Hiru urte bete dira gaur Palestinako erresistentziaren talde ezberdinek Israeli eraso egin ziotela, eta Israelek Palestinako genozidioaren fase gogorrenari ekin ziola. Hala salatu dute gaur EHUren Arabako campusean dozenaka ikaslek, EHU Palestina taldeak deituta, eta unibertsitatearen jarrera kritikatu dute errektoreordetzaren eraikin aurrean elkarretaratzea eginda. EHUri eskatu diote berrikusi ditzala Israelgo Estatuarekin eta genozidioarekin lotura duten enpresa eta erakundeekin dituen harreman akademiko eta instituzionalak. Era berean, boikot akademikoa bere egin dezala exijitu dute.
EHU Palestinako kideen esanetan, Palestinako egoera nazioarteko konplizitate politiko, ekonomiko eta instituzionalaren laguntzaz gertatzen ari da, eta horregatik argudiatu dute unibertsitateek ere badutela erantzukizuna harreman horiek aztertzeko eta eteteko. Gogorarazi dute 2024ko apirilean EHUko Gobernu Kontseiluak Palestina babesteko manifestua onartu zuela, konpromisoa hartuta giza eskubideak, nazioarteko zuzenbidea edo Nazio Batuen ebazpenak errespetatzen ez dituzten erakundeekin harreman komertzial eta akademikoak berrikusteko.
Hala ere, salatu dute EHUk 2026-2027 ikasturtearen hasieran Israelgo erakunde akademiko, enpresa eta gobernu erakundeekin lankidetzan jarraitzen duela, bai Horizon Europe programaren bidez, bai beste hainbat erakunde publiko eta pribaturen bitartez. Horrez gain, CAF enpresarekin indarrean dagoen hitzarmena ere eteteko eskatu dute, praktikak eta GRAL zein MALak eskaintzeari uzteko eta enpresa hori EHUk parte hartzen duen ekimenetatik kanpo uzteko. Mobilizazioa amaitzeko, unibertsitateari adierazpen sinbolikoak alde batera utzi eta hartutako konpromiso instituzionalak bete ditzala exijitu diote, Israelgo Estatuarekin dituen harremanak etenda.