Arabarren jauzia, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan

Ruben Sanchez

Lezaun kiroldegia beteta agurtu du Agurainek lehen fasea. BERTSOZALE ELKARTEA

Ordezkaritza handiagoak publiko gehiago mugitu du saioetara.

2026ko udazkena da. Milaka bertsozale ari dira Euskal Herriaren luze-zabalean bertsosaio batetik bestera mugitzen: zazpi kanporaketa, zazpi finalaurreko eta Iruñeko finala. 50 bertsolari, hamalau gai-jartzaile, hogeita bat epaile, hamarnaka antolatzaile eta ehunka laguntzaile. Ikusleak, berriz, 30.000 baino gehiago izango dira Hazparnetik Iruñera.

"Bertsolari Txapelketak aukera ematen du plazan dauden pertsonak eta diskurtsoak elkar topatzeko, bertsolaritzak eta ikuspegiak elkarrizketan jartzeko. Oholtzan ez ezik, oholtzapean ere elkar ukitzen dute kolore desberdinetako pentsamolde eta pertsonek [...]. Mapan kokatu nahi ditugu, bertsoa, kultura eta euskara ez ezik, baita Elkartearen oinarri, balio eta zehar-lerroak: lurraldetasuna, belaunaldiartekotasuna eta feminismoa", nabarmendu dute Euskal Herriko Bertsozale Elkartetik.

Zentzu horretan, aurtengo txapelketa gureago sentitzen ari gara Arabatik. Zergatik? Bada, bertso saioetan bertsolariak direlako protagonista nagusiak, eta, ikusgarritasun horretan, azken ia 30 urteotan Euskal Herriko Txapelketan Arabako bi bertsolarik esku hartu izan badute ere, 2026ko edizio honetan, eta lurraldetasuna hobeki islatu aldera, Arabako lau bertsolarik kantatu dute. Lau lagunek kantatu izanak, logikoki, Arabako publiko gehiago mugitzea eragin du arabarrek kantatu duten Hazparne, Lekeitio eta Donapaleuko saioetara. Horrez gain, pasa den igandean Agurainen jokatu zen txapelketako azken kanporaketa, non Euskal Herri osoko 700 lagun bertaratu ziren. Azkenik, Gasteizko finalaurrekoa falta zaigu, 2.500 lagunentzat prestatu dute aretoa. Bertsolari eta publikoaz gain, ohi bezala, izan da arabarrik gaijartzaile eta epaile taldeetan, bai eta beharrezkoak diren langile eta boluntarioetan ere.

Peru Abarrategi, Hazparnen. BERTSOZALE ELKARTEA

Donostiako Zinemaldian Donostia saria jaso zuen Werner Herzog alemaniarrak, bertsoak ezin ulerturik ere, Youtube-n txapelketako saioak ikusten dituela aitortu zuen hunkiturik, "bertsolariak elkarri bertsoak bota eta erantzuten nola doazen gorago eta gorago bertsoz bertso". Eta ikusten du komunitate bat bertsolariei begira, zeinaren parte sentitzen den bera ere. Izan badira euskaldunak txapelketa gustukoa ere ez dutenak, baina bai euskal kulturaren beste adierazpide batzuk. Baina, txapelketa, besteak beste, Euskal Herri osoko bertsozaleen topaleku bat da, eta, elkar topatze horretan, arnas handiagoz mugitzen ari dira arabarrak aurten. Arantxa Sobrino oiondar bertsozaleak txapelketako liburuxkan esan gisan: "Araba zazipagarren alaba dela esan ohi da, baina askotan hamazazpigarrena ematen du". 2026ko honetan, esango nuke, zazpigarrenaren aulkian hobeki kokatu dela. Kolokan zegoen aulkiaren azpian, kartoi tolestu bat jarri dutela laugarren hankan.

Aguraingo kanporaketa

Igandean jokatu zen Aguraingo bertso saioa arratsaldeko bostetan. Berez, azken kanporaketa izanik, erakargarrienatakoa bera, finalaurrekoetara zein bertsolari igaroko ziren erabakiko zelako. Alabaina, saioa Aguraingo Euskal Jai Egunean suertatuta (puntu erantzunetako bat: "Aguraingo festetan hamaika ekintza" izan zen), baserritar jantziz etorritako herriko bertsozale bat edo beste pixka bat kexatu zitzaizkigun, izan ere, (beste bat: "Herritik sortu eta herriarentzako") festak izanik, herrikide asko artean herri bazkarian zeudelako, (eta azkena: "Saioan jende asko txosnetan ere bai"). Aissa Intxaustik "Hemen be festa egin besterik ez dut nahi" bukatu zuen ariketa. Eta, edonola ere, Aguraindik, Arabatik eta Euskal Herri osotik etorritako ehunka bertsozalek aukera ere izan zuten Aguraingo festetan zerbait hartzeko. Besterik da aukera baliatu zuten, eta kiroldegitik alde zaharrera mugitu ziren.

Bere tokia finkatu du Arabak txapelketan, ordezkaritza bikoiztu eta komunitatea indartuta

Edonola ere, arabar parte hartzeari berriz helduta, hamarnaka langile eta boluntario ibili ziren goizetik gauera lanean Lezaun kiroldegiko frontoian. Eta, zorionez, sarrerak agortu ziren. Arabarrik ez kantari, baina bi bizkaitar, lapurtar bat eta hiru gipuzkoar, Irati Martinez Izagaren gidaritzapean. Nerea Elustondo Plazaolak irabazi zuen 695,5 punturekin, saioko beste hiru bertsolarik ere lortu zuten finalaurrekoetarako txartela: Gorka Pagonagarraga Agorriak, Asier Azpiroz Iztuetak eta Agin Laburu Rezolak.

