Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko Berehalako Arreta Zentroa (BAZ) gainezka dago azken urteotan, eta plaza kopurua handitzeko konpromisoa hartua zuen aldundiak. Gorka Urtaran Gizarte Politikarako diputatuak hainbatetan iragarri du bigarren zentro bat zabalduko zela, baina azken lizitazioan bertan behera gelditu da asmo hori. Hala salatu dute Berehalako Arreta Zentroko langileek eta ESK sindikatuak, eta aldundiari eskatu diote bere hitza bete dezala eta plaza kopurua handitu. Egun zortzi emakume hartzeko lekua besterik ez dago BAZ zentroan, eta eskaria nabarmen handiagoa da.
Abuztuan aurkeztu zuen lizitazio berria Gizarte Politiken sailak, eta jada ez da aipatzen plaza kopurua handitzeko asmoa. Horren ordez, diru kopuru gehiago aurreikusi dute indarkeria matxistaren biktimei "bizitoki alternatiboak" eskaintzeko. Zerbitzuak gainezka daudenez, askotan hoteletara, pentsioetara edo bestelako bizitokietara bideratzen dituzte artatu beharreko emakumeak eta beren seme-alabak. Langileek maiz salatu dute bertan ezin dutela jaso behar duten arreta maila, eta arriskua areagotu egiten dela.
ESKk ohartarazi duenez BAZ ez da "ostatu bat bakarrik". 24 orduko arreta presentziala jasotzen dute indarkeria matxistaren biktimek bertan, gizarte integratzaile eta hezitzaileen eskutik, urteko 365 egunetan. Berehalako Arreta Zentroak, gainera, indarkeria egoeratik irten berri diren emakumeak eta haien haurrak artatzen ditu, egoera bereziki zaurgarrian daudenak, ziurgabetasun, antsietate eta arrisku handiko momentuan. Bizitoki alternatiboetara bidaltzen dituztenek ez dute jasotzen behar besteko babesa eta arreta espezializatua, langileek salatu dutenez. Azken urteetan dozenaka izan dira urtero BAZetik kanpo gelditu diren emakume eta familiak.
Lizitazioa etenda
Arreta egokia emateko bigarren zentro bat iragarri zuen Urtaranek 2024an, eta 2025ean berriro adierazi zuen urte hartan bertan zabalduko zela BAZ 2 zentroa. 2026an, zentroa zabaldu ez, eta diru gehiago bideratu dute biktimak bizitoki alternatiboetara bidaltzeko. %68 handitu da diru partida, eta hotel eta antzekoetan 1.950 egonaldi ordaintzea aurreikusi du aldundiak.
Lizitazioaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen irailean ESK sindikatuak, pleguak ez zuelako betetzen legeak aurreikusitako arreta zerbitzua, eta behin-behinean etenda gelditu da prozesua, errekurtsoa aztertu bitartean. Langileek eskatu dute lizitazioa behin betiko baztertu dezatela, eta egiturazko konponbideak eskaini.
Aldundiak berak aitortu du azken urteetan zerbitzuaren eskaria nabarmen hazi dela. Datuen arabera, 2021etik 2025era familia kopurua bikoiztu baino gehiago egin da, 34 familia artatzetik 83 artatzera 2025ean. Egun, batez beste ia 14 familia artatzen dira egunero, baina lizitatutako zerbitzuak gehienez zortzi familiarentzako lekua baino ez du aurreikusten.
Sindikatuaren iritziz, "indarkeria matxistaren biktimentzako berehalako arreta ezin da sabaia ematera mugatu". Babesa, segurtasuna eta laguntza profesional jarraitua behar direla azpimarratu dute, eta horretarako plaza kopurua handitu beharra dagoela aldarrikatu dute, ostatu arruntak lehenetsi beharrean.