EH Bilduk iragarri du foru gobernuak Arabako errepide nagusiak finantzatzeko aurkeztu duen proposamena babestuko duela. Akordio ona dela esan du Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaile Eva Lopez de Arroiabek.
EH Bilduk foru arau berriaren hainbat alderdi "birbideratzea" lortu dutela azaldu du bozeramaileak, besteak beste, "progresibitatea edo mugikortasun iraunkorreko politika publikoen bultzada kontuan hartzen dituen kobrantza sistema berri baten oinarriak finkatzen dituztenak". Foru gobernuarekin adostutakoaren arabera, AP-68ko egungo tarifaren gaineko %70eko beherapena bi urtez mantenduko da. "Denbora horretan, talde politikoek tarifak bateratzeko, errenta irizpideak aplikatzeko eta tarifa lau bat sortzeko aukera emango duen kobrantza sistema berri batean aurrera egiteko konpromisoa hartu dute", azaldu dute.
EH Bilduk azpimarratu du akordioak helburu guztiak jasotzen dituela: "batetik, gaitasun handiko errepideak finantzatzeko esparru egonkorra bermatzea; bestetik, egunero bide horietara jo behar duten arabarrentzako ibilbideak merkatzea; eta, azkenik, diru sarrera berriek garraio publikoa bultzatzen laguntzea". Gainera, EH Bilduk "tarifak bateratzeko eta errenta irizpideak ezartzeko" sistema berri baten oinarriak ezartzea lortu duela nabarmendu du.