Euskal Herria petrolio eta gasik gabe?

Jon Hidalgo Gereñu

Bide-orri posible bat landu dute Unai Pascual eta Ortzi Akizuk, eztabaida sustatzeko. EKAITZ ANDA

Teknikoki egingarria da Euskal Herria energia berriztagarriz hornitzea, ikerlari talde batek ondorioztatu duenez. Kontsumoa murrizteko eta berriztagarriak ezartzeko bide-orri posible bat proposatu dute, eztabaida soziala eta politikoa sustatu nahian, trantsizio energetiko "justu, publiko eta berriztagarriaren" bila.

Trantsizio energetikoari buruzko ikerketa berri bat argitaratu dute, elkarlanean, EHUko Life Cycle Thinking Group-ek, LAB sindikatuak eta Basque Centre for Climate Change erakundeak. Euskal Herriko egungo egoerari erreparatuta etorkizunerako eszenatoki posible bat marraztu dute, zazpi lurraldeak energia berriztagarriz hornitzeko. Lehen aldia da halako ikerketa batek Euskal Herri osoa hartzen duena marko geografiko gisa.

Ikerketan ondorioztatu dute teknikoki egingarria dela 2050ean ez erabiltzea petroliorik ez gasik, posible dela egungo energia kontsumoa nabarmen murriztea herritarren ongizatea kaltetu gabe, eta bertan sortu daitekeela behar dugun energia guztia, nagusiki publikoak diren iturri berriztagarriak erabiliz.

Aukerak badaude "justua, publikoa eta berriztagarria" izango den energia sistema bat lortzeko, ikerlarien esanetan, eta "beharra badagoela" azpimarratu dute. Trantsiziorako lehentasunak zein izan beharko liratekeen ere jaso dute proposamenean, eta zertzelada batzuk eman dituzte irudikatzeko zein inpaktu izango lukeen lurraldean, eta ekonomikoki zenbateko inbertsioa eskatuko lukeen.

LCTG ikerketa taldeko Ortzi Akizu eta BC3 erakundeko Unai Pascual elkartu ditugu, haien proposamena aletzeko. Faltan sumatzen dute trantsizio energetikoaren inguruko eztabaida, eta hori sustatu nahian plazaratu dute ikerketa. "Agertoki posible bat" dela diote, ondorenera politikariek zein herritarrek eztabaidan parte hartu dezaten.

Euskal Herriko aurrekontu publikoen %2,6 beharko litzateke berriztagarriak instalatzeko. PHOT.OK

Non gaude?

Menpekotasun maila handiko lurraldea gara, baita Europako estandarren arabera ere. Estatu bat balitz Europan erregai fosilekiko menpekotasun gehien duten lurraldeetan hirugarrena litzateke Euskal Herria, Txipre eta Maltaren atzetik soilik. Energiaren %79 petrolio eta gasetik datorkigu egun, eta Ameriketako Estatu Batuak dira gure hornitzaile nagusiak; gasaren %33 eta petrolioaren %12 erosten dugu bertatik. Espainiako estatuak baino %13 gehiago kontsumitzen dugu Euskal Herrian, batez beste.

Gure bizi estiloak sortzen dituen eragin kaltegarriak azaleratu dituzte ikerlariek, bai erregai fosilen inpaktuak kliman eta baita mundu mailako oligopolioek sortzen dituzten ondorio geopolitikoak ere. Gure kontsumo energetikoa "asko, txarra eta garestia" dela dio Ortzi Akizuk.

"Gure energiaren erantzukizuna hartu behar dugu, eta ez zama hori txiroagoen bizkarrean jarri"

Ortzi Akizu

Kolonialismo energetikoan oinarritzen garela salatu du EHUko irakasleak. "Euskal Herria bere aztarna energetikoaren erantzule" izan behar dela dio, bestela zama herrialde txiroagoen bizkarrean jartzen dugulako. "Erantzukizuna hartu behar dugu. Ez beste batzuei lurraldeak lapurtzen saiatu, gutxiago balio dutelako".

Ikerketa honetan ez dute soilik kontuan hartu Euskal Herrian zuzenean kontsumitzen dugun energia. Hemen kontsumitzen diren produktu eta zerbitzuetan txertatuta dator horiek ekoizteko erabili den energia, eta horren ardura ere hartzea egingarria dela frogatu nahi izan dute ikerketan.

"Autosufizientzia netoa" lortzeko hartu beharreko pausoen zirriborroa aurkeztu dute, beraz. Beste hainbat ikerketek esandakoa berretsi dute azken honetan ere: energia burujabetzara bidean, kontsumoa nabarmen murriztu beharko litzateke, eta kontsumitzen dugun hori berriztagarrien bidez sortu.

Deshazkunde energetiko planifikatua

IPCC eta IPBSk, mundu mailan dauden bi panel zientifiko handienek, aspaldi esan dute kontsumoaren beherakada handirik gabe ezin dela salto kualitatibo bat eman jasangarritasunerantz. Unai Pascualek, baina, ohartarazi du "deshazkundea kontrolatua eta planifikatua" izan behar dela, "traumatikoa ez izateko".

Ikerketaren ondorio nagusietako bat da posible litzatekeela egungo kontsumoa erdira jaistea herritarren bizi kalitatean eragin larririk izan gabe. %51 gutxiago, hain zuzen, eta hori lortzeko neurriak proposatu dituzte, sektoreka banatuta. "Teknikoki egingarria dela erakusten du ikerketak", nabarmendu du Pascualek. Hala ere, gauza asko aldatu beharko liratekeela gogorarazi du Akizuk.

Garraioa da "energia gehien xahutzen" duen sektoreetako bat. Bertan kontsumoaren %61eko jaitsiera lortu daitekeela ikusi dute, antzeko herrialdeetan egindako ikerketetan oinarrituta, garraio publikoa indartuz eta "zentzugabeko joan-etorriak" saihestuz. Industrian %30eko murrizketa lortu daitekeela ondorioztatu dute, salto teknologiko berritzaileen bidez eta "batez ere beroa sortzeko elektrizitatea integratuz".

Etxebizitzetan kontsumitzen den energia erdira jaisteko aukera ere nabarmendu du Akizuk. "%50 gutxiago erraz", gehienbat isolamendu termikoan aurrerapausoak emanda. Kontsumo konpultsiboa murrizteko beharra ere aipatu dute biek, inportatutako produktuen aztarna jaisteko. Ikerlarien esanetan, gure energia aztarna orokorra eta norbanakoen kontsumoa, biak jaitsi daitezke erdira, 128 TWh-etik 63ra aztarna, eta 40MWh-tik 19 MWh-ra norbanakoen urteroko kontsumoa.

"Disoziazio kognitiboa" daukagu, Pascualen esanetan. "Jendea konturatu behar da zein den bere kontsumo energetikoaren inpaktua". Ongizatea zer den birdefinitu beharra ere aipatu du zientzialariak. "Agian ezin naiz Balira joan, baina gure denboraren kalitatea, hori da lehenetsi beharrekoa".

Berriztagarriz hornitu

Energia kontsumoa murriztearekin batera, beharrezkoa litzateke kontsumitzen dugun energia iturri berriztagarrien bidez lortzea. Eta urrun gaude gure beharrak asetu ahal izatetik; egun berriztagarriekin sortzen dugun energia halako bost sortu beharko genuke Euskal Herri osoa hornitzeko, egungo kontsumoa erdira jaitsita.

Energia berriztagarrietan inbertsio sendoa egin beharko litzateke datozen 25 urteetan, ikerketan proposatutako agertokira heltzeko. "Ez gaude hain urrun", dio Akizuk. "Bost aldiz biderkatu behar da soilik, ez 50".

"Herri bezala anbizio handia izango bagenu honaino heldu gintezke. Teknikoki posible da"

Unai Pascual

Berriztagarrien bidez energia elektrikoa izango genuke, baina ez da bideragarria zenbait kontsumo elektrizitatearen bidez ordezkatzea. Horregatik hidrogenoa erabiltzea aurreikusi dute, bai abiaziorako erregai gisa, eta baita industriako zenbait prozesu martxan jartzeko ere; altzairua, hormigoia edo beira ekoizteko, adibidez. Kontsumoaren %10-20 artean hartuko luke hidrogenoak, azaldu dutenez.

Hidrogeno "erregaia" sortzeko elektrolisi plantak Euskal Herrian eraikitzea proposatu dute, proiektu batzuk badaude jada martxan. Haien kalkuluetan kontuan hartu dute hidrogenoa sortzeko beharrezko energia elektrikoa bertan sortzea ere, berriztagarrien bidez.

Elektrizitate hori guztia sortzeko plaka fotovoltaikoak instalatzea proposatu dute nagusiki, eolikoarekin eta biomasa hondakinekin konbinatuta. Zertzeladaren bat ere eman dute non jarri beharko liratekeen, edo nondik hasi. Inpaktu gutxiago eragiteko, ahal den heinean jada antropizatuak dauden lekuak erabiltzea gomendatzen dute azpiegiturak kokatzeko. Esaterako, teilatuak, industria guneak, autopistak bezalako azpiegitura linealak, nekazaritzarako balio ez duten lurrak edo "agrivoltaika" proiektuak, eguzki panelak eta nekazaritza lurrak uztartuz.

Euskal Herrian komunitate energetikoekin "oso ibilbide polita" egiten ari dela nabarmendu du Pascualek, Espainiako Estatuko beste lurraldeekin alderatuta; "aitzindariak izan gaitezke". Denetarik egin beharko da, diotenez, eta espazio asko beharko dute berriztagarriek.

Lurra ere beharko da

"Teilatu eta industriaguneetan azpiegiturak jarrita ere, oraindik ez dugu nahikorik izango gure metabolismo energetikoa asetzeko”. Ikerketako datuen arabera, teilatuetan eguzki plakak jarrita kontsumoaren %7a hornitu ahalko litzateke. "Lurra ere erabili beharko dugu", ohartarazi du BC3ko ikerlariak.

Zentral berriztagarriak non kokatu erabakitzeko eztabaida sozial eta politikoaren beharra azpimarratu dute. Baina jakinarazi dute Euskal Herriko azalera osoaren %2,1 bideratu beharko litzatekeela berriztagarriak jartzera, proposatutako agertokira heltzeko. "Lurraren %1,6 energia fotovoltaikora eta %0,5 energia eolikora", argitu du Akizuk. "Nonbait kokatu beharko ditugu eskala ertain edo handiko azpiegitura batzuk, bestela ez gara heltzen".

Ikusita nolako kontrakotasuna sortu duten Araban azken urteetan proposatu diren proiektuek, Pascualek aholkatu du "jendearen ahalik eta onespen handienarekin" egin beharko liratekeela prozesuok, eta ondo planifikatuta. "Ezin diogu Solariari utzi lurrak aukeratzen, bere mozkinak handitzeko soilik, denon onurarako zerbait bezala saltzen digun bitartean". Lurraldean txertatzeko modua zaindu beharra aipatu du, eta botere banaketa desorekatua salatu. "Araban Gasteizek erabakitzen du dena, herri txikiek botere gutxi dute euren lurrak defendatzeko".

Euskal Herriaren luze zabalean, gainera, egoera ez da berdina. Bereizita ikertu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria, eta ezberdintasunak daude bakoitzak egin beharreko bideari dagokionez. Nafarroa dago "aurreratuen", eta beren beharrak asetzeko 2,6 aldiz "soilik" handitu beharko litzateke egun instalatuta dagoen potentzia berriztagarria. Ipar Euskal Herrian egungo ekoizpena halako bost beharko litzateke (5,6), eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 7,1 aldiz biderkatu beharko litzateke egungo gaitasuna.

Energiaren jabetza publikoa

Azken urteetan proiektu berriztagarriek jaso duten kritika ohikoenetako bat izan da trantsizioa enpresen interesen arabera egiten ari zela, eta plan estrategiko landuak behar zirela lurrak enpresei eskaintzen hasi aurretik. Ikerlariek esparru publikoaren gidaritza aldarrikatu dute, trantsizioa "justua eta demokratikoa" izateko. Argudiatu dute energia sistemaren jabetza publikoak lagunduko lukeela energia eskubide gisa ulertzen. Energiaren kontrola publikoa izatea bermea izango litzateke, ikerlarien ustez. "Energia burujabetzak bestelako burujabetza sozial eta politikoak dakartza", Pascualen hitzetan.

25 urte barru petrolio eta gasik erabili gabe bizi gintezkeela ondorioztatu dute ikerlariek. EKAITZ ANDA

Beharko litzatekeen inbertsio ekonomikoa ere aurreikusi dute ikerketan. Proposatutako agertokira heltzeko, datozen 25 urteetan Euskal Herriko aurrekontu publikoen %2,6 bideratu beharko litzateke instalazio berriak egitera, eta hala, 2050. urterako, berriztagarrien %65 jabetza publikokoa izango litzateke. Hidrogenoaren sorkuntza eta baterien instalazioa ere kontuan hartuta, %4raino igo liteke trantsizioa egiteko gastua, haien kalkuluen arabera.

Hala ere, Pascualek azpimarratu du inbertsio errentagarria dela berriztagarriena, ez defizitarioa. "Osasunak ez du itzulera ekonomikorik, baina honek bai, gero administrazioak izango luke energia". Akizuk gogorarazi du nola duela 30 urte inork ez zuen inbertitu nahi energia berriztagarrietan, eta teknologian izandako aurrerapenek errotik aldatu dutela egoera. "Orain Solariak ere ikusten du energia berriztagarrietan inbertitzea behingoz errentagarria dela. Albiste ona da hori. Zergatik ez dugu guk egiten, publikotik?".

"Ez da proposamen politiko zehatz bat" zehaztu du Pascualek. "Agertoki bat da, ikusteko herri bezala anbizio handia izango bagenu honaino heldu gintezkeela, posible dela. Orain eztabaida eman eta erabaki politikoak hartu beharko dira, ea noraino heldu nahi dugun, zein baliabiderekin, zein erritmotan, nola uztartu naturaren zaintza eta gure energia beharrak... dialogo konplexu asko falta dira".

Dugun erosotasuna salatu du Akizuk. "Egungo eredu energetikoa mantendu behar dugula, poliki joan behar dugula, eroso gaudelako esaten dugu, baina gure aurka dator hori. Aukera asko dauzkagu eta ez gara ari ezer egiten".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago