lara salceda

"Poliziek, militarrek agintzen dute Ceutan, eta bortizkeriaz aritzen dira"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Lara Salceda gasteiztarra Ceutan dago lanean. Argazkia: LARA SALCEDA

No Name Kitchen erakundean lanean ari da Lara Salceda (Gasteiz, 1993) Ceutan. Adin txikikoen babeserako sistema publikoa martxan jartzea urgentea dela azpimarratu du

Krisi humanitario baten erdian No Name Kitchen erakundean lanean ari da Lara Salceda. Ceutan indarkeria poliziala zein militarra eguneroko ogia dela salatu du aktibistak, eta harrera sistema erabat kolapsatuta dagoela.

Nolakoa da Ceutan bizi den egoera? Zer ikusten duzue kalean?

Egoera oso larria da, eta oso latza. Egun asko igaro dira uztailaren 30eko eta 31ko sarreratik, eta egoerak nahiko antzeko jarraitzen du. Gu batez ere hiru arlotan zentratu gara: adin txikikoak, nazioarteko babes eta asilo eskaeretan oso perfil zaurgarriak dituztenak, eta biolentziaren dokumentazio lana. 

Zer espero duzue datozen asteetarako? Egoera bideratzeko moduan dago, ala krisi luzeago baten aurrean daude?

Hau luzerako doa. Administrazioak oso pauso gutxi eman ditu. Adingabeei dagokienez, duela bost edo sei egun bi zentro baino ez zituzten martxan jarri neskentzat. Horrek esan nahi du gainerako mutilek eta neska batzuek ere kalean jarraitzen dutela. Oso zaila da zifrak ematea, baina gure estimazioa da 1.500-2.000 haur inguru daudela kalean. Gainera, kontuan hartu behar da lehenengo egunetan Ceutako bizilagun asko etxeetan izan dituztela umeak, oso harrera potentea egon da, baina azkenengo astean ikusi dugu ume berriak daudela kalean.

"Jasanezina da. Kale gorrian daude, ez dago janaririk, ez dutxatzeko, ez lo egiteko tokirik"

Kaleetan umeen kontrako indarkeria handia dagoela salatu duzue. Nondik dator biolentzia hori? 

Biolentzia alde guztietatik dago. Ceuta momentu honetan erabat militarizatuta dago, ez da deklaratu ofizialki salbuespen egoera edo larrialdi egoera, baina erabat militarizatuta dago. Egunean zehar militarrak nonahi daude, baina gauean batez ere mugimenduan dagoen jendearen kontrako biolentzia oso bortitza ematen ari da militarren partetik, korrika hasten dira haien kontra, haien babeslekuetan sartzen dira, mendietatik eta kaleetatik jarraitzen dituzte. Poliziaren eta Guardia Zibilaren sekulako jazarpena dago. Guardia zibila ibili da piperbeltz spray-a botatzen jendearen kontra. Hasieran biolentzia poliziala zen, militarrena, baina azken asteetan ere Ceutako hainbat auzotako jendea, batez ere auzo txuriak eta dirudunak, antolatzen ari da sare faxistetan, eta kaleak hartzen dituzte gauean. Hori ikusi dugu, dokumentatu dugu, eta oso zaila da hor egotea; militanteen kontrako bortizkeria ere hasi da, eta jazarpen handia dago laguntzen ari den jendearen kontra.

"Ez da deklaratu ofizialki salbuespen egoera, baina erabat militarizatuta dago Ceuta"
 

Zer da, zure ustez, Ceutan hartu beharko litzatekeen erabaki urgenteena?

Martxan jarri behar da adin txikikoen babeserako zerbitzu publikoa. Babes sistemak ez du funtzionatzen. Umeak kale gorrian daude, oso txikiak dira. Oso latza izan da ere administrazioaren partetik entzutea nola egin duten bereizketa bat 14 urtetik beherakoen eta 15 eta 18 urte bitarteko adin txikikoen artean, azken horiek helduak izango balira bezala tratatzen. Hori legez kanpokoa da erabat. Bestetik, adinez nagusi diren milaka lagunek kalean jarraitzen dute. Bi espazio egokitu dituzte, Loma Colmenar eta Loma Margarita, baina jende pilo bat dago hor sartzeko zain, kale gorrian daude, ez dago janaririk, ez dute otordu bat ere jasotzeko aukerarik, ez dutxatzeko, ez lo egiteko aukerarik ere. Jasanezina da egoera. Harrera sistema kolapsatuta dago lehen momentutik. Migranteak jasotzeko zentroaren espazioa kolapsatuta dago. Ez da inor sartzen eta ez da inor ateratzen, besteak beste ekainaren 12tik aurrera, Europako arautegi berria indarrean jarri zenetik, eskubide batzuk galdu egin direlako eta migranteak ezin direlako Espainiako estatutik atera, ezin direlako Ceutatik atera. 

Zenbat migratzaile daude kalean edo asentamenduetan?

Oso zaila da esaten, baina guk kalkulatzen dugu 10.000 pertsona baino gehiago daudela mugimenduan. 

Bereziki egoera zaurgarrian daude emakumeak eta haurrak. Zer egoeratan aurkitzen dituzue?

Emakumeentzako espazio bat zabaldu zuten 200 plazarekin, baina berehala kolapsatu zen. Emakume asko zegoen kalean zentro horren inguruan, sarreran zain. Bada, militarrak agertu ziren eta esan zuten eremu hori militarizatuta zegoela eta alde egin behar zutela handik, eta mugiarazi egin zituzten. Jendea mareatzen ari dira etengabe, toki batetik bestera mugitzen dituzte. Ikusten dugunez, mugara ere bidaltzen ari dira jendea. Azken bi edo hiru egunetan beroan kanporatze asko ematen ari dira; estrategia horrekin hasi dira, testigantzak ditugu, jasotako bideoetan ikus daiteke militarrak 30 pertsonen taldeak hartu eta kanporatu egiten dituztela.

Gobernuak iragarri du Ceutan geratzen diren migratzaile gehienak Marokora itzultzeko prozesuak egingo direla. Kezka sortzen dizue politika horrek?

Guk esaten duguna da asilo sistema martxan jarri behar dela, dagokion prozesua jarraitu behar dela. Migratzaile bakoitzak eskubidea dauka bere eskaera aztertzeko. Eta nazioarteko eskubideetan oinarritutako azterketa hori egin ostean, orduan erabaki dadila erabaki behar dena, baina prozesuak zabaldu egin behar dira, eta momentu honetan sistemak ez du hori bermatzen. Baliabide gehiago jarri behar dira, asilo espediente horiek tramitatu behar dira, eta ebatzi egin behar dira. Ezin dugu legea bertan behera utzi, oinarrizko eskubideak bertan behera utzi, askatasun publikoak bertan behera utzi, hemen gertatzen ari den bezala. Hemen Poliziak agintzen du, militarrek agintzen dute eta bortizkeriaz funtzionatzen dute.

Ceutan tentsio soziala handitu da. Nola ari zarete hori bizitzen?

Denbora asko igaro da, polarizatu egin da egoera Ceutako herritarren artean, eta lagun asko hori baliatzen ari dira: aprobetxatzen ari dira momentu hori kriminalizatzeko eta diskurtso xenofoboa elikatzeko. Beraz, hor egon behar dugu diskurtso eta borroka ideologiko horri aurre egiteko, giza eskubideez hitz egiteko eta defendatzeko pertsona guztiak dituztela eskubideak, inor ez dela ilegala. Batez ere, gertatzen ari dena humanizatu egin behar dugu. Ikusarazi pertsonek badituztela beren historia, badutela euren identitatea, euren lurra, euren kultura, euren hizkuntza, eta familia uzten dutela beste toki batera etortzeko. Zergatik mugitzen dira? Hor jarri behar dugu fokua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago