🐦 Ugatza

"Nire arbasoak mendietan aurkitzen zuten janariaz fidatzeagatik hil dira"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Arimen Gaua baliatuz, Flumenekin harremanetan jartzea lortu dugu, Arabako azken ugatzarekin. Buztin gorriarekin bainuak hartzen dituztelako 'suzko txoria' deitzen dituztela esan du.

Azaroa hurbiltzen ari da, Gau Beltzarekin eta Hildakoen eta Santu Guztien Egunarekin, bizien eta espirituen mundua bereizten duen beloa hain fin bihurtzen den urte sasoia, non ia ukitu ere egin daitezkeen. Energia aldatu egiten da, gauak luzeagoak dira, eta giroak aukera ematen du jada ez daudenak gogoratzeko... edo haiekin hitz egiten saiatzeko. Guk ezin izan diogu tentazioari eutsi. Lotura mistiko indartsu hori aprobetxatuz, ouija taulari hautsa kentzea erabaki dugu, ikusteko zein arima lumadun eta alderraiek duten solasaldi on baterako gogoa azaroaren 1eko gau handiaren aurretik.

Aireko saio basati batean, Flumenekin harremanetan jartzea lortu dugu, Arabako azken ugatza bera (Gypaetus barbatus, literalki "putre bizarduna"). Flumenek erakutsi digu beste aldean hegoak edukitzea abantaila handia dela, batez ere ez dagoelako kable elektrikoez eta pozoiez kezkatzeko beharrik! Saio hau nola joan den kontatuko dizuegu hemen.

Gau horretarako Arabako Lautadara joan gara, Narbaxako elizako kanpandorrera, lurraren, zeruaren eta espirituen munduaren arteko erdibidera. Hasi eta berehala, ouijaren orratza dardarka hasi da egurrezko taularen gainean. Noragabeko zirkulu batzuk egin ondoren, erabakitasunez lerratu da orratza F-L-U-M-E N letretarantz. Haize bolada bat zerutik etorri da eta oihartzun arin bat entzun da, txistu zorrotz, sarkor eta urrun baina harrigarriro sinpatiko baten soinua duena.

Kaixo? Flumen? Zu al zara, Arabako zeruak zaintzen zituen azken ugatz ospetsua?

Bai. Kaixo, Arabako gizakiak. Ai ene, zeinen modu dramatikoan aurkezten nauzuen! Ingalaterra viktoriarraren mamu bat banintz bezala. Baina, bai, teknikoki, orain espiritu bat naiz.

Ohorea da zurekin konektatzea! 2021eko irailean alde egin zenuen modu tragikoak bihotza uzkurtuta utzi gintuen arabarrok. Kable elektriko batekin talka egin eta gero Narbaxako hurritz batean buruz behera harrapatuta geratzea...

Ai, ez gogorarazi! A zer umiliazioa nire tamainako hegazti batentzat! Hogeita hamar ordu saguzar ziztrin bat bezala zintzilik! Ni, Jakan jaio nintzena, Pirinioetako zeruak munduko dotorezia osoz zeharkatu nituena, eta Araban independentzia hartzea erabaki nuena, bertako giroa eta gastronomia asko gustatzen zitzaizkidalako. Zuhaixka batetik askatua izatea ez zegoen nire planetan, egia esan. Gutxienez, Martiodako errekuperazio zentroan aurkitu eta zaindu nindutenek errege baten moduan tratatu ninduten, talkak eragindako zauriek beste mundura eraman ninduten arte.

Zure hutsunea nabaritzen da hemen. Zure espezieko bakarra zinen garai hartan lurraldean. Nolakoa zen Arabako zeruetako urrezko ezkongabea izatea?

Bakarti samarra, ez dizut ukatuko. Arabako paisaia zoragarria da, hezur-oturuntza onak bilatzeko haitzarte perfektu horiekin, baina sozializatzeko aukera gutxi zegoen. Alboetara begiratzen nuen eta sai arreak besterik ez nituen ikusten. Jatorrak dira, baina ez dira batere arduratzen beren higienearekin eta sukaldaritza ohitura izugarriak dituzte. Glamour falta erabatekoa dute. Ni sibarita bat naiz: haragia garbitu arte itxaroten dut, hezurra hartu, harkaitzen kontra bota puskatzeko, eta barrura. Goi mailako sukaldaritza!

Eta nolakoa da ugatzaren bizitza espirituala? Ba al dago hezur-hauslerik beste aldean?

Are hobeto! Hemen goian kable elektrikoak ikusezinak dira eta ez dute martxa mozten, eta korronte termikoak perfektuak dira beti. Horrela betiko egin daiteke hegan! Eta tamaina guztietako hezurrak aurkitzen ditugu, pozoirik gabe, ez zuen soroetan bezala. Nire arbasoak mendietan aurkitzen zuten janariaz fidatzeagatik hil dira, noizbehinka basapiztien etsairen batek bertan pozoia jartzen zuelako. Gainera, ez nago bakarrik; joan den mendean Urduñako mendilerroan, Valderejon eta Gorbeian hegan egin zuten mito zaharrekin topatu naiz. Batailatxoak kontatzen dizkiogu elkarri, artzainek errespetuz eta mesfidantzaz begiratzen zigutenekoak.

