Zein izan da zure harremana mapuzungunarekin?
Ni asimilatutako familia batetik nator, ez zegoen mapuzungunik gure artean. Chiloekoa naiz, Wallmapuren hegoaldeko muturrekoa, eta okupazioaren hastapenetan hemengo espainiarren ondorengoek ere mapuzungunez hitz egiten zuten, ia gazteleraz baino hobeto. Baina asimilazio kultural eta linguistiko prozesuaren ondorioz mapuzungun hiztunen azken belaunaldia XIX. mende amaierakoa izan zen, nire kalkuluen arabera. Ordutik ez da izan ia mapuzungun bizirik Chiloen. Nik banuen kontzientzia jatorri indigena zuela gure familiak, abizenagatik, familiako erreferentziengatik, baina besterik ez. Temucora joan nintzen ikastera, eta laster sartu nintzen lan politikoan, elkarte maputxe bat sortu genuen, eta hor izan nuen lehen esperientzia mapuzungun biziarekin, eta ikasten hasi nintzen. Hasieran ia bitxikeria gisa, izenak, esanahiak… eta gerora jada ikasketa kontzienteago bat, politikoagoa. 1991n Katalunian eta Euskal Herrian egon nintzen, hor piztu zitzaidan kontzientzia gehiago, eta itzultzean enfasi gehiago ematen hasi ginen mapuzungunaren gaiari, eta hizkuntza berreskuratzen.
Nolakoa da mapuzungunaren egungo egoera soziolinguistikoa?
Sintesi historiko txiki batekin hasiko nintzateke, jendea kokatzeko. XVI. mendetik aurrera daukagu mapuzungunaren dokumentazioa, eta garai hartan Wallmapun guztiz zabaldua zegoen hizkuntza. Betiko kontraesana, espainiarren iturrietatik jasotzen dugu maputxeen historia. Espainiarren okupazioak, hasieran, ez zuen ekarri hizkuntzaren galera esanguratsurik; espainiarrak biztanleriaren zati oso txikia ziren garai hartan, eta maputxeak asko, 600.000 pertsona inguru. Mapuzunguna hizkuntza indartsua zen, oso zabaldua, eta hizkuntza frankoa ere bai, maputxeak ez ziren beste herri askok erabiltzen zuten, etorritako espainiarrek barne, ezberdinen arteko harremanetan. Ezaugarri horiek galtzen hasten dira XIX. mendean, estatuen sorrerarekin, eta Wallmapuren okupazioarekin, armada eta kolonoak indartsuago sartzen direnean.
Zer eragin zuen okupazioak?
Ezberdina da Andeen alde bakoitzean. Gulumapun, Txileren menpeko zonaldean, erreserbak sortu zituzten maputxeentzako, eta XIX. mende amaieran lur sail batzuk utzi zizkieten, lurraren %10 inguru, beste guztia Txileko estatuak bereganatu zuen. Puelmapuren kasuan are bortitzagoa da, sarraski eta triskantza politika ezarri zuelako Argentinako armadak. Kontzentrazio esparruak zeuden, haurrak lapurtzen zizkieten Buenos Aireseko familia aberatsen zerbitzari gisa eskaintzeko, oso dokumentatua dago hori. Indarkeria handia erabili zen, eta beste hainbat kasutan bezala, eskolak etorri ziren eta hor eman zitzaion kolpe erabakigarria hizkuntzari.
Gaztelera inposatzen zen bertan?
Hori da. Misioak ezarri ziren, haien eskolekin, eta baita estatuen eskolak ere. Eskoletan berehala hasi zuten asimilazio prozesu hori, mapuzungun hizkuntza debekatuz. Testigantza asko daude debekuenak, jasotako zigor fisiko eta psikologikoenak, eta XX. mende osoan zehar modu intentsiboan ezarri ziren politika horiek. Hala heltzen gara egungo egoerara.
Eta nolakoa da egungo egoera?
Gaur egun 1.800.000 bat maputxe gara guztira, gure burua maputxetzat hartzen dugun pertsonak, Andeetako bi aldeetan. Ez gara herri txiki bat, nahiz eta asko Wallmaputik kanpo dauden, Santiago hirian adibidez. Wallmapu kontuan hartuta, gure lurralde historikoa, biztanlerian %30 inguru gara, gutxiengo demografiko eta politikoa. Hau egiturazko arazoa da, asko baldintzatzen du edozein estrategia politiko. Gainera, bereizi egin behar dira maputxe izatea eta hizkuntza jakitea. %30 horren barruan %16ak soilik daki mapuzungunez hitz egiten. Gehienbat adineko biztanleak dira dakitenak, zahartua dago hiztun komunitatea.
