Txapelketa inauguratu zenuten larunbatean. Zer moduz joan zen?
Unai Anda: Bai, inauguratu dugu, eta gogotsu gainera. Esango nuke saioa orokorrean joan zela polit, jendea gustura egon zela entzuten. Ni, beno, hasieran nahiko nahasita bezala aritu nintzen, burua pixka bat joanda, baina gero ondo egon nintzen bestela.
Peru Abarrategi: Ni ere saioaren helburu kolektiboekin gustura. Publikoa bero egon zen, orokorrean saio azkarra eta entzuteko arina izan zela uste dut, eskertzen da hori txapelketan. Uste dut ni saiora nahiko ondo sartu nintzela, eta ez nuen momentu txarrik izan oholtza gainean. Apur bat luze egin zitzaidan, zentratua egoteko, eta amaierarako apur bat gogogabetua bezala.
Laugarren eta bosgarren gelditu zarete Unai eta Peru, zer balorazio egin duzue?
P.A.: Nik ariketa batzuetan nahiko gertu ikusi nuen nire burua beste bertsolariengandik. Eta gero bakarka puntuazio nahiko baxua lortu nuen. Banuen sentsazioa apur bat bidea lar forzatu nuela kantatu nuena kantatzeko, ez nintzen oso konbentzitua geratu ea gaia ondo heldu nuen ala ez. Beste batzuek askoz gehiago asmatuko zuten, agian gehiago arriskatu ere bai; denboraz ere agian ez nintzen azkar ibili, eta halakoetan normalena da zigortzea. Ez dut uste gure kasuan 10-20 puntu gora behera asko aldatuko litzatekeenik kontua. Fase honetan kriba handia izaten da, eta nahikoa zaila zen hurrengo fasera pasatzea.
"Batzuetan ematen du arabarrok demostratu behar dugula hor egon gaitezkeela"
Unai Anda
U.A.: Puntuazioei kritika egitea beti izaten da airean txapelketetan. Adibidez, Peruren bakarkakoa niri asko gustatu zitzaidan, ez dakit nola zigortuko zuten. Nire kasuan ez daukat kexatzeko arrazoirik, puntu nahikotxo lortu nituen ondo egin nuenean. Askotan ez datoz bat zuk dituzun sentsazioak eta gero epaileek dituzten irizpideak. Puntuak gorabehera, aukera bat da Arabarentzat; ez dakit demostratu beharko genukeen, baina batzuetan ematen du bai demostratu behar dugula hor egon gaitezkeela.
Hau jarri zizueten ganbarako gaia: 'Begietara begiratu diozu, ez dakizu sinetsi edo berriro gezurra erraten ari zaizun'. Zuk Peru aitari kantatu zenion.
P.A.: Bai. Ez dakit zergatik, baina buruak horra jo zuen, orain urte batzuk etxean izan genuen aitaren heriotzera, eta horri kantatzea etorri zitzaidan. Agian ez nuen asmatu esplizitatzen begietara begira esandako mezu hori zein zen, ez dakit, bigarren bertsoa ez zen bereziki borobila izan, amaierarako pentsatua nuena azken aurreko puntuan bota nuen, gero xelebrekeria bat egin beharra… uste dut bertsoak ez zirela txarrak izan, baina ez nuen jakin agian gaira zentratzen hiru bertsoak, denboraz apur bat pasatu… azken finean Euskal Herriko txapelketan maila handia dago, eta halako akatsak ez dira barkatzen. Ez dago beste bueltarik, ea hurrengo batean asmatzen dugun.

Zuk Unai, lagun drogazaleari kantatu zenion.
U.A.: Bai. Berehala etorri zitzaidan gaia, ez bereziki ezerengatik. Eta pentsatua neukan, halako ariketetan, hiru bertso pentsatu behar direnean, denbora asko behar denez, onena izango zela burura etortzen zitzaidan lehenengo gauza botatzea. Eta hori etorri zitzaidan. Nahiko eroso egin nituen bertsoak, eta badirudi jendeari gustatu zitzaiola.
Miren Artetxek irabazi zuen saioa.
P.A.: Miren faboritoetako bat izango zen ziur, eta nik ondo ikusi nuen. Egia da oholtzatik ez naizela kapaza izaten besteen saioak ondo entzuteko, batzuetan deskonektatu egiten duzu. Ez nau harritzen Mirenenak, oso maila handia du, eta hurrengo fasean ere zeresana eman dezake.
Unai, lehen aldia zenuen zuk Euskal Herriko txapelketan. Ezberdina al da Arabakotik?
U.A.: Ez luke ezberdina izan behar, baina gertatzen da, daukan dimentsioagatik, eta arabarrontzat izan duen pisuagatik. Nigan ere izan zuen pisua, hasieran behintzat. Berezia da Euskal Herrikoa beti, baina oholtzan zaudenean beste saio bat gehiago da, edo hala behar luke.
Zuk bigarren aldia zenuen Peru.
P.A.: Bai, eta nahiko txukun prestatzeko aukera eduki dugu aurten. Autokritika puntu bat edo, Euskal Herriko txapelketan, nola espektatibak ez diren hain errealak izaten, hain zaila denez hurrengo fasera pasatzea, gehiago kostatzen zait gose hori izatea, lehiakortasun hori.
"Azkenean egun bateko kontua da; bertan inspiratuta egon eta asmatzea"
Peru Abarrategi
Aroa Arrizubietak irailaren 27an du saioa Lekeition, Iñaki Viñasprek Donapaleun urriaren 3an.
P.A.: Nik oso ondo ikusi ditut biak, entrenatzeko elkartu garenean. Bertan izango gara gu biok animatzeko asmoz. Oso bertsolari onak dira, eta asko izango dute emateko, bati baino gehiagori susto bat emateko modukoak dira. Ziur gozatuko dutela, eta guk haiekin.
U.A.: Oso jende gutxi doa aurrera fase bakoitzean. Baina gose hori piztuta mantendu behar da; badakigu gertatzekotan garrantzitsua litzatekeela guretzako.
Nola prestatzen da bat Euskal Herriko txapelketarako?
U.A.: Sinplea izan da, hartu aurreko txapelketetako gaiak, edo antzekoak, eta saio osoak egin, denok elkarrekin. Ez dauka misterio handirik. Gero bertsoaldi ostean komentatzea, nola joan den, zer falta izan zaion edo nondik joan zitekeen; baina orokorrean egiten entrenatzen da.

P.A.: Nik uste hori dela aurten lau arabar egotearen aspektu positiboenetako bat. Behintzat lau pertsona egon gara horri begira, eta aukera izan dugu bertso eskola bat sortzeko lauron artean. Baina gero azkenean egun bateko kontua da; egunean bertan inspiratuta egon eta asmatzea, eta zorte apur bat beti behar izaten da alde.
Zuentzako seguruenik bukatu da txapelketa, ezta?
P.A.: Bai, uste dut hori errealitate bat dela. Orain nik pertsonalki beste ikuspegi batetik ere jarraituko dut txapelketa. Lagun pila dago, laneko kontu batzuk ere tokatuko zaizkit, segiko dut txapelketa jarraitzen, baina batzuetan petoaz, beste batzutan ikusle, eta inongo kexa barik.
U.A.: Guretzat bukatu da, eta orain gogo handiz animatzera hurrengo saioetan, arabarrak bereziki.