"Jarri eranskailu fosforitoak kable madarikatu horiei edo bilatu energia garraiatzeko sistema seguruago bat"

Zeu joan zinenetik kable elektriko arriskutsu horiek zuzentzen saiatzen ari dira, eta askok amesten dugu zure espeziea Arabara modu egonkorrean itzultzearekin. Zer esango zenieke lekualdatzea pentsatzen ari diren Pirinioetako edo Nafarroako zure lehengusuei?

(Ouijaren orratza azkar eta gogoz mugitzen da). Ez dezatela zalantzarik egin. Presta ditzatela hegal-markak, doitu ditzatela beren GPSak eta joan daitezela. Arabak potentzial izugarria du. Mesede bat besterik ez diet eskatzen gizakiei: jarraitu mendia zaintzen, babestu basa fauna errespetatzen duen abeltzaintza estentsiboa, mantendu ardiak eta ahuntzak bezalako azienda txikiak, horiek zeharka ematen baitigute jaten. Eta, mesedez, jarri eranskailu fosforitoak kable madarikatu horiei edo bilatu hegaldian bizi garenontzat segurua den beste sistema bat energia garraiatzeko. Eguneko menuan kontzentratuta goaz eta ez ditugu ikusten!

Eskerrik asko gurekin egoteko denbora hartzeagatik, Flumen. Pozten gaitu kable eta minik gabe libre hegan zabiltzala jakiteak. Azken mezurik eman nahi al duzu saioa itxi aurretik?

Esaiozue Arabako Lautadakoei zerura begiratzen jarraitzeko. Baliteke ni garaiko azkena izatea, baina suzko txoria beti itzultzen da landa eta mendia zaintzen badira. Bide batez, konfidentzia bat kontatuko dizuet: Erreparatzen badiozue, nire edertasun distiratsuaren sekretua paradoxa handi bat da; suzko txori gisa ezagutzen naute nire kolore laranja biziagatik, baina berez buztin-txori bat naiz. Gizakiek horrela jaio garela uste duzue, baina gure bular, sabel eta lepoko lumaje naturala erabat zuria da. Tonu gorrixka ikusgarri horiek koketeria eta estatus hutsa dira.

Nola koketeria? Lumak margotzen dituzue?

Hain zuzen ere! Burdin oxidoan aberatsak diren harriak zeharkatzen dituzten iturburuak bilatzen ditugu. Bertan gogo biziz igurzten gara eta buztin gorriko bainuak hartzen ditugu. Buztina tinte kosmetiko naturala da. Mendiko eguzkipean lehortzen denean, pigmentu ferriko hori xurgatzen dute lumek eta tximista hegalari bihurtzen gara. Horregatik deitzen digute Pirinioetan eta beste mendikate batzuetan, hain zuzen, suzko txoria.

Harrigarria… Eta zertarako hartzen duzue hainbeste lan buztinarekin? Kamuflatzeko?

Ez horixe! Aitzitik, geure burua nabarmentzeko da. Bakterioetatik babesteko egiten dugun eztabaidatzen ari dira zuen munduko zientzialariak, baina espirituei gehien gustatzen zaigun teoria da estatusa irabazteko egiten dugula. Zenbat eta laranja distiratsuagoa izan bularra, orduan eta nagusitasun gehiago dugu beste ugatzen aurrean. Lurraldea ondo ezagutzen dugula, esperientzia dugula eta mendilerroko "apaindegi" onenak kontrolatzen ditugula adierazten du koloreak. Beraz, badakizue, zerua zeharkatzen duen suzko silueta bat ikusten duzuen hurrengo aldian, gogoratu magia hori guztia lokatzetan hartutako bainu on baten emaitza dela. Tira, infiniturantz doan korronte termiko bikainarekin noa. A, eta azaroaren 1ean, utzi arkume baten femur bat haitzen batean badaezpada senideren bat hortik pasatzen bada.

• Ordena: Accipitriformeak (munduko eguneko harrapari handi gehienak).

• Egoera: Espainiako Hegaztien Liburu Gorria-2021n Kaltebera gisa jasota dago. Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan (CVEA) Galtzeko arriskuan kategoria maximoaren barruan dago.

• Habitata: Mendi eremuak harkaitzekin eta amildegiekin, eta azienda eta basa ungulatuak dauden eremuak.

• Tamaina: 100-120 zentimetroko luzera.

• Beste izen batzuk: Gypaetus barbatus espezieari euskaraz nagusiki ugatz esaten zaio, baina eskualdearen arabera (bereziki bizkaieraz) arrano gorri izena ere jaso izan du, bere kolore gorri-laranjagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago