Iritzia

Lehen agurra

Edurne Begiristain

"Ez dut agintzen beti ados egongo garenik; ezta nik neuk beti asmatuko dudanik ere"

Edurne Begiristain nauzue, eta datozen hilabeteetan tarteka lerro batzuk idatziko ditut orrialde honetan. Pentsatu dut, hasteko, nire burua aurkeztea dela egokiena. Edo eleganteena, behintzat.

50 urte ditut, kazetaria naiz eta Berrian egiten dut lan. Jaiotzez gipuzkoarra naiz, baina gasteiztartzat dut neure burua: sei urte nituenetik bizi naiz Arabako hiriburuan, eta, beraz, bizitzaren zatirik handiena hiri honetan eman dut. Ez dakit nire buruaz datu gehiago ematea komeni den. Agian bai. Agian ez. Irakurleok ere zerbait jakiteko gogoa izango duzue, baina ez dut lehen agurra curriculum bihurtu nahi.

ALEAko lagunek idazteko gonbita egin zidatenetik, behin baino gehiagotan pentsatu dut zein izan zitekeen lehen iritzi zutabe honen gaia. Hasieran, buruan bueltaka nenbilen: zer kontatu? Nondik hasi? Zer esan behar da lehen aldiz norbaiti hitza ematen diotenean?

Eta, egia esan, gaiak ez zaizkit falta. Azkenaldian buruan zirika ditudan batzuk: Ceuta eta migratzaileak. Hezkuntza sistema. Oporraldia eta lanera itzultzerakoan posta elektronikoan aurkitzen ditugun 15.000 mezu irakurri gabeak —ia denak spama, noski—. Adina. Adinkeria. Gertuko kontuak eta urrunekoak. Egunerokoan oharkabean pasatzen zaizkigunak, eta ozen hitz egitera behartzen gaituztenak.

Bada, horiei eta beste askori buruz aritzeko aukera izango dut hurrengo aleetan. Ez dut agintzen beti ados egongo garenik; ezta nik neuk beti asmatuko dudanik ere. Iritzi zutabe batek, azken batean, horixe izan beharko luke: norberak bere begiradatik zerbait proposatzea, eta irakurleari berea osatzeko edo zalantzan jartzeko tartea uztea.

Eta, agian, hori da zutabe bat hasteko modurik zintzoena ere: ez jakitea zehazki nora eramango gaituen bideak. Galderaren bat mahai gainean uztea, zalantzak partekatzea, egunerokoari beste begirada bat eskaintzea. Batzuetan, erantzunak baino interesgarriagoa baita elkarrekin galderak egitea. Baina gaur ez dut horrelakorik egingo. Gaur, lehen hartu-eman honetan, agurtu baino ez zaituztet egingo.

Kaixo, bada. Eta eskerrik asko irakurtzeagatik. Hurrengoan hasiko gara. •

Edurne Begiristain

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago