Iritzia

Hasierak

Oier Azkarraga

"Tarteka barrenak hustu, tarteka irakurkera erosoa eta gehienetan deserosoa"

Bizitza antolatzeko bi manera daude, gutxienez: badira bizitza urteka antolatzen dutenak eta bagara ikasturteka antolatzen dugunak ere.

Guretzat, iraila bizitzaren hasiera da: berriro lanera buelta, berriro zereginetara... Hasierak planteatzeko momentua ere izaten da: gimnasioa, eskulanak, gitarra edo dantza. Guztiontzako aukerak!

Niretzat, irail hau, gauza askoren hasiera izango da. Beste batzuen artean, tarteka, ALEArekin bat egin eta hemen izango nauzue bizitzaren gorabeherak kontatzen. Gertatzen zaizkidanak, bururatzen zaizkidanak eta sentitzen ditudanak ere.

Tarteka barrenak hustu, tarteka irakurkera erosoa eta gehienetan deserosoa. Tarteka hontaz eta hartaz, hemengoaz eta hangoaz.

Espero dezagun hasiera berri hau ez izatea gimnasioan hasi edo erretzeari uztearen antzekoa. Hasiera berri honek izan dezala jarraikortasuna, eta dagokidanean, formal-formal eta txintxo-txintxo, zuekin dudan zita honetara garaiz iristea. Bizitzak, tarteka, harrapatzen baikaitu eta zurrunbiloan iltzatuta gelditzen gara ezin aurrera ezin atzera.

Nagitasunak kentzeko momentua iritsi da, alarma berriz programatzearena, ordenagailuko pasahitza birgogoratzearena, kafetan itotzearena, agenda berria estreinatzearena... Udako abenturak eta desbenturak, argazki bidez, paretetan edo instagramen zintzilikatu; bihotzaren erdian zenbait une gorde eta horiek emandako indarrarekin burua altxatu eta urrats sendoz aurrera egiteko momentua da hau.

Hasiera berri baten aurrean gaude. Ni prest nago eta zuek, prest zaudete? •

Oier Azkarraga.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago