EHU Euskal Herriko Unibertsitateak CAF enpresarekin dituen harremanak eteteko hartu duen erabakia kritikatu du gaur Gasteizen Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak. Haren iritzian, "arriskutsua" da EHUk hartutako bidea.
Israelekin hartu-eman komertzialak izateagatik hainbat urtez zenbait taldek euskal enpresari boikota egiteko kanpaina egin dute. Hilaren 7an bertan, Hamasek Israelen egindako sarraskiaren hirugarren urteurrenarekin batera, EHU Palestina taldeak EHUri beste behin eskatu zion CAFekiko harremanak eteteko, Israelek Palestinan egin duen "genozidioa" salatuz. Asteon ezagutarazi du EHUk CAFekin duen harremana etengo duela.
EHUren autonomiari "errespetua" agertuta ere, ardura azaldu du "oso eztabaidagarria" den erabakiaz. Sailburuak gogoratu du Euskadin "ehunka" direla Israelekin harremana mantentzen duten euskal enpresak.
Gogoratu du "oinarri juridikorik" ez dagoela horrelako erabaki bat hartzeko, baina sailburuak "eremu etikoari" ere erreparatu dio. "Zergatik Israel eta ez Errusia? Zergatik ez, esate baterako, [Ameriketako] Estatu Batuak? AEBek ez al dute zerikusirik Israelek egiten duen sarraskiarekin?", galdetu du Perez Iglesiasek.