Liztor asiatikoaren ondoren, ezpelaren beldarra (Cydalima perspectalis) bilakatu da kezka iturri. Ezpeldiak txikitzen dituen Asiako inbaditzaile berria izugarri hedatu da azken sei urteetan Europa osoan, eta Araban ere kalte ekologiko handia eragiten ari da hegoaldeko mendilerroetan.
Gaueko tximeleta da Cydalima perspectalis. Helduak aktibo egoten dira, batez ere gauez, baina egunean zehar ere ikus daitezke hegan. Erraz antzeman daitezke, bai tamainagatik –lau zentimetrorainoko tamaina dute–, bai koloreagatik: hegoak zuriak izan ohi dituzte, eta ertza ia beltza. Naturan etsairik ez du, ezpelaz elikatzen denez hegaztientzat eta saguzarrentzat zapore nazkagarria duelako.
Izurritearen kalteez ohartarazi berri dute Toloñoko mendilerroko hainbat herritan: Bernedo, Villafría, Villaverde, Lagran eta Pipaongo ezpeldiak suntsitzen ari da beldarra, eta mendizaleek ohiko dituzten Peñalta, San Tirso, Cruz del Castillo, Palomares zein Ercilla gailurren inguruetan begi bistakoa da zuhaixkan egin duen txikizioa.
Txinatik "inportatu" den gaueko tximeletak ezpeldiak osorik akabatu ditzake
Txinatik "inportatu" den gaueko tximeletek ezpeldiak osorik akabatu ditzakete, basatiak zein landatutakoak: hostoak jaten dituzte eta ondoren zuhaixkaren enborrari eraso diote, ezpelak erabat lehortu arte. Etsai naturalik ez duenez azkar zabaltzen ari da. Gainera, urtean lau belaunaldi arte garatzeko gaitasuna du eta populazioak kontrolik gabe hazten dira. Halaber, aldaketa klimatikoarekin lotutako izozte handiak asko murriztu direnez –%30 kalkulatzen da–, beldarra errazago hedatu da.
Arazoa ez da berria. Arabako Foru Aldundiak badu izurritearen berri, baita Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere. Izan ere, 2013an antzeman zuten lehen aldiz ezpeldiak akabatzen ari den sitsa Nafarroako Bortzirietan, eta 2015ean Euskal Autonomia Erkidegoan, Gasteizen, eta Gipuzkoako zein Bizkaiko kostaldean.
Ezin da gelditu
Arabako administrazioen partetik ez da neurri zehatzik iragarri arazoari aurre egiteko. Antza, ez da erraza. Izurritea gelditzeko aukera gutxi ikusten ditu, adibidez, ALEAk kontsultatu duen Yeray Monasterio adituak. Lepidopteroen kontserbazioan, azterketan eta dibulgazioan oinarritutako Zerynthia elkarteko presidentea da Monasterio, eta argi hitz egin du: "Ezin da beldarra desagerrarazi". Gaur egungo kontrol neurriak, feromona tranpak kasu, ez dira nahikoak, Monasterioren esanetan, eta pestizidek biodibertsitatea arriskuan jarriko lukete. "Izurria kontrolatzeko pestizidekin mendiak fumigatzeak kostu ekologiko handia dakar, ez baitira zehatzak, eta beste espezie ugariri ere eragiten diete", azpimarratu du.
"Tenperatura baxuko sute" bat gertatzen ari dela ohartarazi du adituak, baina ez dagoela gelditzeko modurik. "Biodibertsitatearen eta kulturaren galera handia gertatzen ari da, ezpela gure kulturaren eta gure bizimoduaren parte bat da, baina ezer gutxi egin dezakegu behin hemen dagoela. Indar guztiak eta medio guztiak jarri behar ditugu hurrengo izurritea gelditzeko", esan du, eta portuetatik kontrolik gabe sartzen ari diren merkantzietan arreta jarri behar dela iradoki du.
Globalizazioaren ondorioa
Monasterioren esanetan, globalizazioak ireki dizkio ateak izurrite berriari, kanpoko landareen eta lurren inportazioaren gainean dagoen kontrol faltak, hain zuzen. Izan ere, Asiako eremu epeletako espezie bat da ezpelaren beldarra eta inportazioari esker sartu zen Europan, 2007an. Landareak banatzeko Holandako zentro baten inguruan aurkitu zuten lehen aldiz tximeleta, bide hori baita Asiako kontinentetik sartzeko modurik ohikoena. "Errazagoa eta merkeagoa da ezpela eta bestelako landareak Asian produzitzea Europan produzitzea baino", esan du Zerynthiako presidenteak.
Holandako banaketa zentro horretatik Europako gainerako herrialdeetara berehala hedatu zen izurritea. Gaur egun, Europako 24 herrialdetan dago beldarra, Errusiatik eta Turkiatik ekialdera, Erresuma Batura, Frantziara eta Espainiara.
"Katalunian, Garrotxan, orain dela hamar urte sartu zen eta ezpeldiak akabatu zituen. Dentsitate izugarriak daude", azaldu du Monasteriok. Araban ere salto handia eman du azken urteetan eta populazioa kontrolik gabe hazten ari da. "Neurrigabe zabaldu da. Maiatzean, adibidez, Bergantzun egon ginen gaueko tximeleten behaketa bat egiten eta bertan behera utzi behar izan genuen jarduera, milaka sitsa zeudelako. Gauero metro kubiko bat sits jaso dugu hainbat tokitan", esan du Monasteriok.
Ezpela berez oso espezie gogorra da, toxinak ditu hostoetan, horregatik zaintza gutxi behar du, eta orain arte oso etsai gutxi izan ditu naturan. Alta, Cydalima perspectalis-en aurrean ez du etorkizunik. "Beldarra desagertuko da ezpela desagertzen denean", adierazi du ALEAk kontsultatu duen Arabako Natur Institutuko Jose Sebastian Estevezek.
Neurriak hartzeko eskaerak
Ezpelaren sitsaren hedapenaren inguruan dagoen kezkaren seinale dira Arabako Batzar Nagusietan talde politikoek aurkeztu dituzten ekimenak. Mozio batean eskatu du EH Bilduk azterlan tekniko bat egiteko "izurriaren hedapena, eragina eta arriskua aztertzeko". Halaber, feromona tranpen bidezko detekzio goiztiarra ere eskatu du, jarraipena egiteko, eta udalekin koordinazioa bermatzeko.
Ordezteko zuzenketa aurkeztu dute, berriz, EAJk eta PSEk. Urtea amaitu baino lehen azterlan teknikoa amaitu dezala eskatu diote Aldundiari, eta horren ondorioen berri emateko. Jarraipen eta detekzio goiztiarreko sistemarekin jarraitzea ere eskatu dute.
Elkarrekin Arabak, bestalde, neurri osagarri gisa proposatu du boluntarioen sarea sortzea. •