Iritzia

Iraila, aingura hegoduna

Oihana Ameskua

"Errutinak egunari forma ematen dio Excel orri batean estutzeraino eta bizitzak kudeaketa plan itxura hartzen du"

Duela egun batzuk sukaldeko egutegiko abuztuko orria pasa genuen. Irailak dakarren irudiari begira geratu naiz. Aramaioko herritarrek urtean zehar egindako txokoetako argazkiz osatzen da egutegia. Bederatzigarren hilabetean Ipurtotz baserria ageri da, Arrikozabal zelai berdean hiruzpalau behi patxadaz hausnarrean, eta atzeko planoan Etxango atxak udazken koloretan. Aurten leku beretik argazkia ateraz gero oso bestelako irudia izango litzateke, hain dago lehor inguru guztia, agorrila bete-betean. 

Behi horien aldarte lasaiari erreparatuta iraileko nire bizipena urrun dagoela pentsatu dut. Abereek ez dute denbora agenda bateko gelaxketan antolatu behar, ezta jatorduak tuperretan sailkatu edota txahalen eskolaz kanpoko ekintzez arduratu behar ere. 

Abuztuaren atzetik datorrena anbiguotasunez beteriko zeharkaldia dela otu zait. Udan egonagatik ere, uda izateari uzten dio kolpetik. Denboraren pertzepzioa zeharo aldatzen zaigu. Errutinak egunari forma ematen dio Excel orri batean estutzeraino eta bizitzak kudeaketa plan itxura hartzen du. Atlas titanak zerua sorbalden gainean eusteko tamainako ahalegina egin behar bizitza sostengatzeko.

Bestetik, iraila urte hasiera moduko bat da eta badu zerbait jaioberritzetik, etorkizun hurbilera begiratu eta ortzemugarantz abiatu nahi izatetik. Ametsen hegoak astintzen ditugu eta aurreko irailetik bete gabeko promesak aurten bete ahal izango ditugunaren taupada esnatzen da. 

Simone Weilen arabera, gizakia bi indarren artean mugitzen da: grabitatea eta grazia. Grabitateak zereginetara lotzen gaitu; graziak, berriz, automatismoetatik askatzeko aukera ematen digu. Irailean bi pultsio horiek zeharkatzen naute: agenda betearen grabitateak eta ekiteko gogoak pizten duen txinparta. 

Ikasturte honetan nahiko nuke egutegian oharrik gabeko egunak izan, hutsuneak zabaldu Arrikozabaleko behiek bezala, tarteka hausnarketa lasaian aritzeko eta graziaz beteriko aleak sortzeko. 

Oihana Ameskua.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago