Mikel Bustamante aktore amurrioarra izango da ETAk bahitu eta hil zuen Miguel Angel Blancoren papera egingo duena Blanco filmean. Aktoreak ibilbide oparoa egin du zineman eta telebistan, eta besteak beste, Maixabel, La casa de papel, Nasdrovia eta Cinco lobitos lanetan parte hartu du; azken film horretan egindako lanagatik Goya sarietarako izendatu zuten. Filmaren errodajea azaroan hasiko dute, Felix Biskarret zuzendariak gidatuta.
Pelikula honek Miguel Angel Blancoren azken orduak irudikatzea du helburu, bere bahiketaren eta hilketaren aurreko egunetako gertakariak pantailara eramanez. Besteak beste, garai hartako giroa eta herritarren mobilizazioa irudikatzeko eszenak osatuko dituzte, "1997ko testuingurua ahalik eta modu errealistenean islatzea" izango baita produkzioaren helburuetako bat. Proiektuak Miguel Angel Blanco Fundazioaren eta Blanco Garrido familiaren babesa du, eta filma 2027ko uztailean estreinatzea aurreikusi dute, Blancoren heriotzaren 30. urteurrenarekin bat eginez.
Bustamanterekin batera, beste aktore ezagun batzuek ere hartuko dute parte proiektuan; hala nola Eneko Sagardoi, Jon Ander Urresti, Natalia Huarte, Carlos Scholz, Lander Otaola, Susana Abaitua, Urko Olazabal, Amaia Aberasturi, Israel Elejalde eta Ramon Bareak.