Zazpi zuhaitz espezie ezagutzeko abagunea

Juanma Gallego

Basoak ezagutzeko eta zaintzeko beharra azpimarratu du Arabako Zientzien Museoa. JUANMA GALLEGO / ALEA

Espezie horien bitartez, inguruko baso ekosistemen gaineko informazioa zabaldu nahi du Arabako Natura Zientzian Museoak.

EAEko zazpi zuhaitz espezie gertuagotik ezagutzeko gonbidapena egin du Arabako Arabako Natura Zientzien Museoak, Zazpi zuhaitz nagusi. Euskadiko zuhaitz eta basoak izeneko erakusketarekin. Gure inguruko natura ondarea hurbiltzen du proposamenak, paisaien aniztasuna ulertzeko funtsezkoak diren zazpi espezie horien bidez.

Pagoa, haritz kanduduna, ametza, erkametza, artea, pinu gorria eta haltza dira aukeratutako espezieak. Aldundiak ohar batean ezagutarazi duenez, espezie horietako bakoitza lurzoruaren, hezetasunaren, tenperaturaren, erliebearen eta baso bereizgarrien baldintza jakin batzuetara egokituta dago. Diotenez, baien banaketak aukera ematen du Euskal Autonomia Erkidegoko eta, bereziki, Arabako ingurune naturalen aniztasuna ulertzeko.

Ana del Val Kultura diputatuak nabarmendu duenez, "zuhaitzak eta basoak gure paisaiaren parte dira, baina baita gure historiaren parte ere. Lurraldea nola erabili dugun, zertaz bizi izan garen eta ingurunearekin nola erlazionatu garen markatu dute. Haiek hobeto ezagutzea Araba hobeto ulertzeko modu bat ere bada".

Erakusketa Marta Infantek eta Patxi Herasek komisariatu dute. Botaniko horiek arduratzen dira Arabako Natura Zientzien Museoko VIT Herbarioa kontserbatzeaz, dokumentatzeaz, ikertzeaz eta handitzeaz. Zazpi zuhaitz horien bidez, erakusketak azaltzen du nola ingurumen baldintzek zehazten duten espezie batzuen edo besteen presentzia, eta nola haietako bakoitzak baso mota desberdinak sortzen dituen.

Pagoa "lainoaren zuhaitza" da, ingurune fresko eta hezeei lotua. Haritz kanduduna, berriz, "zuhaitz mitikoa" da. Nahiago ditu lurzoru sakonak, hezeak eta trinkoak, eta klima atlantiko, euritsu eta tenperatura neurritsuekin lotuta dago. Gizakiaren jardueraren ondorioz, gara batean oso zabalak ziren hariztiak asko murriztu dira orain. Ametzari "haritz ileduna" ere esaten zaio, ilez estalitako hosto oso ebakiak dituelako. Erkametza, berriz, bereziki adierazgarria da trantsizio subkantauriarreko zonan, eta Araban du banaketa eremu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan.

Espezieekin jarraituz, artea lehortasun handiagoko baldintzetara egokitzen da. Zuhaitz hostoiraunkorra da, eta artadiak eta garriga basoak eratzen ditu. Pinu gorria EAEko koniferorik ohikoena da, batez ere egokitzeko duen gaitasun handiagatik. Azkenik, haltza "oinak uretan" dituen zuhaitza da, ibai ibilguei eta istildutako lurrei lotuta dago. Zuhaitz hauek egon ohi diren ekosistemek bioaniztasun handia izan ohi dute.

Zazpi zuhaitz nagusi. Euskadiko zuhaitzak eta basoak erakusketa museoaren 40. urteurrena ospatzeko programazioaren parte da, eta 2027ko otsailaren 28ra arte bisitatu ahalko da.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago