Tarifa txikiagoak AP-68an eta 20 milioi euroko diru bilketa lehen urtean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

AP-68 autobidearen foru araua aurkeztu du gaur Jon Nogales diputatuak. ALEA

Batzar Nagusietan aurkeztu du Jon Nogales diputatuak edukiera handiko bideetan ordainketa bidezko eredua ezartzeko foru arauaren proiektua.

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak agerraldia egin du Arabako Batzar Nagusietan, herrialdeko edukiera handiko errepideen erabileragatik ordaintzeko sistema arautuko duen foru arauaren proiektua azaltzeko. Sistema berria azaroaren 11n jarriko da martxan AP-68 autobidearen Arabako tartean. Arau berriak "eredu publiko, jasangarri eta bidezko bat ezartzeko helburua" duela azpimarratu du Nogalesek.

Foru Aldundiak egindako azterketaren arabera, ordainketa sistema berriari esker 2027an –lehen urte osoan– 20 milioi euro inguruko sarrerak lortzea aurreikusten da AP-68 autobidean. Diru hori Arabat sozietate publikoak kudeatuko du eta foru arauaren 15. artikuluak zehazten dituen helburuetara bideratuko da: AP-68 autobidearen mantentze lanak, kudeaketa operatiboa eta sistema berriaren inbertsioak estaltzea, Arabako foru errepide sare osoa kontserbatzea, modernizatzea eta hobetzea, ingurumena babestea eta mugikortasun jasangarria bultzatzea.

Diputatuak azpimarratu du Arabako bide sareak 1.500 kilometro inguru dituela eta edukiera handiko 180 kilometroek trafiko osoaren %75 jasaten dutela, urtero 16 milioi euroko gastuak eraginez. Horrez gain, AP-68ko ibilgailu arinen trafikoaren %80 inguru igarotzeko trafikoa da (arabarrrak ez direnak).

Eredu berriaren bidez, kanpoko trafiko horrek azpiegituren mantentze lanetan parte hartuko duela esan du Nogalesek, "zama guztia herritarren zergetan eror ez dadin". Datu gisa, aipatu du AP-68aren mantentzeak urtero 5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eskatzen duela eta A-1 errepideak 16 milioi euro ingurukoa.

Merkeagoa azarotik aurrera

Sistema berriarekin kanonaren prezioak nabarmen merkatuko dira.

Ibilgailu arinak: Tarifa orokorra %70 merkatuko da. Horrela, Arabako 55 kilometroak igarotzea 11,20 eurotik 3,35 eurora igaroko da. Gasteiz eta Bilbo arteko ibilbidean, kasu, Arabari dagokion tartea 3,52 eurotik 0,90 eurora murriztuko da. Kilometroko tarifa homogeneoa 0,06 eurokoa izango da.

Ibilgailu astunak: Peajearen prezioa %50 merkatuko da, kilometroko 0,18 eta 0,20 euro arteko kanonarekin (ibilgailu motaren arabera)

Aiaralderako konponbidea

Aiaraldeak Bilborekin eta Bizkaiarekin duen lotura dela eta, Aldundiak neurri berezia egokitu du. Bizkaiak AP-68ko bere tartean % 20ko murrizketa soilik ezarriko duenez, Arabako Foru Aldundiak egungo laguntza-sistema egokituko du azaroaren 11tik aurrera, Bizkaiko tartea ere diruz laguntzeko. Modu honetan, Aiaraldeko eta Arabako ohiko erabiltzaileek % 70eko beherapen eraginkorra izaten jarraituko dute Bilborainoko ibilbide osoan.

Gainera, indarrean dagoen % 100eko hobariari eutsiko zaio Altube-Ziorraga abiapuntu eta helmuga duten ibilgailu astunentzat, Altubeko mendatetik ibil ez daitezen.

Obren egutegia

Eredu berriak ez du eskatuko ordainlekuetan gelditzea edo tiketa hartzea; matrikulak irakurtzeko kameren bidez identifikatuko dira ibilgailuak. Ordainketak egiteko VIAT gailuak, Arabat webgunean erregistratutako banku txartelak edo ordainketa telematikoak erabiliko dira.

Azpiegituraren obrak UTE Autopistas Altuna y Uriari esleitu zaizkio 37,2 milioi eurogatik. Azaroaren 11rako behin behineko alternatiba bat jarriko da martxan Zambranako peaje-plazarekin eta kamerekin (3,6 milioi euroko inbertsio gehigarria eskatuz).

Behin betiko sistema mistoa (free flow eta barrerak) 2028ko otsailean egongo da guztiz operatibo. Aurretik, urrian eta azaroan, informazio-kanpaina zabala egingo da herritarrentzat

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago