Bi urte daramatza Garcia Antoñanak (Iruñea, 1977) Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolaren zuzendaritzan. Artea bere horretan sustatzearen beharra azpimarratu du, bai eta eskuekin lan egitearen abantaila ere.
ALE! Zeramikari buruzko Nazioarteko Biltzarra egingo duzue urriaren hasieran. Nola sortu da ekimena?
Lurraldean artisautzari bultzada bat eman nahi genion, eta Arte eta Lanbide Eskola beti oso lotuta egon da horri. Tira, beti dago artearen eta artisautzaren arteko muga lauso hori, ezta? Prestatzen ari ginela, berotzen hasi ginen, esanez 'urlia ekarriko dugu, eta berendia ere...'. Bada, joan den astean programa aurkeztu genuen. Urriaren 8tik 12ra egingo dugu. Besteak beste, igandean egun osoko egitarau bat egongo da Aihotz plazan. Une aproposa izango da gaiarekin kontaktuan jartzeko. Erakusketa bat egongo da, bai eta raku-a ere. Oso ikusgarria den ekialdeko teknika bat da hori; suarekin asko jolasten da, eta gauez egingo da. Eta astelehenean, Artiumen, zine zeramikoa egongo da.
Nolabaiteko boom bat al dago zeramikan, ala?
Bai, badago. Hemengo irakasleekin hitz egiten, esaten dute horrek pandemiaren garaian gertatutakoarekin zerikusi handia duela. Gaiarekin lehen hartu-emana izan zuen jende askok gero jarraitu nahi izan zuen. Bestetik, ikasleekin hizketan, esaten dute pisu handia duela ukimenak. Buztina ukitzean izaten den sentsazioa, alegia
'Ghost' filmaren irudia datorkit burura...
Honetaz dakitenek esaten didate eszena horrek kalte asko egin diola buztingintzari, kar-kar! Buztingintza lanbide bat da, eta tornua teknika zailenetako bat da. Ordu asko sartu behar dira horretan. Horregatik, badira ikasleak Ghost-en ideia honekin datozenak, baina gero konturatzen dira teknika ez dela zirudiena. Oso teknika konplikatua da, eta ordu asko sartu behar dira horretan. Blanka [Gomez de Segura] hemen tornuan izan genuen, eta zoragarria izan zen. Eurek deitzen duten mokil zatitik abiatzen dira, baina oso zaila da. Nik neuk konprobatu dut, tornu batean jarri naizenean. Oso errazak direla diruditen teknikak gero nahiko konplikatuak izan ohi dira.
Gomez de Segurari omenaldia egingo diozue...
Bai, 8an horrekin hasiko gara, Legution. Horma irudi bat inauguratuko da, hemen eskolan uztailean tornuan landu ziren hainbat piezarekin. 40 orduko tornu lanketa egin genuen, Blankak daramatzan 40 urteen omenaldi gisa edo. Ez pentsa, baina, ez du erretiroa hartuko!
Duela bi urte 250. urteurrena ospatu zenuten.
Oso urte indartsua izan zen, eta urtea amaitu genuen Fournierren kolaborazioarekin. Familiak beti harreman oso estua izan du eskolarekin. Lehen karta jokoaren diseinatzaileak eskolako irakasleak ziren. Liburutegia beren dohaintza izan zen ere. Erraztasun ugari eman zizkiguten, eta Nuria Perez Carcamok diseinatu zuen karta jokoa. Gure emakume irakasle eta ikasleei omenaldia izan zen, bai eta emakume kartagileei ere. Egin genuen mus txapelketa oso dibertigarria izan zen.
Zer eskaintzen dio eskolak hiriari?
Arautu gabeko formazioa ematen dugu; hemen ikasten dutenek ez dute titulu ofizialik jasotzen. Halere, iaz matrikulazio markak hautsi genituen, 1.200 izen emate baino gehiagorekin, eta aurten seguruenera gaindituko dugu kopurua. Herritarrei artearekiko kontaktu zuzena eskaintzen diegu, batere helbururik gabe. Norberaren formazioa da helburu bakarra. Eskertu beharra dago jasotzen dugun harrera: ateratzen ditugun ikastaro guztiak betetzen dira! Umeak edota 55 urtetik gorakoak dira ikasle gehienak.
Aisialdi gehiago dutenak, orduan.
Halaxe da. Umeen artean, gure gabezia bat bertute bihurtu dugu. Aurrekontuagatik, ezin izan ditugu eskuratu pantailak edo arbel digitalak, irudi eta bideogintzara bideratzen direnak alde batera utzita. Bada, hona datozen umeek sormena lantzen dute, eskuekin. 55 urtetik gorakoen artean ere ikasle asko ditugu. Badago bizitzaren une bat, familia edo lana direla eta, non arautu gabeko formazio bat agian ez den oso erakargarria. Normalean, adin tarte horretatik datozenek deskonektatu nahi dute, baita pantailetatik ere. Eskuekin lan egin nahi dute. Argazkilaritzaren barruan, foto geldoa da diziplinetako bat, adibidez. Ez pentsa, ikasgela bakoitzak bere ordenagailua du, eta, garai batean, inbertsio handia egin zen internet sartzeko. Bestalde, helduei eskolak ematen dizkieten irakasleek bereziki diote ikasleei asko kostatzen zaiela zerbait desberdina egitea; gauza berriak probatzea, sormenari tokia uztea... ez kopiatzea asko kostatzen da. Proba eta akatsa egitea, funtsean. Artea da horretarako ingurune egokia.
Galdetu behar nizun belaunaldi berriak erakartzeari buruz... baina, esaten didazunez, hori ez da kezka.
Lau eta zortzi urte bitartean haur sormenerako ikastaroa daukagu, eta zortzitik hamahirura, arte gaztea. Eta talde txiki bat sortu dugu, hamasei urtera arte daudenak. Handik aurrera, helduen tailerretara pasa daitezke.
Zeintzuk dira arrakasta gehien duten diziplinak?
Marrazkia da gurekin 252 urte daramatzan diziplina bakarra. Berez, eskola doako marrazki eskola bezala hasi zen, eta mantendu da.
Artearen solfeoa izango balitz moduan...
Bai. Irakasleek esaten didate marrazkia guztiaren abiapuntua dela. Egurra lantzea, adibidez, askoz errazagoa da oinarrizko marrazkigintza jakinez gero. Berdin zeramikarako. Baina, oro har, margoak, akuarelak, egurra... dira arrakasta gehien izaten duten arloak. Nik beti esaten dut eskola honetan gero eta gehiago garela arte, eta gutxiago lanbide. Egur tailerrean aulkiak edota mahaiak egiten ziren beste garai batean. Orain ebanisteria ez da lantzen, hori lanbide heziketa bati baitagokio. Gainera, Euskadin Lanbide Heziketa izugarri ona daukagu. Iaz praktika artistikoak izeneko ikastaroa eskaini genuen, lehen kontaktu orokor bat izateko hasierako urtean. Eta iaz ere martxan jarri genuen paper lanketa. Bete egin zen! Koadernaketa eta larrua ikastaroak ere beteta ditugu.
Nola aukeratzen dira ikastaro berriak?
Daukagun gaitasunaren arabera moldatzen gara, irakasleekin edo ikasleekin hitz eginda. Eta ideia asko ere administraziotik datoz, kontaktu zuzena daukatelako informazio bila datozen lagunekin. Etortzen zaizkigun proposamenekin, ahal dugun heinean erantzuten saiatzen gara, baina gure baliabideen arabera. Zikloetan aldaketak egiten saiatzen gara. Ni sartu nintzenean, bazegoen jendea hogei urte zeramatzana egur lanketan, baina bazegoen ere kanpoan zegoen jendea. Hori pixkanaka konpontzen joan gara, beste diziplina batzuk probatu ditzaten.
Nola lantzen duzue euskara?
Euskara Normalizatzeko Plan Estrategikoan buru-belarri ari gara orain. Joan den ikasturtearen amaieran lehen zirriborroa aurkeztu genuen. Eta ikasturte honetako gure helburuetako bat da plana bukatzea eta martxan jartzea. Aurrerapauso asko eman ditugu euskararen normalizazioan. Ikasleengana jotzean, kartelak egitean, sare sozialak kudeatzean... euskaraz eta gazteleraz egiten dugu. Oso oinarrizkoa dirudien honetan guztian asko aurreratu dugu. Gainera, instituzioek eskatzen diguten zerbait da, diru publikoa jasotzen dugulako.
Txikiekin, aspalditik ari gara lanketa horretan. Klaseetan euskara erabiltzen da, hasieratik, eta bi hizkuntzak erabiltzen dira. Helduen artean, ez dauzkagu soilik euskarazkoak diren taldeak. 60 urtetik aurrera, Araban, euskaraz dakien ehunekoa txikia da. Baina esango nizuke klaseetan euskara eta gaztelera erabateko normaltasunez erabiltzen direla.
2024ko hautaketa prozesuan, hautagaiei plan bat eskatu zizueten, proba bat bezala. Zer nolako lur hartzea egon da errealitatera iristean?
Bi urte hauetan aldaketa batzuk egin ahal izan ditut, baina badago bereziki bat oraindik lortu ez dudana, horretan ahalegindu arren: finantzaketa pribatua lortzea. 250. urteurrenean Fournierrek eta Vital Fundazioak laguntza eman ziguten, bai. Baina uste dut oso garrantzitsua izango litzatekeela enpresen laguntza lortzea. Asko da eskola honek lurraldeari eskaintzen diona, baina zaila da enpresen inplikazioa lortzea. Horretan jarraitu beharra dago.
Aukeraketa prozesuan, polemika egon zen, Bi urte pasata, nola gogoratzen duzu?
Eskolan inoiz bizi izan ez nuen polemika bat izan zen. Nik ez nuen eskolarekin batere harremanik, ezta arte plastikoekin ere. Eta hori klaustroari ere argi utzi nion. Tira, bi urte hauetan dagoeneko zerbait ikasi dut honen inguruan. Sartu nintzenetik, irakasleek eta zerbitzuetako langileek gauzak erraztu dizkidate beti. Baina gustatuko litzaidake diru publikoarekin ezein harreman duten lanpostu guztietan curriculuma aztertu dezatela nire curriculuma aztertu izan zuten lupa berdinarekin. Herritar bezala, eskertuko nuke.
Zer zenbakitan mugitzen zarete?
Aurten ia 1.300 ikaslera iritsiko gara. Orotara, 24 pertsona gara plantillan. Horietatik hamasei irakasleak dira. Besteak, administrazioa, garbiketa, atezaintza eta ni. Aurrekontuari dagokienez, gutxi gorabehera udalak eta aldundiak heren bana jartzen dute, eta ikasleek beste herena jartzen dute, beren matrikulekin. Eskertu beharra dago udalaren eta aldundiaren laguntza, haiek gabe hau guztia egitea ezinezkoa izango litzatekeelako. •