Erdi Aroko bataila ugari gazteluen inguruan erabakitzen ziren, baina, mende luzez, jende xumearentzat animalientzako bazka gordetzea eguneroko biziraupenaren berme bakarretakoa izan da. Gaur egun ere, lasto gazteluak eratzen dira Arabako soroetan, eta horien atzetik joan dira Revelare Kolektiboko Cristina Fernandez, Lorena Lopez de Lacalle, Maryge Rosado, Tanya Fernandez, Toya Perez eta Sandra Remon argazkilariak. "Probintzia urrez eta okrez margotzen duen paisaia atenporal eta efimeroa" erreskatatu dute argazkilariek, argiaren magiaren bidez iragankortasun hori betikotuz.