Iñaki Viñaspre, Donapaleun. BERTSOZALE ELKARTEA

Hazparnen kantatu zuten Unai Andak eta Peru Abarretegik. Abarretegik lehen agurrean batzuen gogoan zegoen afera kantatu zuen: "Bizkaitarra lehen kidea, naparrarekin bidea, Araba, Iparraldea, gipuzkoarrik gabea, Txapelketako saioa izanda ez al da nobedadea?". Abarrategik saio orekatua eta erregularra egin zuen, ariketa guztiei ondo heldu zien, tarteka distiraz ere bai. Ganbarakoan, puntuazioari begiratuta azkena egin bazuen ere ‒guztira 631 puntu batu zituen‒, hildako aitari hain barrutik kantatu zion, ezen bati baino gehiagori puntuak baino gehiago balio duten malkoak ere eragin baitzizkion. Bere bertsokera sendoaren printzak utzi zituen Hazparnen.

Andak zortziko handian laprasteko batzuk izan zituen, eta ariketa horretan azkena egin zuen puntuazioan, 40 puntu galdu zituen Miren Artetxerekiko, esaterako. Halako hasiera zalantzatia eta urduria izan eta gero, aldartea irauli, eta oso gora etorri zen ondorengo lanetan: zortziko txikian bigarren puntuaziorik altuena egin zuen eta bakarkakoan puntuaziork altuena saioko irabazlearekin, Artetxerekin, berdinduta. Arabarren artean puntuaziorik altuena eskuratu zuen: 636,5 puntu, eta, kanporaketetan kantatu duten 43 bertsolarien artean, 30. geratu da.

Aroa Arrizubieta, Lekeition. BERTSOZALE ELKARTEA

Lekeition kantatu zuen Aroa Arrizubietak. Hasteko agur ederra kantatu zuen, bere bizkaittar jatorria ironikoki aipatu ondoren, honela bukatu zuen "beraz, gaur gasteiztar nator eragin nahiean masan, ikus dezazun zergatik egon behar dugun plazan". Gorabeheratsu ibili zen saioan zehar, ofizioetan tarteka erantzun ederrak boteaz, tarteka trabatsu. Batzuetan gertatzen da ofizio batean batek alde batetik jo, besteak bestetik, eta dialektika egokia ez suertatu. Baina, esan gisan, parean topatu zuenean erantzuna, bete-betean jo zuen. Bakarkakoa indarrez kantatu zuen, hamasei urte eta erdi zuen neskaren paperetik, bera baino hamar urte zaharragoa zen gizonari kargu hartuz. 616 puntu eskuratu zituen.

Herzogek aipatu bezala, komunitatea batzen duen herri mugimendua da bertsolaritza

Arabako egungo txapeldun Iñaki Viñasprek Donapaleun kantatu zuen. Arabako finalean 2004tik etengabe, bi aldiz txapeldun, azpitxapeldun ere beste hirutan... eta lehen aldiz kantatu du Euskal Herrikoan 2026an. Lehen agurrean saiora iristeko bidaia xehetu zuen umoretsu, eta honela bukatu: "Abetxukotik Donapaleura herri bakarra baikara". Viñasprek maiz dio ez dela txapelketako bertsolaria (Arabakoa bi aldiz irabazi duen arren), bere erronka bere bertsokera erakustea zen eta hori oso ondo lortu zuen. Ofizioetan erantzun politak bota zituen, eta bere kantakera indartsua erakutsi zuen. Txapelketetan batzuetan tokatzen da baxuago puntuatzen den saiorik, eta hala izan zen Donapaleukoa, nahiz eta sei bertsolariek oso bertso ederrak bota zituzten. 613,5 puntu eskuratu zituen.

Unai Anda, Hazparnen. BERTSOZALE ELKARTEA

Lauren parte hartzeari begira, esan liteke bitik laura igo izanak arnasa eman diola arabar bertsogintzari, eta bertsolariei presio pixka bat kendu: ez da berdin herrialdearen ordezkaritza zati bi egitea ala zati lau. Emandako maila ikusita, berriz, kanporaketetan lau bertsolari arabar egoteak ez du desorekarik ekarri. Alegia, lauek eman dute kanporaketako maila, eta ale politak utzi dituzte. Hurrengo pausoa arabar bat lehendabizikoz finalaurrekoetan sartzea da. Etorri etorriko da. Beharbada, hurrengoan. Ez dago urruti.

Gai jartzaileak, epaileak...

Epaile lanetan hiru arabar jardun dira: Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga eta Egoitz Iradier. Gai jartzaile taldean beste bi: Lierni Altuna eta Irati Martinez. Aguraingo kanporaketa, lehen esan gisan, Martinezek aurkeztu zuen txukun eta argi, eta Gasteizko finalaurrekoa, berriz Lierni Altunak aurkeztuko du, gai-jartzailegintzan esperientzia luzea eta handia duena. Horrez gain, Aguraingo eta Gasteizko saioetan arabar bertso munduko hamarnaka boluntario aritu dira lanean, Uxue Diaz de Zerio Elkarteko langileak azpimarratu bezala; Iruñeko final handian ere jardungo dira Euskal Herri osoko beste hainbat lagunekin batera.

Finean, txapelketa saiorik saio Iruñera heldu dadin, Euskal Herri osoko ehunka langile eta boluntario jarduten dira lanean, eta, bertsolariek bertsotan bezala, arabarrek ere posible egin dituzte Agurain eta Gasteizko saioak ez ezik, gainerakoak ere.

Finala jokatzeke, eta ia patatekoa eman digu dagoeneko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago