Barkazioak amaitu zaizkigu, eta eguneroko zereginetara bueltatu gara. Guk, txikitan, eskolatik barkazioak hartzen genituen eta helduek ere hartzen zituzten lantegietatik. Baserritarrak izan ezik; haientzat ez zegoen barkaziorik.
Nork, nori eta zer barkatu? Atsedena lanaren truke irabazten zen zerbait zen. Nagusiak lan egun batzuk barkatu egiten zizkigun lanera joan gabe, beraz, nagusiak ez bazuen barkatzen, lan egin behar jai eta aste.
Gaur egun ez da barkazioak hitza erabiltzen atsedenaldi luzeak adierazteko. Oporrak esanda ulertzen dugu. Honek ere badu bere ibilbidea eta, adituek diotenez, latinezko cuppa (kopa) hitzetik gopor edo kopor euskal hitza sortu omen zen, eta hortik opor izatera iritsi. Artzainek eta baserritarrek jateko hartzen zuten deskantsua —gopor edo kopor hori esnearekin edo janariarekin erabiltzeko egurrezko ontzi bat omen zen—.
Baina, opor hitzak, oporrak kontzeptuak, nagusi eta langileen arteko gorabeherak disimulatu egiten ditu. Lehen eta orain ere bai, nagusiarekin lan kontratu bat sinatzen dugunean, berez, bien aldetik dauden eskubideak eta betebeharrak onartzen ditugu, baina agindu, nagusia da beti agintzen duena eta langileak kasu egin behar. Langileen batasunak eta sindikatuek lortutako eskubide minimo batzuk ez baleude, nagusiek ez lukete barkatuko eta, barkaziorik gabe, oporrik gabe geratuko ginateke.
Badira atseden mugaturik ez duten lanbideak ere. Kasu hauetan langilearen profesionaltasunak ez dio bere buruari barkaziorik ematen eta, neurririk jarri ezean, osasuna hondatzeraino irits daiteke.
Gutxitan aipatzen da osasuna lan kontratuetan. Langileen estatutuak bideratzen omen du. Berriro ere barkamenarekin topo egiten dugu. Nagusiek ez dute lanegunik barkatu nahi, gaixorik bazaude ere. Nagusiak langile guztiak lanean ikusi nahi ditu eta nekez barkatuko ditu piper egiteak. Borondatezko hutsegiteak badira, legeak zuzenduko du arazoa, baina mediku batek firmatutako baja bat bada, nor da nagusia gaixotasun bati ere trabak jartzeko. Zer nolako barrena dauka gaixo baten hutsegitea ez barkatzeko.
Iñaki Lasa.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.