Bikote harremanean tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzako lehen pausoa izaten da etxetik ateratzea. Erasotzailearengandik urrundu, eta bizitza berreraikitzen hasi. Horretarako, Arabako Foru Aldundiak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, emakume hauek aldi baterako etxebizitza izan dezaten, prozesua abiatu ahal izateko.
Berehalako Harrera Zentroa izaten da lehen pausoa (CAI, gazteleraz). Gehienez 30 egunez egoteko diseinatua dago, eta laguntza gehiago behar izanez gero, epe ertaineko egonaldirako etxeak ere eskaintzen ditu aldundiak. CARME zerbitzua da bat, sei hilabeterako pentsatua gehienez, intentsitate altuko babesa jaso behar dutenentzat; lantalde bat 24 orduz dago haiekin. Bestetik, autonomia pisuak ere baditu aldundiak; hauetan noizean behin jasotzen dituzte gizarte langileen bisitak, emakumeei jarraipena egiteko.
Harrera zerbitzura sartzen diren emakume gehienek ez dute ibilbide guztia egiten. Behar duten bitartean eskura dituzte zerbitzuak, baina autonomia berreskuratzea da asmoa, osatu eta pasa daitezela beren kasa bizitzera. Emakume askok familia edo lagunen babesa jaso dezakete, baina etxebizitza hauek sarerik ez dutenentzat izaten dira, edo tratu txarren ondorioz sarea galdu dutenentzat; emakume zaurgarrienak hartu ohi dituzte.
CARME zentroko langileekin hitz egin dugu, gertuagotik ezagutzeko indarkeria matxistaren biktimek egiten duten bidea. Idoya Lopez de Armentia eta Maria Perez gizarte integratzaileak dira, eta gizarte hezitzailea da Jenni Garcia. Hirurek ematen dituzte hilabeteak emakumeekin lanean, indarrak berreskuratzen doazen bitartean.
Pausoz pauso
Behin etxetik ateratzeko pausoa emanda, gizarte zerbitzuek CAIra bideratzen dituzte emakumeak, maiz haien seme-alabekin batera. Izan daiteke larrialdiko harrera behar izatea, gertakari bortitz baten ostean, edo programatu ere egiten dira irteerak, oinarrizko gizarte zerbitzuekin koordinatuta.

Ez da beharrezkoa emakumeak salaketa judizial bat jarri izana erasotzailearen aurka, eta garrantzia handia ematen diote honi langileek, hainbat lekutan beharrezkoa baita. "Batzuetan askoz arriskutsuagoa da salaketa jartzea, ez jartzea baino", dio Garciak. Baldintza hori gabe jende gehiagorengana heldu daitezke. "Lehentasuna du indarkeria egoeratik ateratzeak. Egongo da denbora ikusteko zer den emakume horrentzako hoberena, eta salaketa jartzeko, beharrezkoa bada".
Lehen erronka arazoa identifikatzea da. Zaila izaten da bizi izandako guztia onartzea ere, eta asko landu behar izaten dute sentitzen duten errua eta lotsa. Prozesu geldoa izaten da, eta asko errespetatzen dituzte haien erritmoak. "Eskubidea dute pixkanaka joateko", Perezen hitzetan. "Badakigu hona heldu behar duzula, baina modu askotara joan zaitezke, ez duzu lerro zuzenean joan behar".
Prozesu bat izaten da emakumeen eta langileen artean konfiantza eraikitzea ere. Zeharka landu ohi dituzte gauzak, beste gai batzuetan babesa emanez, izan osasun kontuekin, haurrekin eskolara joanez, tramiteak egitera lagunduta... eta momentu horietan sortzen da aukera esperientziak partekatzeko. "Gauza txikiei buruz galdetzean haiek konturatzen doaz zer ezin izan duten egin, eta zergatik ezin izan duten egin", dio Garciak.
Nork bere bidea
"Ez dago patroi bakar bat", azaldu du Lopez de Armentiak, "kasu bakoitzean oso ezberdina da biolentzia eragin eta jasotzeko modua". Garrantzia handia ematen diote prozesuak pertsonalizatuak izateari. Emakumeek aukera dute arreta psikologikoa doan jasotzeko, eta CARMEko langileekin harremana sendotzen doan heinean, "askatzen joaten dira".
"Ikusten duzu nola hazten doazen, haien burua entzuten, ahots propioa izaten", dio Lopez de Armentiak. "Etorri berriei nola laguntzen dieten denbora gehiago daramatenek". Hor antzematen dira maiz aurrerapausoak, ikasitako gauzak. "Emakume ikusezinak sartzen dira, eta emakume oso handiak atera".
"Nolakoa dela uste dute gure lana? Kontzientzia gutxi dute errealitateaz."
Maria Perez, CARME
Oso harro daude egiten duten lanaz, eta lortzen dituzten emaitzez. Garciak azaldu du zein pozgarria den gerora kalean topatzea haiekin egondako emakumeak, eta ondo daudela ikustea. "Kalera irteteko beldurrik gabe, pozik, ikasten edo lanean, eta haurrekin familia bat eraikita berriz ere".
"Ez dago barita magikorik", baina haziak jartzen doazela dio, gerorako tresnak ematen. Langileen hitzetan ondo diseinatua dago Araban indarkeria matxistaren biktimen babeserako sistema. Ibilbidea goraipatu badute ere, baliabideak falta omen dira errealitatera lurreratzeko.
Eskaria eta eskaintza
Inor ez da kanpoan gelditzen. Arabako Foru Aldundiak zuzen betetzen du legezko betebeharra, eta biktima guztiei egiten die harrera. Baina aldundiak berak aitortu du eskariak eskaintza gainditzen duela. CAI zentroa beteta dagoenez, emakume batzuk hoteletara eta bestelako "aldi baterako ostatu alternatiboetara" bideratu behar izan dituzte, eskainitako babesaren kaltetan. Aldundiaren datuen arabera, 2024an 35 emakume gelditu ziren ohiko CAItik kanpo, eta 2025eko lehen bost hilabeteetan 24 emakume ziren jada, beren haurrekin.
Zerbitzuak gainezka egon ohi direnez bidean "trabatuta" gelditzen dira batzuk. Perezen hitzetan, askotan ezin da erabaki zein baliabide den komenigarriena bakoitzarentzat. "Momentu egokian leku egokian bazaude, plaza bat suertatzen denean, zortea izan duzu". Baliabideetan berez ezarritako denbora epeak gainditu ohi dira, diotenez, emakumeek ezin dutelako atera, izan beste baliabide batetara, edo alokairu merkatu pribatura.
Eta eskariak gora egiten jarraituko du. Aldundiak berak ohartarazi duenez, ekainean zabaldutako txostenetan, indarkeria matxista ugaritu egingo da hemendik 2030era, bai indarkeria kasuak eta baita salaketak ere. Gorka Urtaran Gizarte Politiken diputatuak plaza kopurua berriz igoko dutela iragarri du aurten. %50eko igoera CAIn, zortzi plaza izatetik hamabira igotzeko asmoa dago.
CARMEko egoera nahasiagoa da. Azken hilabeteetan gatazkan aritu dira, aldundiak hamasei langiletik zazpi kaleratzea proposatu zuelako azken kontratu eskaintzan, beste murrizketa batzuekin batera. CARMEko sei plazak bi etxetan banatuta daude egun. Laster kokapen berdinean bilduko dituzte, eta langile gutxiago beharko omen dira. "Lehen lau familia artatzeko zeuden langileekin sei familia lagundu beharko ditugu orain. Hori zerbitzua prekarizatzea da", Garciaren esanetan. "Guk pertsonekin egiten dugu lan, ez gara espazioen zaintzaileak".
Ez da enpresarik aurkeztu murrizketa horiek dakartzan eskaintzara, eta baliteke aldaketak egotea. Duela hiru aste Urtaranek berak adierazi zuen, EH Bilduren galderei erantzunez, bi plaza gehiago izango dituela CARMEk etorkizunean, zortzi guztira. Plegu berrian ikusteko dago igoera honek zer eragin izango duen langileak kaleratzeko asmoetan, eta zerbitzuaren kalitatean.
Pertsona erdigunean
Azpikontratazioen ereduak zerbitzuaren kalitatea kaltetzen duela argudiatu dute. Perezek salatu du erabakiak hartzen dituztenak "oso urrun" daudela zuzeneko esku hartzeetatik. "Nolakoa uste dute dela gure lana? Profesionala joan, eseri eta esatea: ea, ordubete daukagu, kontatu dena eta konponduko dizut? Kontzientzia gutxi daukate indarkeriaren errealitateaz". Administrazioari leporatu diote eredu asistentzialistara itzultzen aritzea, pertsonak erdigunean dituen zaintza "saldu" bitartean.
Asko zaintzen dute elkar langileek, erraza delako esku hartzean murgiltzea. Psikologikoki oso prestatua egon beharra dago, momentu gogor ugari bizi behar izaten dituzte. Garciak azaldu du distantzia hartu behar dela eraginkorra izateko. "Askotan gainera zure burua ikusten duzu islatua emakumeen bizipenetan, eta mugitu egiten zaitu".
"Emakume ikusezinak sartzen dira, eta emakume oso handiak atera"
Idoya Lopez de Armentia, CARME
Azpimarratu dute oso zaila dela emakumeek egin beharreko bidea. "Erasotzaileak duen boterea oso handia da", ohartarazi du Lopez de Armentiak. "Menpekotasun emozional handiak sortzen dira biolentziaren zikloan, prozesu psikologiko oso sakonak dira, eta tratamendu berezia behar dute". Langileen eskubideak babesteko eskatu badute ere, garrantzia gehiago eman diote emakumeen beharrak zaintzeari. "Zerbitzua babestea emakumeak babestea da".
Duela gutxi migratutako emakumeen kasuak bereziki larriak izaten direla ohartarazi dute. Asko egoera irregularrean daude, isolatuta, eta horrek gehiago lotzen ditu erasotzailearengana. Kontra egin behar izaten diete hark esandako gezurrei. "Sinetsarazten diete ez dutela eskubiderik, laguntza eskatzera badoaz deportatu egingo dituztela, haurrak kenduko dizkietela", dio Perezek. CARMEn joaten dira ikasten zein diren haien eskubideak, eta zein baliabide dituzten eskura.
Zailagoa izaten da harreman bortitz batetik ateratzea seme-alabak tartean daudenean. Erasotzailearekin harremana mantendu behar izaten dute maiz, umeen bisitak kudeatzeko, aitari ez badiote zigor zehatzik jarri. Landu behar izaten da harreman horretan mugak jartzen ikastea ere, nabarmendu dutenez. Emakumeak arrisku egoeran daudenez, babes berezia dute indarkeria matxistaren biktimentzako zentroek, sekretupean mantentzen dira kokapenak. CARMEn emakumezkoak dira langile guztiak, eta garrantzia berezia eman diote etxean erreferenteak emakumezkoak izateari.
Haurren mundu txikia
Ohikoa izaten da, azaldu dutenez, amaren eta haurren arteko harremana oso kaltetua egotea. Emakumearen egoera hobetzen doan heinean, berriz ere lotura eraiki ahal izaten du seme-alabekin. "Haur eta gazte askorentzat ama deskubritzea izaten da, ordura arte ikusezina izan den ama".
Haurrek zauri handiak dakartzatela azaldu du Lopez de Armentiak. "Haur horietako askok ez dute besterik ezagutu, biolentzia da etxean harremantzeko ezagutzen duten modu bakarra". Eta aitarekiko duten lotura emozionalak ere leialtasun gatazka asko sortzen dizkie txikiei. Hasieran amaren aurkako sentimenduak ere izaten omen dituzte batzuetan, errua botaz edo, "etxea suntsitu" izanagatik. "Kaka bat zen, baina hori zen ezagutzen nuen etxe bakarra, eta jada ezin naiz hor egon. Imajinatu zein gogorra den ama batek hori jasotzea bere umeengandik".
Argi esan dute haurrak zaurituta heltzen badira ere ez daudela "kondenatuta" patroi berdinak errepikatzera. Perezek azaldu duenez, "ama berpizten hasten denean, haurrak ere berpizten dira. Ikusi egiten da. Pisu gehiago du ama berreskuratzeak, aitak eragindako indarkeriak baino".
Ipuinak erabili ohi dituzte haurrei laguntzeko bizitako guztia prozesatzen, pertsonaien eta irudimenaren bidez. "Nola azaldu umeei etxe hau sekretua dela, eta denbora batez hemen egon beharko dugula, etxean jada ezin garelako egon". Garciak kontatu du panpinen bidez egiten dutela askotan.
Antzerkia hasi eta haurrek beraiek gidatzen omen dute bidea: "Egoera oso iluna zen, denak zeuden oso triste. Orain etxe oso polit batean daude, etxe seguru batean. Hemen gelditu behar dute, zain daudelako ama pozik egon arte, eta haiek ere pozik egon arte. Denak pozik daudenean joan egingo dira, eguzkia atera delako".