BatBatean jaialdiak bigarren ediziorako lehen artistak iragarri ditu: Samantha Hudson, Lendakaris Muertos, Cecilio G...

2026ko arrakastaren ostean bigarren edizioa antolatu dute 2027rako. BATBATEAN

Lendakaris Muertos, Samantha Hudson, Tatxers, Cecilio G eta Maruxak izango dira oholtza gainean, besteak beste. 2027ko maiatzaren 7 eta 8an ospatuko da bigarren edizioa Mendizabalan, "Arabako publiko gaztearentzako erreferentzia gisa sendotzeko helburuarekin".

BatBatean jaialdiko antolatzaileek iragarri dituzte 2027ko edizioan arituko diren lehen artistak. Hamazazpi izen aurreratu dituzte jada, baina beste hainbat falta dira oraindik; datozen hilabeteetan egingo dituzte publiko. Samantha Hudson, Lendakaris Muertos eta Cecilio G dira baieztatutako musikarietako batzuk.

Maiatzaren 7 eta 8an hartuko du jaialdiak Mendizabaleko eremua, eta sarrerak salgai daude jadanik. 50 euroan eskaintzen ari dira oraingoz, "sustapen prezioan", eta urriaren 27ra arte mantenduko dira prezio horretan. Datorren asteartetik aurrera 55 euroan salduko dira.

Hauek dira oraingoz baieztatuta dauden artistak: Arene 6, Borla, Cecilio G, Euskoprincess, Kiliki, Las Ninyas del Corro, Lendakaris Muertos, Marmitako Trap Banda, Maruxak, Mirua, Nafarroa 1512, Naxker, Periferia, Samantha Hudson, Streetwise, Tatxers eta TOC.

Gazteen erreferentzia izatea helburu

2026an izan zen BatBatean jaialdiaren lehen edizioa, eta 16.000 lagun bildu ziren Gasteizen bi egunetan zehar. Musika estilo eta belaunaldi ezberdinak uztartzea da jaialdiaren helburuetako bat, eta Arabako publiko gaztearentzat "erreferentziazko musika jaialdi gisa" sendotzeko asmoa azaldu dute, bigarren edizioa antolatuta.

Dagoeneko ibilbide eta aitortza propioa duten Euskal Herriko musikariei aukera eman nahi die ikusgarritasun handiagoa izateko, "agertoki handiagoetan eta publiko zabalago baten aurrean aritzeko aukera emanez".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago