ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak...
Zulueta jauregiko lorategi ederrean egin dute hitzordua Gladys Giraldok (Bogota, Kolonbia, 1958) eta Toni Cunhak (Benguela, Angola, 1972) ALEArekin. Beste bisitari batzuk ere ari dira arkitektura eta inguruaz disfrutatzen. Ordea, zenbatek galdetu diote euren buruari jauregi honen atzean zer gordetzen den? Eta Arte Ederren Museoa hartzen duen Augustin Zulueta jauregian? Zenbatek arakatu dute ondare horien jatorrian? Julian Zulueta (Anuntzeta,1814-Habana, 1878) markes eta esklabistak urteetan kateatutako altxor zenbaezinen katebegi txiki bat baino ez dira, eta, aldi berean, kolonialismoak Gasteizen duen erakusleiho handiena. Ondotxo ezagutzen dute Giraldok eta Cunhak, eta oraindik askorentzat "ikusezina" den gaia bistaratzeko lanean hasi dira. "Zor historiko bat dago, eta hori azaleratzen saiatuko gara".
Jakingurak batu ditu biak, eta elkarrekin lan egitea erabaki dute. Aspaldi hasi zen Giraldo kolonialismo eta esklabismoaren inguruko irakurgaiekin, baina dokumental bat gakoa izan zen gaia sakonago aztertzen hasteko. Ekintzaile eta teoriko dekolonialen lanen atzetik, David Olusoga afro-britainiarraren lan bat aurkitu zuen. Esklabista ingelesen izen-abizenak argitara eman zituen, esklabotzaren abolizioaren ostean "merkantziaren" galeragatik konpentsazio bat jaso zutenen zerrenda. "Erresuma Batuak, zehazkiago herritarrek, milioika libera gastatu behar izan zituzten esklabistei ordaintzeko; kolonialismoaz gainera, zinismoa eta umiliazioa". Horrek gaiaren inguruan gehiago ikertzera eraman zuela gogoratu du, baita gertuko protagonistak ezagutzera ere. "Aurreko urte guztietan honen inguruko ezer entzun ez banuen ere, hala deskubritu nuen, esate baterako, XIX. mendeko trafikatzaile eta esklabista handienetako baten hirian bizi naizela, eta haren adarrek oraindik bizirik jarraitzen dutela".
Galdera batek eraman zuen Cunha gehiago jakin nahi izatera: "Zergatik jarraitzen du gurean arrazakeriak?". Ikertu eta bilatzen hasi zen, eta imajinatuko ez zuen eraikitako egitura oso bat agertu zitzaion begien aurrean, Atlantikoko esklabo-salerosketaren hasieratik. Euskal Herriko esklabisten izenak ere agertu ziren han. Aldiz, ingurukoek ez zuten horren berririk; Julian Zulueta edo Manuel Iradier Gasteizko kaleen izenak edota hiriburuaren erdigunean paratutako monumentuak baino ez ziren haientzat. "Herritar askok ez dute lotsarik sentitzen arabar hauek egin zutenagatik, haien berri ere ez dutelako. Are gehiago, hiri batek pertsona hauei tituluak emateak dena esan nahi du, gertatu zena kamuflatzeko modu bat da".
Esklaboen erresistentzia
Ikertu eta irakurritako guztiaren artean, bada Toni Cunhari bereziki deigarri egin zaion elementu bat, gutxitan aipatu ohi dena, eta beste askotan informazio faltagatik albo batera utzi dena. Esklabo bihurtutako pertsonen erresistentzia gogoratu nahi izan du. Hamar eta hamazazpi ordu arteko lanaldiak, eguneko otordu bakarra, indarkeriaren mende, bortxaketak tartean. "Deigarria egin zitzaidan bizi zituzten baldintzetan nolako erresistentzia egin zuten, bizitzari eusteko eta borrokatu ahal izateko atera zuten indar hori. Ihes egin zuten esklaboak, zimarroiak, Palenque komunitate indigenetan bildu zirenak. Erresistentzia modu desberdinak bilatu zituzten, eta hantxe kokatuko nuke nik abolizionismoaren jatorria; atal horrek arreta berezia merezi duela uste dut".
Inperio ekonomiko handia eraiki zuen Kuban Kulian Zulueta esklabista arabarrak
Gertuko pertsonaien artean, berriz, Julian Zulueta Amondo nabarmendu dute biek. Ez zen lehendabiziko esklabista izan, beste asko izan ziren, Martin Alzaga Olabarria aramaioarra eta beste familia batzuk ere tartean, gogoratu dutenez. "Ordea, Julian Zulueta eta haren familia benetako kriminal kartel bat dira, ez gehiago ez gutxiago", esan du Giraldok. "Berak bakarrik milaka esklabo izan zituen, eta, kalkuluen arabera, bere itsasontzietan egindako itsasaldietan behintzat 20.000 heriotza izan ziren. Zuluetari buruz hitz egitea elite oso bati buruz eta kriminalei buruz hitz egitea da". Hemezortzi urterekin, 1832an, Anuntzeta herri txikia utzi eta Kubara joan zen, aurretik heldu zen Tiburtzio osabak zituen kafe sailetan lan egitera; haren lur sailak heredatu zituenean hasi zuen benetako negozioa esklaboekin. "Vienako 1815eko Kongresuak pertsonen salerosketa debekatu zuen ordurako, baina ez esklabotza, eta, hain zuzen, horregatik XIX. mende erdialdean trafiko ilegalaren negozioak askoz ere irabazi gehiago eman zituen", azaldu du. Azterlanek aipatzen duten kalkuluen arabera, egungo 13.643 milioi euroko dirutza bildu zuen. "Aberastasun hori oinordetzan hartu zuten eta biderkatu egin zuten".
Gai honen inguruko "amnesia" historikoa, baina, handia dela uste dute. Herritar gutxik dute kolonialismoaren berri eta erakundeen aldetik ez da lanik egin lurraldeko protagonista nagusiak ezagutarazteko, azaleko azalpenez harago. Santa Isabel kanposantuko mausoleo handiena, hain zuzen, Zulueta familiarena da, eta Gasteizko Apaiztegia ere familiaren diruarekin eraiki zuten, besteak beste. Diru horrek egin duen ibilbideari gutxi begiratzen zaio, ordea. "Nondik atera da diru hori? Ez da esaten. Eta esaten bada, azkar esaten da. Ez da xehatu lau mende iraun zuen errealitate bat; XIX. mende amaieran Zulueta protagonista nagusietako bat izan zela ahaztu gabe".
Arabako pertsonaien artean, bada beste protagonistarik. Manuel Iradier esploratzailearen irudi erromantikoa "desmuntatzeko" garaia ere badela uste dute. "Jakintza eta esfortzuarekin bera bakarrik Afrika ezagutzera doan esploratzailearen mitoa eraiki nahi izan dute, miresten zuen Henry Stanleyren antzera, baina ez zen halakoa izan, besteak beste ehunka zamaketari, bertako kolaboratzaile eta emaztea ere harekin izan zirelako", gogoratu du Giraldok. "Hari eskerrak, Berlingo 1885eko Konferentziaren aurretik, Europak Afrika banatu zuen batzar horren aurretik, ondo itxita eraman zituen Espainiara Ekuatore Gineako jabetza tituluak. Inozentea zen, baina ez inozoa".
Atzean, arrazakeria
Zulueta, Iradier, Alzaga, Andagoia. Lanik ez dute falta, eta zeregin horretan ari dira "alfonbra gorriak altxatzen". Arabak duen ondarearen eta lotura kolonialen berrikuspena egitea beharrezkoa dela uste dute, memoria historiko ariketa sakon bat. Iraganeko kontua dela diotenen aurrean, ez dute zalantzarik egungo gertakariekin dituzten konexioak agerikoak direla, "eta aurrekoak osatu ezean, ezin izango da aurrera egin". Horren guztiaren oinarrian "arrazakeria" dagoela azpimarratu du Cunhak, eta adibideak nahi beste dira gaur egun. "Arrazakeria da ondare iraunkorrenetako bat, mingarrienetako bat. Lege eta arauetatik hasita, Espainiako Atzerritar Legearekin adibidez, eta eskoletan ematen den segregaziora. Zer gertatzen ari da hiri honetan segregazioarekin? Hortxe daude arrazakeriaren egiturazko mekanismoak". Historia liburuetan eta eskola testuetan ikusezin izan diren pertsonaiak mahai gainean jarri behar dira, euren esanetan, eta memoria astindu. "Gizateriaren kontrako krimena egin dute; bortxaketak, haurren esplotazioa, tortura, tratu txarrak. Genozidak dira. Atlantikoko esklabo-salerosketa, NBEren arabera, gizateriaren bortxazko desplazamendurik handiena izan da. Ez dira argudioak falta".
Nondik hasi, ordea? "Erantzukizunaz eta aitortzaz" hitz egiten hasi behar dela uste dute. Eta, ildo horretan, Karibeko Komunitateak (Caricom) proposatzen duen hamar puntuko plana eredugarri izan daiteke, gogoratu dutenez; besteak beste, herri indigenak garatzeko programa, kultura-erakundeak, analfabetismoa desagerraraztea, errehabilitazio psikologikoa, teknologiaren transferentzia eta zorraren kitapena eskatzen ditu. "Ez da damu edo erru kontua, izatekotan erantzukizun kontua da. Zor historiko bat dago; historia ezin daiteke aldatu, baina hamaika aukera ditugu orain".
Bide horretan, adibide desberdinen artean, jesuiten esku dagoen AEBetako Georgetown unibertsitatean egindako urratsak gogoratu ditu Giraldok. "Pauso interesgarriak eman dituzte. Barkamena eskatu dute, eta esklaboen ondorengoei ikasketak finantzatu dizkiete, unibertsitatearen zorra ordaintzeko saldu zituzten esklabo haien ondorengoei". Halako ekinaldiak eman daitezen bultzatu nahi dutela azaldu dute; momentuz horretarako indar nahikorik ez dutela aitortu arren, lehenengo saiakerak egingo dituzte.
Contrapunto kolektiboaren bitartez azaleratu nahi dute kolonialismoa
Gehiago irakurri eta datu berriak ezagutu ahala, mugiarazteko beharra sentitu dute Giraldok eta Cunhak, eta beste zenbait lagunekin Contrapunto kolektiboa osatu dute. Batik bat, prestakuntza dute helburu, ikasketa dekolonialen baliabideen zentro bat osatzea. "Horretarako orain gutxi arte hutsik zegoen Zulueta jauregia aukera ona zatekeen", esan dute irribarrea ahoan. "Erreparazioa ez da soilik ekonomikoa. Kontzientzia eta arraza justizia beharrezkoak dira. Eta hori lortzeko ezinbestekoa da zer gertatu zen denok ezagutzea", azpimarratu du Cunhak. Sentsibilizazio kanpainekin hasi nahi dute, besteak beste, Zuluetaren noblezia-tituluak desmuntatu ahal izateko. "Kontua ez da familiak kriminalizatzea, ez da hori gure asmoa. Kontua da bakoitzak bere gain hartzea dagokiona. Nolanahi ere, gu geu ere ondare metaketa horren onuradunak gara, ongizate-maila bat duen gizarte batean bizi gara horri esker, eta ardura ere badugu".
Contrapuntok egin nahi duen zabalpen lan horren lehendabiziko saioa joan den maiatzaren 6an egin zuten. Kolonialismoak Gasteizen utzitako arrastoak ezagutzeko, bisitaldi gidatu bat antolatu zuten, lagun artean; aurrerago, hori egokitu eta modu ofizialean egiteko aukera aztertzen ari dira. "Esklabisten ondarea bertatik bertara ikusten duzunean, gertutik senti dezakezu, ez da historia pasarte soil bat; erdiguneko kale garrantzitsuenetan daude garai latz horren oihartzunak", azaldu du Cunhak. Santa Isabel hilerritik hasita, Manuel Iradierren estatuara eta Zulueta jauregira ere gerturatu ziren. "Mingarria ere izan zen zenbait momentutan. Bakoitzak atzean dugun motxilarekin, ezin gaitezke aldendu kontatzen ari garen historia honetaz; baina, are mingarriagoa da ikustea seme-alabek zure arbasoek bizi izan zutena bizi behar dutela orain; lan egiten jarraitu behar dugu".
Arrazakeria egunerokoan
Urteekin aldaketak izan diren arren, jendarteak arrazista izaten jarraitzen duela uste du Cunhak. "Beti izan da gizarte arrazista. Eta orain, gainera, 'migratzaile' hitzak inbaditzailearen, pobreziaren, eta lana lapurtzera datorren jendearen konnotazioak hartu ditu; eraiki diren konnotazio negatibo horiek guztiek are gehiago sustatu dute arrazakeria". Egunerokoan horren adibide ugari aurki ditzakeela gogoratu du, urrunegi joan gabe ere: "Egunero nabaritzen dut. Gertuko pertsonekin izaten diren elkarrizketetan badira txiste batzuk edo hitz egiteko modu jakin batzuk konnotazio arrazista hori daramatenak, ez nahita bilatutakoak, baina arrazista direnak". Afrikari buruzko ezjakintasuna ere erabatekoa da kasu gehienetan, "eta narratiba guztiz eurozentrikoarekin".
Giraldok ere hizkuntzari erreparatu dio arrazakeria antzemateko garaian. "Berniz linguistiko bat eman zaio arrazakeriari, politikoki zuzena dena aipatzen da, batez ere hedabide aurrerakoienetan, baina egiturazko arrazakeria basatia dago oraindik atzetik, eta gizarte honetan oso errotuta dago". Herrialdeak eta errealitate desberdinak ez ezagutzea ere bada horren isla. "Erabateko deskonexioa dago kolonialismoarekin dugun ardurarekin. Ondare koloniala ezkutuan mantendu da Euskal Herrian, eta ez da loturarik egin gaur egun dugun erantzukizunarekin".
Kolonialismoaren arrastoa eta, azken batean, arrazakeriaren zantzuak egunerokoan ia oharkabean igarotzen direla gogoratu dute, horietako batzuk telebistan. "El Conquis bezalako programek oraindik badute horren oihartzunik: gizon zuriaren abenturak, ezezaguna den abenturazalea esploratzeko dagoen lurralde batean... Erabat barneratuta dugu imajinarioan. Eta garapen lankidetza programez ere hitz egin dezakegu, esaterako...".
Contrapunto, lanean
Giraldok eta Cunhak jakin badakite gai polemikoa dela esku artean dutena, eta "azkura" ere eragin dezaketen hamaika adar dituela gaiak. "Lotsa ere bada tartean, egindakoa aitortu nahi ez izatea. Baina uste dugu deseraikitze lana ezinbestekoa izango dela hurrengo hamarkadetan". Bide horretan, Contrapunto kolektibotik ale txiki bat jarri nahi dute, lan proposamen ugari dituzte eta parte hartzeko deia egin diete gasteiztarrei. "Batik bat, arrazializatutako jendea gonbidatu nahiko genuke taldera, ahots propioa behar dugu, baina ekarpenak egiteko prest dauden lagun guztiak elkartu nahi ditugu".