Urtebeteko geldialdi baten ondoren, berrituta dator Negrasteiz Beltz Festival, Nobela Beltz eta Poliziakoaren III. nazioarteko jaialdia. Berez, jaialdia urriaren 1etik 4ra egingo dute Gasteizko Europa Jauregian, baina aurretik ere hainbat ekimen osagarri izango dituzte. Orotara, 11 mahai antolatu dituzte —zazpi mahai literario, hiru tekniko eta zinemari buruzko beste bat—, 36 idazle eta hizlarirekin. Horrez gain, hiru sari banaketa egingo dituzte.
Horrenbeste gonbidatu izanda, zaila da, noski, izen batzuk aipatu eta beste hainbat kanpoan uztea, baina bizitza gogorra dela jakin badakite generoaren zaletu guztiek, eta kanpoan izenak uztea ezin daiteke kriminaltzat hartu. Mediatikoenak aipatzearren, Cuéntame telesailagatik ospetsu den Pablo Rivero aktorea, Lorenzo Silva idazle ezaguna edota Nieves Concostrina kazetaria aipatu ditu festibalaren zuzendari eta idazle Jesus Maria Saez Txusmik.
Ekimena berrituta datorrela esatea ez da kazetariek urtero errepikatzen diren kontuei berritasun kutsu bat eransteko erabiltzen duten topiko horietako bat. "Gauza asko birplanteatu ditugu", azaldu du Saezek. Jaialdia zuzentzen duen talde kudeatzailearen parte bat berritu dute, bestelako lerro batzuk bultzatu nahi izan dituztelako, zuzendariaren arabera. Besteak beste, euskarazko mahai bat sustatu nahi izan dute. "Aspaldiko konpromiso bat izan da, eta azkenean bete ahal izan dugu. Oso maila handiko mahaia izango da, eta hemendik aurrera gutxienez euskarazko mahai bat prestatuko dugu".
Itxurari begira ere egon dira aldaketak, aurten irudia berritu nahi izan dutelako, bai eta izena bera ere. Negrasteiz Beltz Festival (NBF) da orain, siglak nabarmenduz, rockzaleei agian ezagunak egingo zaizkien beste sigla batzuen antzera. Orain arte jaialdiaren sinbolo izan den katua mantendu dute, baina, horren itxura ere zertxobait aldatu dute, adituek deitzen duten restyling horietako batean.
Urtebetez geldituta egon dira. "Lehen edizioetako erritmoaren ondoren, geldiune horrek aukera eman zigun proiektuari buruz hausnartzeko, eta etapa berri bati ekiteko, garai horretan geneukan antolakuntzarekin", gogora ekarri du. Hau guztia ulertzeko, aintzat hartu behar da nola jaio zen jaialdia, eta zer nolako garapena izan duen. Zuzendariak azaldu duenez, orain dela lau urte eleberri beltz eta poliziakoa bultzatzeko beharra ikusi zuten, irakurle asko dituen generoa baita. "Kultura teknikari batek esan zidan Gasteizek halako jaialdi baten beharra zuela, eta proposatu zidan nik antolatzea". Gauzak hala, Arabako Krelia idazleen elkartearen laguntzari esker ekin zioten bideari. "Bi edizio egin genituen, arrakasta handikoak. Baina ikusi genuen ere arrakastaz hiltzeko aukera bazegoela, nahiz eta niri hasieran horrelakorik gertatzea bazegoela —arrakastaz hiltzea, alegia— ezinezkoa iruditzen zitzaidan".
Saezek dio "oso eskertuta" daudela Kreliak eman zien laguntzagatik. "Baina iritsi zen une bat non Krelia bera gainezkatu egin genuen gure jarduerarekin; independente egin den umearen parekoa izan ginen. Horren ondorioz, Kulturbeltz elkarte propioa osatu genuen, Negrasteiz jaialdi bera egiteko helburuarekin".
Bertoko literatura sustatu nahian, EIE Euskadiko Idazleen Elkartearekin hitzarmen bat erdietsi dute. Hala, elkarte horrek Gasteizen eta Guardian mahai literario bana kudeatzeko ardura hartu du. Azken hau da, hain zuzen, aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat: aurrenekoz Gasteiztik kanpo atera dira, eta hilaren 12an Guardian, EIErekin elkarlanean, mahai ingurua prestatu dute herri harresituan. "Etorkizunean gure asmoa da ekimena herrietara eraman ahal izatea, eta egun osoko egitarau bat egin ahal izatea herriren batean", berretsi du zuzendariak.
Galizia beltza
Beste berrikuntza bat erkidego mailako mahai bat prestatzearena da. Aurten Miñoko (Galizia) jaialdiarekin senidetu dira. "Gu hara joan gara, eta haiek hona etorriko dira. Pedro Feijoo zein Arantza Portabales idazleak eta Rober Cagiao jaialdiaren zuzendaria egongo dira Gasteizen. Asmoa da urte bakoitzean erkidego autonomo bat hartzea. Hemen euskal noirra egiten ari garen modu berean, jakin nahi dugu haiek zer egiten ari diren".
Aurrekoetan bezala, jendearen parte hartzea sustatzeko lehiaketak abiatu dituzte. Aurten, Gasteizko Liburutegien Udal Sarean eta Arabako liburutegi guztietan mikrokontakizun beltzen lehiaketa martxan jarri dute, Elkarren babesarekin. Bestetik, kontakizun beltz laburren lehiaketa martxan jarri dute, Vital Fundazioaren laguntzarekin: euskaraz eta gazteleraz idatzitako kontakizun irabazle bakoitzak 400 euroko saria izango du. Eta kaleari begira beste lehiaketa bat martxan dago."Gasteiz On elkartearekin beste akordio bat erdietsi dugu, beren lokaletan aizto bat ezkutatzeko. Aurkitzen duten pertsonek liburu sorta baten zozketan eta Gasteiz Onen opari txartela baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Kaletik doan jendearen parte hartzea bultzatzeko beste modu bat da hau".
Jaialdiaren egun nagusietatik kanpo, eta ekimena ahalik eta gehien zabaltzeko, Ignacio Aldekoa kultura etxean Mujeres (en)cubiertas izeneko erakusketa paratu dute, eta jaialdian bertan gaiaren bueltan hitzaldi batean jardungo du erakusketaren egile Carlos Abio irakasleak. Frankismo garaian polizia eleberrietako azaletan emakumeak nola azaltzen ziren ikertu eta tesia osatu du Abiok. Bertan erakusten da nola aldarazi zituzten liburuetako azal jakin batzuk —batez ere merkatu anglosaxoikoak— zentsura frankistaren eskakizunetara egokitzeko. "Emakumeak berdin-berdin hiltzen edo itoarazten zituzten: hori ez zuten aldatzen. Baina bai ziurtatzen zuten azaldu ez zedin izter, eskote edo beso zati bat. Bestea berdin zitzaien irudi horien gaineko ardura zutenei", azaldu du Saezek.
Idazleak argi du jaialdiaren oinarria literatura izan behar dela, baina, ohi bezala, true crime deitutakoaren edota kriminologiaren inguruko jarduera osagarriekin ondu dute programa. Adibidez, Juan Angel Anta kriminologoak argituko du nolakoak diren jendearen begiradak, eta imintzioekin jendea gezurretan ari ote den igartzeko moduak azalduko dizkie parte hartzaileei. Bestetik, larunbat arratsaldean afari bat prestatu dute —aldez aurretik izena eman beharra dago horretarako—, eta bertan mentalismoaz ariko dira Enrique Echazarra ikertzaile ezaguna eta David Blanco magoa. "Hau guztia osagarri bat da, beste jende bat erakartzeko. Adibidez, Nieves Concostrina ekartzea ere horri bideratuta dago, agian beti irakurtzen ez duen jendea ere irakurtzera animatzeko. Hori delako, funtsean, gure helburua, irakurketa bultzatzea".
Literatura beltza euskaraz
Aurtengo beste nobedade garrantzitsu bat euskaraz idatzitako literatura beltzaren inguruan antolatu duten lehen mahaia da. Jaialdian euskara eta berdintasun alorreko ardurak dituen Vanesa de la Puente idazlea ari da horren antolaketan. Hasieratik ezagutzen du De la Puentek jaialdia, baina, lehen edizioan, ikusle eta idazle bezala ibili zen. Bigarren edizioan, berriz, jaialdiaren antolaketan parte hartzen hasi zen. Hortaz, gertutik bizi du horrelako ekimen handi bat prestatzeak dakarren lan eskerga. "Ideia izan ondoren, nahitaezkoa da jakitea zelan funtzionatzen duen munduak. Administrazio eta burokrazia kontu guztiak ez dira batere errazak, baina egin behar diren gauzak dira. Ez da soilik leku bat bilatu eta idazleekin harremanetan jarri mahai literario bat osatzeko. Baimenak eta dirua lortzea da zailena", aitortu du. Gasteizko Udalaren, aldundiaren, Jaurlaritzaren eta Vital Fundazioaren laguntzari esker aurrera atera ahal dute dagoeneko egonkortu den proiektua.
"Indar askorekin hasiko gara, oso ezagunak eta irakurriak diren hiru idazlerekin. Jon Arretxe, Haizea Lopez eta Itxaro Borda", aurreratu du. Antolatzaileak nabarmendu nahi izan du "adin guztiei begira" egin dutela aukeraketa. Izan ere, Haizea Lopezek gazteleraz helduentzat hainbat liburu arrakastatsu argitaratu dituen arren, gaztetxoei begira Maia pertsonaia agertzen duen liburu bat kaleratu du euskaraz, eta bigarrena bidean dator. De la Puentek funtsezkotzat jo du gaztetxoak jomugan izatea. "Adin guztietan irakurtzea oso garrantzitsua da, euskara gogoz menperatu eta barneratzeko. Nik ikasten nuenean, euskara derrigorrezko irakurketa zen. Eta joera hori aldatzeko, irakurketa gogotsuak izan behar ditugu hasiera-hasieratik. Nobela beltza haurrentzat gehienbat misterioaren aldetik dator. Ez dira kontu odoltsuak edo oso gogorrak, noski, baina bai genero honi lotzeko modu bat".
Jakina denez, Jon Arretxek gazteentzat eta helduentzat idatzi izan du orain arte, arrakasta askorekin. Toure detektibea duela gutxi telesail batera eraman dutenez, jendearen artean are ezagunagoa dela nabarmendu du De la Puentek. "Publiko zabala du". Azkenik, Itxaro Borda aurkeztu du antolatzaileak. "Ipar Euskal Herrira joan gara. Azpimarratu nahi izan dugu euskara ez dela soilik Euskadiren hizkuntza, Euskal Herriarena baizik. Bordak egunkarietan idazten du ere, Euskadi Sariaren irabazlea da, eta beti izan da euskararen defendatzaile peto-petoa".
Idazleak eta beren pertsonaiak
Mahai literarioaren edukiaz galdetuta, moderatzaile bezala hainbat ideia dituela onartu du, baina oraindik ez du erabaki. "Gainera oso pertsona emozionala naiz, eta posible da elkarrizketan bertan ideiaz aldatzea". Dena dela, gustatuko litzaioke mahai literario "desberdina" izatea, eta ez galdera-erantzun formatukoa. "Beren arteko eztabaida bat eragin nahi dut, eta publikoak ere garrantzia har dezala". Helburuetako bat izango da idazle bakoitzak hitz egin dezala beren pertsonaia nagusienen inguruan. "Beren ibilbide literarioan errepikatu duten pertsonaia bat. Zer dauka pertsonaiak idazlearengandik, eta baita aldrebes ere. Ohikoa baita harreman pertsonalak sortzea idazlearen eta pertsonaiaren artean", azaldu du. "Hirurak euskal kulturan eragin handia duten idazleak dira. Euskararekin oso harreman estua dute, eta, ahoan izateaz gain, bihotzean ere daukate euskara. Euskaraz bizi dira, eta ideia hori indartu nahi genuen jaialdi honetan".
Oraindik festibalaren zati nagusia hasi ez bada ere, De la Puente datorren edizioko egileen bila ari da dagoeneko, eta, horri begira Nafarroan egiten den (H)ilbeltza euskarazko nobela beltzaren jaialdira gerturatuko da. •