Antzinaro Berantiarrean Iberiar penintsulara iritsitako suebo, alano eta bisigodoen iritsierak ez zuen populazioan eragin nabarmenik izan, Erromatar Inperioaren garaian penintsulara heldutako populazioek egin zuten ekarpen genetikoaren aldean.
Historiografia eta arkeologiaren bitartez dezente finkatuta zegoen uste hori orain datu genetikoen bidez berretsi dute, Iberiar penintsularen I. eta VIII. mendeen bitarteko historia genetikoa arakatzeko 31 aztarnategitan atzemandako 243 genomaren azterketa abiapuntu hartuta. Garaiari buruz eskala handiko lehendabiziko analisi arkeogenomiko sistematikoa dela aldarrikatu du EHUk zabaldutako ohar batek.
Cell aldizkari ospetsuan argitaratu dute IBE Biologia Ebolutiborako Institutuak, Bartzelonako Natura Zientzien Museoa, Harvard Unibertsitateak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean egindako ikerketa. EHUren aldetik, Iñigo Olalde genetista arabarrak parte hartu du datuen analisian.
409. urtean Iberiar penintsulara iritsi ziren alano, bandalo eta sueboak, eta bisigodoen erreinua, berriz, 507. urtetik aurrera finkatu zen. Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori eta gero herri hauetako eliteak nagusitu baziren ere, horien presentziak ez zuen aldaketa demografiko esanguratsurik eragin. Oro har, herri horien ekarpen genetikoa %12 eta %22 artekoa izan zela zenbatetsi dute. Britania eta Balkanetan, adibidez, Erromaren erorialdiaren ondorengo migrazioek inpaktu demografiko handiagoa izan zuten.
Erromatarren garaian, berriz, penintsulara iritsi ziren Mediterraneo ekialdeko eta Afrika iparraldeko komunitate ugari, nabarmen handituz biztanleen aniztasuna; horrek ere aztarna genetikoa utzi du orain aztertutako datuetan.
Ohi bezala, datu makroez gain, historiaren istorio txikiak ere azaleratu ditu azterketa genetikoak. Kasurako, 725 kilometrora lurperatutako bi anaia identifikatu dituzte. Bat Augusta Emeritan eman zituen azken egunak —egungo Merida—; bestea, Ildum izeneko bizitegian —Castellon— aurkitu dute. Europa Erdialdeko jatorria zuten anaiek, eta lehen belaunaldiko migratzaileak izan zirela uste dute.
Meridan aurkitutako printzesa sueboen inguruko azterketak ezustekoa ekarri du ere. Izan ere, lurperatu zituztenean zeukaten arreoa zela eta, uste zen guztiak inperioaren mugetatik iritsitako eliteetako kideak zirela, baina orain deskubritu dute horietako bat bertakoa zela, eta horrek agerian uzten du, ikertzaileen arabera, jatorriaz gain bazirela ere familia, politika edota kultura faktoreak elite baten parte izateko. "Aurkikuntza horrek agerian utzi ditu familia sueboen eta hispano-erromatarren arteko ezkontza aliantzak", azaldu du EHUk zabaldutako oharrak. Andre horiek batera hil zituzten, eta baliteke horrek lotura izatea hautapen monarkia batean izandako oinordetza borrokekin.
"Ez ditugu maiztasun genetikoak soilik aztertzen; artean ere Erromatar Inperioaren azpiegituren bidez konektatuta zegoen penintsulan barrena lekualdatutako familiak identifikatzen saiatu gara", adierazi du Olaldek.