ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak...
Aktore lanak Cinco lobitos pelikulan duen mailaren erakusgarri, filmeko lau protagonistak izendatu dituzte Espainiako Zinema Akademiak banatzen dituen Goya sarietarako. Besteak beste, Mikel Bustamanteren (Amurrio, 1986) antzezpena aitortu dute, gizonezko aktore berri onenen artean, Alauda Ruiz de Azuaren lehendabiziko film luzean egindako lanagatik. Larunbatean, hilaren 11n, Sevillan ospatuko den galarako azken beroketak egin bitartean hitz egin du arabarrak ALEArekin.
Zer sentitzen da halako izendapen batekin?
Poztasuna eta, ospakizuna gertu egonda, urduritasuna. Orain arte lasai nengoen... Izendatuen irakurketa zuzenean jarraitu nuen, eta sekulako poza izan zen. Banekien aukeraren bat zegoela, baina oso zaila ere bazela aurten egin diren pelikula zoragarriekin. Nire izena esan zutenean, eromena!
Saria jasotzeko esker hitzak prest dituzu?
Oso zaila izango da. Telmo Irureta primeran dago La consagración de la primavera pelikulan, Christian Checa En los márgenes-en, Alcarràs pelikulako aktoreak ere bai... Baina zeozer prestatu dut badaezpada, eta ziurrenik paper batean eramango dut. Gainera, aurten gogortu egin dituzte baldintzak, eta eskertzak ezin dezake minutu bat baino gehiago iraun; antza, minutu bat baino gutxiagokoen artean asteburu-pasa egiteko sariak ere izango dira, kar-kar. Tira, nirea asko moztuta ere, ezingo dut, minutu eta erdikoa izango da...
Nola heldu zen 'Cinco lobitos' zure eskuetara?
Laia Costaren mutil-laguna izateko papera zen, hori besterik ez zidaten esan hasiera batean, eta nik izugarri miresten nuen Laiaren lana. Noski! Ez nuen zalantzarik izan. Aurrera! Hiru proba izan ziren, ia hiru hilabeteko tartean. Ondoren esan zidaten Ramon Barea eta Susi Sanchez ere bazeudela. Ikaragarria. Gidoia izugarri gustatu zitzaidan hasiera hasieratik, oso gertukoa iruditu zitzaidan, eta pertsonaiaren energia ere nirearen oso antzekoa. Tira, lagunek pelikulako pertsonaia ni naizela esaten dute. Nahiko samurra izan zen lana, egia esan, ez nuen gauza handirik egin behar izan: inguruko lankide handiei adi entzun.
"Lau pertsonaia inperfektu dira, ahal dutena egiten dute, ahal duten moduan"
Etxera alaitasun pixkat daraman pertsonaia da zurea, ezta?
Dramaren artean, haize freskoa da. Baina, hori ere, egin nahi duzun irakurketaren arabera. Nire ustez, filmak duen gauza ederrenetako bat da Alaudak –Ruiz de Azua– ez dituela lau protagonistak epaitu. Lau pertsona inperfektu dira, ahal dutena egiten dutenak, eta ahal duten bezala, baina ez ditu ona eta gaiztoa bereizi. Nik hasieran, filmatzen hasi ginenean, pelikulako gaiztoa nintzela esaten nion zuzendariari, etxetik ihes egiten nuelako... Baina Alaudak argi utzi zidan ez zegoela ez txarrik, ez onik, bizitzan gertatzen dena kontatzen genuela bakarrik. Beraz, pentsa, Javi nire pertsonaiari buruz denetarik esan didate, pelikulako kabroiena naizela, eta baita pertsonaia normalena ere.
Inperfekzio horrek egiten du erakargarri? Zein da, zure ustez, pelikulak izan duen harrera onaren osagai nagusia?
Pertsonaiez gainera, gaiak ere erakargarriak direla uste dut. Gai unibertsalak jorratzen ditu, amatasuma eta aitatasunari buruz hitz egitearekin batera, familiaz hitz egiten duelako. Eta denok dugu familia; seme-alabak izan gara, guraso ez izan arren; denok zaindu gaituzte eta zaindu egingo dugu... Oso zaila da pelikulak nonbaiten ez ukitzea. Eta zenbat eta gehiago ikusi, orduan eta detaile eta geruza gehiago deskubritzen dira. Sei aldiz ikusi dut nik, eta beti aurkitzen dut xehetasun berriren bat. Alaudak magia egiten du.
Lau aktore protagonista, eta denak Goya sarietarako izendatuta...
Niretzako ohore bat izan da, ikasketa bat Laia Costa, Susi Sanchez eta Ramon Barearekin lan egitea. Pertsonaiarengandik hurbil sentitzen nintzen, eta nire kideek dena eman dute; adi entzutea eta gozatzea besterik ez zitzaidan geratzen. Eta hala izan da, opari bat. Madrilen lehenago, eta Bakio eta Mundakan gero, hilabete eta erdi eman genuen errodajean, eta bikain pasa genuen. Dramaren erdian, gainera, barre galantak egin ditugu.
Lehen pelikula luzea du Alauda Ruiz de Azuak. Nolakoa izan da berarekin lan egitea?
Benetako gozamena. Bere lehendabizikoa da, baina ez dirudi, dagoeneko hainbat film egin dituela ematen du. Konbinazio bikaina du, nire ustez. Alde batetik, alde teknikoa asko kontrolatzen du, besteak beste, publizitatean lan handia egin duelako eta film laburrak ere egin dituelako, eta, beste alde batetik, sentsibilitate izugarria du. Entseguak testurik gabe egiten genituen, elkarrekin jolastuz, familiaren loturei buruzko inprobisazioak eginez, familia osoaren lotura indartuko zuten egoerak proposatuz. Laiarekin, adibidez, zenbait sekuentzia inprobisatu genituen: elkar ezagutu zutenean, kontzertu batetik irteten... Eta, gainera, entseguak banaka egin genituen, ez genituen lau protagonistak batera egin guztiak guztiekin egon aurretik. Hori ere benetako lotura sortzeko modu bat da, eta zoragarria iruditu zitzaidan. Pelikula egitera heldu ginenerako lotura handia genuen elkarren artean, gauza askori buruz hitz egin genuelako aurretik, eta modu askotara egin genuelako. Bestalde, Alaudak ematen dizun askatasun sentsazioa ere aipagarria da; berak oso argi du zer nahi duen, baina askatasun handia uzten dizu eta zure ekarpena ere bilatzen du. Zuk nola esango zenuke hau? Nola egingo zenuke? Hori gozamena da. Jolasten ari zara, probatzen ari zara, eta, aldi berean, zure aletxoa jartzen ari zarela sentitzen duzu.
"Istorioaren aldeko erabakiak hartu ditu Alaudak, luzitzeari lehentasuna eman beharrean"
Edozein etxetan grabatutako dokumentala ematen du.
Erabat. Kamerak guretzat lan egiten zuen sentsazioa genuen, aktoreontzat; batzuetan, posizioaren edo marka baten arabera egiten duzu lan, horren arabera mugitzen zara, eta hemen justu kontrakoa zen, "egin nahi duzuena, eta kamera zuen bila joango da". Bestalde, toma desberdin asko egiten genituen. Toma bat oso ona izan zela esaten zuen Alaudak, baina beste era batera ere probatu behar genuela; zoriontsu beharrean, adibidez, eszena hori haserre. Eta horrek ere balio zuen. Errodajea amaitutakoan, apur bat sentsazioa zen ez genekiela zer pelikula egin genuen.
Umetxoak ere tartean daude pelikulan. Zailagoa izan zen errodajea?
Ez da erraza haurtxoekin lan egitea, baina hainbat aukera genituen: A plana, B plana, C plana... Negar egiten badu, handik joko dugu; isilik geratzen bada, beste handik... Panpin batekin egin genituen entseguak, eta benetako haurrekin egiten genuenean sekulakoa zen, bultzada errealista bat ematen ziolako istorioari, benetan ari ginelako aurrean genuen ume hori zaintzen. Zaila eta, aldi berean, erraza izan zen.
Zuk zeuk ere hainbat film labur zuzendu dituzu. Badu antzekotasunik zuen lanak?
Antz pixka bat badu nire moduarekin. Niri ere gustatzen zait aktoreei lehentasuna eta askatasuna ematea, azken batean horiek kontatuko baitute istorioa. Baina, batez ere, asko ikasi dut Alaudarekin; ederra da patxadaz eta pazientziaz nola lan egiten ikustea. Gustatu zait, baita ere, nola hartu dituen pelikula muntatzeko erabakiak; toma asko zeuden aukeratzeko, eta ez zen lan erraza. Nik sekuentzia ikusgarriak ikusi ditut zuzenean, gero pelikulan ikusi ez direnak; gogoan dut Ramon Barearen bat, pertsonaia negarrez ari dena hileta amaieran, eta hori ez dago pelikulan. Halako erabakiak istorioaren alde joateko erabakiak dira, luzitzeari lehentasuna eman beharrean. Edonork jarriko zukeen Ramon bere paper ederrean negarrez, baina Alaudak istorioaren alde egin du, eta beharbada ez zen negarra erakusteko momentua hori. Uste dut muntatzerako garaian sekulako inteligentzia erakusten duela, benetako istorioaren alde beti. Hori ere masterclass gisa hartzen dut zuzendari bezala.
Zuzendari lanetan 'Lugar de nacimiento' laburra duzu aurkeztear.
Bai, banaketa lanetan izango gara laster. Azken urteetan film labur ugari egin ditut, eta horiek ireki didate nolabait luzeetan lan egiteko aukera. Atera zaizkidan aktore lanak labur horiei esker izan dira, aspertu arte ibili garelako lanean, eta bati edo besteari heldu zaizkiolako. Azkenean, ez dakizu ongi zergatik, baina ikusi behar duen pertsonak ikusten du eta aukera berriak sortzen dira, behintzat hala izan dira azken hiru urteetan atera zaizkidan lanak.
Aspaldi utzi zenuen Amurrio atzean...
Amurrion jaio arren, hiru urterekin Gasteizera joan ginen. Ostean zenbait urte egin nituen Bilbon alprojakeriatan, Bartzelonan zinema ikasketekin jarraitu nuen, eta handik Madrilera. Azken urteak bertan eman ditut askotariko lanekin. Bikotearekin batera ekoizetxe bat ere daramagu, batez ere aktoreentzako videobook-ak eta bestelakoak prestatzen, eta lanez gainezka gaude; ahoz ahokoak ondo funtzionatu du, eta itxarote-zerrenda bat dugu. Horiek batetik, eta bestetik aktore lanak. Cinco lobitos-ekin Berlin eta Malagan hasi ginen iaz, eta oraindik jarraitzen dugu batera eta bestera promozioarekin, ikaragarria izan da. Eta beste proiektu batzuk ere badira airean, baina ikusiko dugu zertan gertatzen diren, ogibide hau horrelakoa baita; dena ondo bidean, serie bateko protagonista izango naiz, eta Euskal Herrian aktore lan txiki bat egiteko aukera ere izango dut laster.