Pasa den neguan Amazoniak. Antzinako etorkizuna izeneko jardunaldia antolatu zuen Donostiako San Telmo museoak, Amazoniako komunitate indigenen errealitatea hobeto ezagutzeko eta zenbait hausnarketa elikatzeko helburuz.
Hitzaldi horietako batean, Carmen Madorran filosofo eta ekintzaile ekologistak aipatu zuen natura gizakiaz aparteko zerbait denaren fantasia sortu duela mendebaldar kulturak. Eva Saldañak gaineratu Amazoniako indigenek ez dutela bereizketarik egiten natura eta kulturaren artean, eta badutela hori ondo islatzen duen esaldi ezagun bat: "Guk ez dugu natura babesten; natura gu gara, eta gure burua defendatzen dugu". Hizlariek azpimarratu nahi izan zuten gizakiak ekosisteman duen eragina eta lekua oso bestela ulertzen dutela indigenek.
Gizakiaren eragin nabarmena
Nabarmendu zuten Amazoniak populazio izugarri handia izan duela azken milurtekoetan, eta gizakiaren eraginik gabeko eremu bat denaren fantasia gure konplexuak eraikitako ideia bat besterik ez dela. Beno, konplexuaren ideia hori agian nirea da, bai; baina, finean, mezu hori indartu nahi izan zuten.
Eduardo Nevesek ere eman zuen datu esanguratsu bat: Amazoniako zuhaitz espezie guztien %1,4k azalera osoaren ia %50 estaltzen duela, eta hori badela gizakiak ingurunean izan duen eraginaren adierazle bat, gailentzen diren zuhaitz espezie horiek gizakiak elikatzeko baliatzen dituenak baitira. Hirurek nabarmendu zuten Amazonia oreka baten emaitza dela, eta ez gizakiak bakean utzitako eremu birjina.
Eta hau guztia, agian, ez da ezer berria; ados. Eta Euskal Herria ez da Amazonia; ados. Eta Amazoniak ez du dena alde, eta bizi ditu egundoko gatazkak lurren okupazioarekin eta abar; ados, bai. Baina, ez al da abiapuntu aproposa bizi ditugun garaiei lur apur bat emateko? Amazoniak erakusten dituen bi muturretaz ari naiz: behar kolektiboen baitan kudeatutako paisaiaren eta interes indibidualen arabera zukututakoen arteko arrakalaz, alegia. Ez al da abiapuntu polita paisaiaren izaera kulturalaz hitz egiteko? Natura eta kulturaren arteko lotura banaezinaz ari naiz. Ez al da abiapuntu polita muturreko ekologista eta produktibisten zimenduak harrotzen hasteko? Zuhaitz bat mozteak morala urratzen dionaz edo basoa aberastasun indibidualerako tresna gisa ikusten duenaz ari naiz.
Aleak eskaini didan tarte honetan, aurrerantzean, hitz egin nahi nuke basogintzaz, paisaia kulturalaz, nekazaritzaz, abeltzaintzaz, zuhaitzez, basa-bizitzaz zein landa-guneaz. Hitz egin nahi nuke gaiak nahastuz: gizartea, ekoizpena, biodibertsitatea, klasea… orekaren dantzan, osotasunak agindu dezan.
Markel Arriolabengoa
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.