"Onartu behar dugu gutxiengoa garela, eta hortik abiatuta eraiki gure estrategia politikoa"
Zuk lurralde osoaren ikuspegia izan behar dela defendatzen duzu, ez soilik maputxeak diren komunitateena.
Bai, Wallmapu osoa hartu behar dugu kontuan, hemen ez gaudelako maputxeak soilik, txiletarrak ere badaude. Biztanleria osoa kontuan hartuta asko jaisten da mapuzungun hiztunen kopurua; %4 inguru da soilik. Beraz, politika linguistiko maputxeak pentsatzerako orduan ikuspegi territoriala behar dugu, harremana dugulako biztanle guztion artean, eta nik uste dut mapuzunguna denontzako izan behar dela. Ez dut ulertzen zergatik ukatu behar zaion norbaiti mapuzunguna ikastea. Maputxe izan gabe Wallmapura bizitzera datorren jendeari zergatik esango diozu ez dezala ikasi mapuzunguna?
Eztabaida hori badago maputxeen artean, ezta?
Bai. Niretzat arazo estrategikoa da. Pentsatu dezagun momentu batean, mapuzunguna berpizteko politika soilik bideratzen zaiela maputxeei, eta demagun eraginkorra dela. Orduan bi hiztun komunitate izango genituzke: maputxeen hiztun komunitatea, ezagutzen dituena mapuzunguna eta gaztelera, eta soilik gazteleraz dakien komunitatea. Bien arteko harremanak ematen dira etengabe, ez gaudelako zulo batean sartuta, eta orduan harreman guztiak gazteleraz izango dira.
Antzekoa gertatzen zaigu guri ere.
Halako kasuetan, oinarrizkoa da bi gizarteek, bi giza taldeek izatea aukera mapuzunguna ere erabiltzeko, hizkuntza ezagutzea. Gero ez duzula erabili nahi? Hori beste kontu bat da. Baina gaur egun ezin diozu norbaiti eskatu mapuzunguna erabiltzeko, ez baldin badaki. Gero ziur asko gertatuko da norbaitek mapuzunguna ezagutzea eta erabili nahi ez izatea, hori beste arazo bat da, baina ez da ezin duenik. Zuk ahalko diozu mapuzungunez hitz egin, zure eskubide linguistikoak gauzatu ahalko dituzu.
Besteek ikasi beharko lukete, zuek hitz egin ahal izateko?
Bai. Bestela ezinezkoa da hitz egitea. Maputxeok hizkuntza ezagutzea lortzen badugu ere ez da eraginkorra izango, ahalegin hutsala izango da; etengabe izango gara komunitate gutxitu bat. Hau azaltzeko bi termino erabiltzen ditut, komunitarismoa eta territorialismoa. Uste dut politika maputxea orokorrean, ez soilik hizkuntzari dagokionean, komunitarista dela. Maputxeen eskolak, maputxeen unibertsitatea… komunitateari begira soilik, ghetto politika bat da, uko egitea Wallmapu berreskuratzeari lurralde gisa. Mapuzungunaren ezagutza orokortua behar dugu lurralde osoan, bestela ezingo da bideragarria izan.
Nolakoa da egoera legala?
Oso prekarioa. Txileko kasua ezagutzen dut gehiago, baina Argentinakoa ere antzekoa da. Txilen berez badaude lege pare bat hizkuntza indigenak aitortzen dituztenak, eta "dentsitate indigena altuko" zonaldeetan ikastetxeek aukera dute eskatzeko kulturarteko hezkuntza elebiduna deitzen den programa. Horretarako gutxienez ikasleen laurdenak izan behar du maputxea, eta mapuzunguna erakusteko aukera dago, nahiz eta erresistentzia asko ere sortzen diren. Lau ordu izaten dira astean, baina leku askotan irakasleek ere ez dute hizkuntza jakiten, eta ikasgaia bilakatzen da kultura maputxeari buruzkoa, ez mapuzungunarena. Ez dago murgiltze eredurik ez antzekorik. 30 urte bete ditu aurten kulturarteko hezkuntza elebidunaren programak, eta bilakaera aztertuta esan dezakegu ez duela sortu mapuzungun hiztun berririk.
Zein dira orain erronka nagusiak zure ustez?
Bereizi egin behar dira helburu linguistikoak eta kultura maputxearen ingurukoak. Esan daiteke kulturarteko hezkuntza elebidunak lagundu duela aitortza gehiago egiten kultura eta herri maputxeari; gehiago ezagutzen da. Baina ezin gara nahastu, hori ez da mapuzunguna berpiztea. Hurrengo pausoak zailak dira, baina eztabaida sortu behar dugu hizkuntzaren murgiltze ereduari buruz, eta oso atzeratuta goaz. Azken finean, oso gutxi dira hizkuntza gutxituen biziberritze prozesu eraginkorrak, eta guk esperientzia horiei begiratu behar diegu. Ez daukagu denborarik gure antzera dauden esperientziei begiratzeko. Prozesu eraginkor horietan ikusten da murgiltze ereduak funtzionatzen duela hoberen. Hori lortuta ere hainbat arazo topatuko ditugu, giza baliabide falta, materialak; zaila izango da, baina saiatu behar dugu.
"Gezurra da konkista espainiarrak ez zuenik ekarri hizkuntza indigenak galtzea"
Optimista zara?
Beno, zantzu batzuk badaude pixka bat optimista izateko, baditugulako gaitasun intelektualak, eta indarra herri gisa, borroka gaitasuna eta memoria historikoa. Bultzatu genezakeen berreskuratze prozesu irmoago bat. Gure indar propioekiko naiz optimista, zer potentzial daukagun. Adibidez, Temucoko Universidad Catolican lauzpabost urte daramatzate Hizkuntza eta Kultura Maputxearen Pedagogia karrera ematen, mapuzungun irakasleak sortzeko.
Hemen batzuek esaten dute euskara inposatzen ari garela.
Nik ere entzun behar izan dut mapuzunguna inposatzen dugula. Mesedez, desagertzen ari da eta! Ikuspegi politikotik edo ideologikotik aztertu behar dugula uste dut. Nazioaz hitz egiten dugu, Wallmapuz, autodeterminazioaz, baina uste dut askotan mobilizazioa sortzeko soilik erabiltzen direla hitzok, ez estrategia politiko gisa. Autodeterminazioa lortu nahi baduzu benetan, onartu behar duzu gutxiengoa zarela, eta hortik abiatuta erabaki zure estrategia. Guk gehiengo politikoa eraiki behar dugu, eta horrek esan nahi du maputxetik harago joan behar dugula, gainerakoak integratu, eta mapuzungunez.
Eta nola konbentzitu jendea bat egin dezan mapuzungunarekin batera datorren proiektu politiko horrekin?
Konplexua da. Pandemiarekin jende asko etorri zen gurean bizitzera, eta horiek ere integratu behar ditugu, bestela beste kolonizazio prozesu bat izango da. Nik jendeari esango nioke hona etortzean kontziente izan behar dutela maputxeen lurraldean daudela. Eta pentsatu dezatela, nola errespetatu dezaket nik lurralde hau? Ditugun arazo guztiekin, ingurumenekoak, estraktibismoa… nola defendatu? Kultura maputxea baloratzea, errespetatzea, abstrakzio bat da. Gonbidapenak izan behar du Wallmapu maputxe bat eraikitzera, mapuzungunez hitz egingo duena. Etorri gurekin herria eraikitzera.
Espainiako telebista publikoan, Iñaki Gabilondo buru, diote espainiarren konkistak ez zuela gaztelera inposatu, eta ez zituztela hizkuntza indigenak debekatu.
Wallmapuren okupazioaren hasieran agian ez zuten egingo, nahita ere ezin, biztanleria espainiarra oso txikia zelako. Baina XVIII. mendetik aurrera gutxienez bai. Dokumentu askok erakusten dute hizkuntza inposatzen hasi zela Espainiako koroa, eta gero Txile eta Argentinako estatuek jarraitu. Hala ere, uste dut espainiarrek ez zutela Wallmapu okupatu hizkuntza inposatzeko, hasieran lurrak nahi zituzten, indigenen eskulana. Baina ondoren bai inposatu zutela hizkuntza, bortizki gainera. Norbaitek esaten badu konkista espainiarrak ez zuela ekarri hizkuntza indigenak galtzea, hori gezurra da.