere, ikerketa, dibulgazioa eta kontserbazioa oinarri dituena. •

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago