Gorka Lazkano

"Ulergarri egitea eta sinesgarri izatea: hor dago gakoa eta bilatzen dudan oreka"

Anakoz Amenabar

Azaroan estreinatuko den 'Sacamantecas' pelikulan aritu da Lazkano. EKAITZ ANDA

Gasteizko AEKn hainbat urte daramatza Gorka Lazkanok (Orereta, Gipuzkoa, 1976) klaseak ematen, baina azkenaldian zinemaren munduak ere erabat harrapatu du. Hasieran film labur batzuen itzulpenekin hasi bazen ere, 'Errementari' filmarekin ate handitik sartu zen, eta harrezkero euskal zinemagintzako hainbat proiektu ezagunetan ibili da aholkulari.

Pantailako pertsonaiei benetako ahotsa ematea da Gorka Lazkanoren lana. Ez da kameraren aurrean agertzen, baina berak erabakitzen du nola hitz egiten duten istorio bakoitzean: izan antzinako giro ilunetako euskara zaharrean, edo gaur egungo kaleko hizkera bizian. Proiektu bakoitzaren doinua zehatz zaintzen du, hizkuntza ez dadin atrezzo hutsa izan. Besteak beste, aste honetan estreinatuko duten Inurri itsuak filmean eta azaroaren 6an helduko den Sacamantecas-en entzun ahal izango da haren arrastoa.

'Errementari' pelikula izan zen zure lehendabiziko lana euskara aholkulari gisa?

Bai, ordura arte film laburretako itzulpentxoak egin nizkion Pauli -Urkijo-, eta hori izan zen lehenengo film luzea. Gidoia gaztelaniatik euskarara itzuli behar zen, garaira hurbildu, eta, horrekin batera, tokira hurbiltzea okurritu zitzaigun: XIX. mendeko Arabara. Tankera hori ematen saiatu ginen. Ostean etorri ziren Irati, Ane, Azken erromantikoak, Gaua, Sacamantecas...

Zein da, zehazki, hizkuntza aholkulariaren lana pelikula batean?

Proiektuaren arabera. Batzuetan euskaratu edo elkarrizketak moldatu egiten ditut bakarrik, eta baten batean agian entseguetan aktoreren bati lagundu. Baina lana errodajera luzatzen bada, lehenik itzuli eta moldatu egiten dut, eta gero entseguetan laguntzen diet; hizkera berezia baldin badago, esaterako, denek berdintsu egin dezaten. Izan ere, gauza bat da testuan dagoena, baina gero aktore bakoitzak bere egin behar du testua. Errodajean bertan, filmatzen hasi aurreko entseguetan lagundu, eta gero zaindu egiten dut: kaskoekin entzuten egoten naiz nola doazen elkarrizketak, eta akatsen bat asko errepikatzen baldin bada zuzentzen laguntzen diet. Dena jasotzen dut, script lana ere bada, gero muntatzaileek toma bakoitzaren berri izateko.

Hizkuntza akats batengatik errodajea geratzeraino?

Behin gertatu zait, arazo estruktural bat zelako; nik zuzendariari esan eta berak geratu zuen. Baina oso gauza larria izan behar du. Bestela, normalean nik apuntatu egiten ditut zeintzuk diren toma onak, eta gero muntaketan erabakitzen dute zer aukeratu. Kontuan izan mila faktore daudela: interpretazioak, argiak... Ni behintzat saiatzen naiz hizkuntzaren errail hori zaintzen.

"Hizkuntzaren ikuspegi orokorra dakarren figura bat egotea garrantzitsua da; batzuetan nabari da falta"

'Sacamantecas' pelikularen kasuan, nolakoa izan da erronka?

Oso luzea izan da. Gogoratzen dut Irati filmatzen ari ginela bidali zizkidatela lehenengo itzulpen zatiak. Gidoia erdaraz bidali zidaten; dialogoak euskaraz eta gaztelaniaz ditu. Hasieran ez zuen hainbeste euskara, baina gero irabazi du. Euskarazkoetan Davidek -Perez Sañudo- Arabako euskara moduko bat bilatu nahi zuen. Jakina, anakronikoa da, Sacamantecas bizi zen garaian euskara galduta zegoelako Gasteizen eta inguruetan. Testigantzen arabera, Bigarren Karlistaldiaren garaian ez zen euskaraz hitz egiten. Baina tranpatxoa eginda, hango euskara erabili dugu. Errementarin Arabako ekialdeko euskarara hurbildu ginen, eta honetan erdialdekora jo dugu, Gasteiz ingurukora.

Nola osatu duzu Arabako euskara hori?

Lekukotasun apurrak daude. Landuccioren hiztegi ezaguna, Gerardo Lopez de Gereñuren Voces Alavesas zein Koldo Zuazoren lanak erabili nituen. Adibidez, kasu honetan aditz sistema Legutiokoa hartu genuen, betiere euskara batuaren gainean eraikita. Legutio eta Otxandio inguruko hiztunekin egon nintzen, eta mendebaldeko euskararen beste autore batzuetara ere jo nuen. Betikoa bilatzen genuen: ulergarritasuna eta itxura bat ematea. Gero asko inprobisatu zuten, postprodukzioan ahots asko berriro grabatu zituzten eta gauza asko oso azkar egin behar izan ziren; orduan, nire aldetik Arabako euskara horren sakontasuna azalekoagoa izan da agian, zirkunstantziek eraginda. 

Zeintzuk dira euskalki horren ezaugarrietako batzuk?

Mendebaldeko euskararen ezaugarri asko ditu. A + a bukaera horiek, artikulua gehitzea berezkoa duten hitzei (hormea, adibidez). Baina batzuetan arau hori ere hautsi egin behar izan dugu, segun eta ze hitz belarrira nola etortzen ziren edo aktoreen erosotasunari begira. Neologismoak saihestu genituen. Eta, adibidez, "pentsatzen" erabiltzea erabaki genuen, "pentzetan" egin beharrean. Arau-hauste kontziente batzuk daude ulergarriago egiteko, baina kolore bat mantentzen du. Negoziazio bat izaten da zuzendariarekin, zenbat busti eta zenbat ez adosteko.

Aurreko lanak baliagarriak izan zaizkizu hau osatzeko?

Bai, beldurra kentzeko ere bai. "Zer baratzetan sartzen ari zaren" pentsatzen duzu hasieran... Lekzio filologikorik eman gabe, hori ez baita helburua, baina errespetua ematen du, euskarari eta jendeari zor zaion errespetua. Ulergarri egitea eta sinesgarri izatea: hor dago gakoa eta bilatzen dudan oreka.

Aktore gehienekin lehendik ere egin duzu lan, ezta? 

Bai, batzuekin errepikatu dut: Patricia Lopez Arnaizekin, Joxean Bengoetxearekin, Edurne Azkaraterekin, Eneko Sagardoirekin... Oso esperientzia ona izan da. Gaztelaniazko aktoreekin harremana azalekoagoa izan da, Antonio de la Torrerekin adibidez. Gaztelaniazko zatia ez nuen nik gainbegiratzen kasu honetan, baina Voces Alavesas aztertzen ari nintzenez, Arabako berezko hitz batzuk proposatu nizkien: "unos mocorros de leña" eta halakoak. Ulergarritasunarekin jokatu behar da beti, baina hitz oso politak daude bilduma horretan. Momentu bereziak izan dira errodajean. Gauza oso koralak direnean, esate baterako, zoramena da; Gasteizko katedral zaharrean filmatzen, zortzi pertsona testua botatzen, haietako askorentzat lehenengo eguna errodajean, denak hizkera artifizial batean hitz egiten... dena apuntatzen eta zuzentzen joan behar duzu aldi berean... Halako eromen momentuak egoten dira.

'Inurri itsuak' pelikulan ere aritu zara... 

Hori erabat euskaraz da, Algorta aldean girotua eta Las ciegas hormigas eleberrian oinarritua. Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga edo Elena Urizekin, Igor Legarretaren zuzendaritzapean. Kasu honetan, Igorrek ukitu bat eman nahi zion, mendebaldeko euskararen zera bat, baina ezaugarri asko ez dizkiogu jarri, berari arrotza egiten zitzaiolako eta ulergarri egitea lehenetsi duelako. Hor ere puntua bilatzen joan gara, bere inpresioen arabera.

Gorka Lazkano, Izaskun Arrue Kulturgunean. EKAITZ ANDA

Orain arte egindako lanekin pozik? 

Bai, pozik nago. Beti ikusten dizkiet hobetzeko gauzak pelikulei, baina dauden baldintzak kontuan hartuta, ahal duguna egiten dugu. Euskara hain presente egon ez den arlo bat da hau eta orain bat-batean gauza asko sortzen ari dira. Jende askorentzat oso garrantzitsua da eredugarritasuna, euskaldun guztientzako moduko hizkera bat egotea, baina zuzendariak girotze lan bat egin nahi du eta euskarara leku zein garai konkretu batera eramatea eskatzen dizu. Oreka hori zaila da: batzuek esango dizute Algortan garai hartan ez zela horrela egiten, eta gero aktoreak leku desberdinetakoak dituzu...

Garai batean egiten zen kritika bat zen elkarrizketa artifizialak izaten zirela euskarazko telesailetan...  

Egin dugun bidean uste dut asko ikasi dugula. Antzerkiak hamarkadak daramatza lan hori egiten, eta aktoreek beraiek detektatzen dute elkarrizketak inpostatuak direnean. Goenkalek berak, esate baterako, izan zuen bilakaera bat eta uste dut naturaltasun horretara hurbildu zela.  

"Zenbaitetan arau-hauste kontziente batzuk daude ulergarriago egiteko, baina kolore bat mantentzen da"

Ikusle modura, zeri ematen diozu garrantzia?

Batez ere, sinesgarria izateari. Horren barruan sartzen da, esate baterako, familia bereko kideek antzeko hitz egitea; ez dadila gertatu batek "dot", besteak "det" eta besteak "dut" esatea. Eta espresioak zainduak izatea, taberna bateko barran "emango zenizkidake bi zerbeza?" moduko gauzak ez esateko.

Gaur egun gehiago zaintzen da aholkulariaren figura ekoizpenetan?

Gero eta gehiago zaintzen da, baina askotan ez dago dirurik filmaketan halako figura bat ordaintzeko. Eta nabari da falta hori, txarrerako. Niri gertatu zait itzulpena egin, moldatu eta gero filmaketan egoteko aukerarik ez izatea. Bakoitzak ahal duena egiten du, baina ikuspegi orokorra dakarren figura bat egotea garrantzitsua da.

Zer botatzen duzu faltan euskarazko fikzioan? 

Genero aniztasuna, nahiz eta gero eta gehiago egiten diren eta anitzagoa den, eta ekoizpen kopuru handiagoa izatea. Euskal Telebistan azken aldian gehixeago egiten ari dira, baina ez da nahikoa; oraindik ere zuzendari gazte askok trabak besterik ez dituzte proiektuak aurrera ateratzeko, eta asko bidean geratzen dira. Nik neuk proiektu askotarako egin ditut itzulpenak gero filmatu ez direnak. Pena da, oso ideia politak eta ilusio handiko zuzendari zein gidoilariak daudelako.

Laster berriro ekingo diozu lanari...

Bai, hurrengo astean hasiko gara Paul Urkijoren hurrengo proiektuarekin. Euskal ipuin batean oinarrituta dago hurrengo pelikula, beldurrezkoa izango da, umore beltzeko puntuekin eta oso ganberroa. Euskara aldetik erronka uste nuena baino errazagoa izango da, baina erronka bestela ere izango da, Paulen pelikula guztietan izaten den bezala. •

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago