ARANTXA IBAÑEZ DE OPAKUA

"Araban gauza onak egiten dituen jende asko dago, eta gu horientzako tresna gara"

Juanma Gallego

Arduran daraman denboran gauza asko aldatu direla dio, baina etengabeko aldaketa da fundazioaren ezaugarri bat.

Arlo sozial edo kulturalean ere etengabeko berrikuntzaren beharra aldarrikatu du zuzendariak, baina, horrez gain, elkarte eta entitateetan aritzen diren boluntarioen lanari garrantzia eman dio.Testua eta argazkiak: Juanma Gallego.

Sei urte inguru daramatza lanean Vital Fundazioko zuzendari gisa Arantxa Ibañez de Opakuak (Gasteiz, 1976). 2001ean hasi zen Vital Kutxan, eta lan horretan hemeretzi urte eman ondoren, Fundazioan lanpostu huts bat atera zenean, bere burua aurkeztu zuen. Sei urte hauetan aldaketa asko egon direla dio.

Sartu zinenetik, nola ikusi duzu proiektuaren bilakaera?

Vital Fundazioa etengabe aldatzen ari den entitate bat da, etxean dugun ezaugarrietako bat da hori. Berez, oso talde txikia gara: gaur egun hamahiru langile gaude. Sei urte hauetan, gainera, aldaketa asko egon dira, eta esango nizuke urtero gauzak aldatzen ditugula. Ez dugu beti gauza berdina egin nahi. Horregatik, ahalegintzen gara gizarteari aurrea hartzen, eta sinisten dugunarekin aurrera egiten. Instituzioak askotan zorrotzak izan behar dira, diru publikoa maneiatzen dutelako. Hala izanik ere, zenbaitetan horrek badu zerbait negatiboa, zurruntasunak ez dizulako aukerarik ematen arin esku hartzeko. Horregatik, askotan gure atera deitzen da. Esango nizuke gure hutsa dela beti baietz erantzuten dugula. Beti entzuten dugu, bederen.

Lurralde osoa kudeatzeko, jende gehiago espero nuen, egia esanda...

Bai. Egunero kudeatu behar diren gauza asko daude. Baina, lan talde txikia izanik, alde on eta txarrak daude. Alde ona da gutxi gorabehera denok jakitun garela egiten den guztiaz, eta horrela askoz errazagoa dela proiektuekiko loturak mantentzea eta gauzak azkar egitea.

Askotan ezagutzen da zuen lana arlo sozial edo kulturalagatik, baina ez dira bakarrak? Zer arlotan aritzen zarete?

Arlo kulturala eta soziala gure bi zutabeak dira, bai. Nik zortea izan dut, bankuaren emaitza onen garaian sartu naizelako, baina finantza krisi bat bizi izan dugu, aurrekontuetan murrizketak egon ziren. Baina, halere, arlo sozial eta kulturala beti izan dira azkenak murrizketak ezartzerakoan. Hezkuntzaren alorra dago ere, azken urteetan pisu handia hartzen ari dena. Ez da ohiko hezkuntza: ikastetxe askorekin lanean ari gara, ez bereziki eskola curriculuma garatzeko, baizik eta konpetentzia sozialak lantzeko. Berez, leku askotan gaude, baina batzuetan jendeak ez daki zehazki zertara dedikatzen garen. Independenteak izanik ere, orotara bost Vital fundazio gara. Bankutik dibidenduak jasotzen ditugu bostok, eta patronatu berdinarekin funtzionatzen dugu. 

Zeintzuk, zehazki?

Sancho El Sabio, adibidez, hirian dugun altxorra da, eta oso gutxi ezagutzen da. Merezi du bisitatzea, eta jakitea hor dugula. Banku fundazioa, bestetik, inbertsioetara eta ondarera dedikatzen da. Tartean, ditugun artelanak kudeatzera. Azken aldietan, motor ekonomiko baten rola jokatzen ari da, eta bertako enpresetan inbertitzen ari da. Idiomas eta Estadio fundazioek 60 urte baino gehiago dituzte. Gure oraingo ikuspegiarekin, arraroa egiten zaigun zerbait da, baina sortu zirenean jendeak ez zuen kirola egiten, ezta hizkuntzak ikasi ere. Eta garaiko kutxak erabaki zuen lurraldea sustatzeko modu bat zela pertsonak trebatzea. Garairako oso kontu berritzailea izan zen.

Benefizentziatik harago doan zerbait da...

Hala da. Betidanik kontu askotan aitzindariak izan gara. Gasteizko Aurrezki Kutxa fundatu zenean —iaz 175 urteurrena ospatu dugu—, Estatuan udal jatorria izan zuen horrelako lehen entitatea izan zen, udalak erabaki zuelako lukurreriatik aldenduko zen aurrezki kutxa bat egin nahi zuela. Lau horiez gain, gurea garatzen da. Ohikoa, ordinarioa, gure arteko hizkeran ezagutzen dugun moduan. Gehien ikusten den marka da, obra soziala egiten dugulako eta baliabide asko bideratzen ditugulako gizartera.

"Ez dugu beti egon nahi gauza berdinak egiten: etengabean programazioak berritzeko lanean ari gara"

Horrez, gain, enplegua, kirola edota ingurumena lantzen dituzue... 

Kirola da agian gehien ikusarazten gaituena. Aitortuko dizut sartu nintzenean ezin nuela ulertu fundazioa zergatik aritzen zen kirolaren alorrean. Eta beste fundazioren batekin hitz egiten, esaten zidaten eurek kendu zutela arloa, edozein pertsona kirola egiteko gai delakoan. Bada, sei urteren ostean, esango dizut kirolaren alorreko defendatzaile sutsua bihurtu naizela. Hemen oinarrizko kirola lantzen ari gara, eta uste dut tresna bat dela arlo sozialean beste hainbat kontu lantzeko... Gaur egun, askotan, gaztetxoak sedentarismoa eta isolatze sozialean daude. Baina kirolaren eta talde jardueraren bitartez, aisialdi alternatibak izanik, gauza asko landu ditzakete maila emozional eta sozialean, eta badira ikerketa asko hori berretsi dutenak. Laguntzen ditugun klubak, lasterketak, kirol probak... horiek guztiek bultzatzen dute jendea prestatzera, urtean zehar lan egiteko helburu bat izatera. Gaztetxoak ez ezik, helduak ere elkartzen dira, entrenatzeko. Erronka txiki horiek beharrezkoak dira. Horrez gain, inklusiorako tresna ere bada kirola.

Nolakoa da koordinazioa aldundiarekin edo udalekin?

Harreman oso ona dugu. Baina, askotan —eta hau, entitate guztiei gertatzen zaigun zerbait da— nor bere egunerokotasunean dago, eta zaila egiten zaigula koordinatzeko denbora aurkitzea. Orokorrean, entitateak, instituzioak, elkarteak... guztiok zor bat dugu: indartu beharko genuke koordinazioa Araban: sarean jardun eta anbizio handiagoko proiektuetan batera lan egitea. Eta, ez pentsa, gu gara lehenak zor hori daukagunak.

Moduren batean, lideratzeko moduan egongo zarete...

Tira, Arkabia martxan jarri dugunez, urte konplikatua izan da. 2026aren amaieran ere fundazioaren bulego berriak martxan jarri nahi ditugu. 2027tik aurrera aldi desberdina izango dela uste dut, lan egiteko beste modu bat izan ahalko dugulako, eta indartu ahalko dugu pertsona eta erakundeen artean lotura egiteko daukagun erronka. Izan ere, Araban gauza interesgarri ugari egiten dituen jende asko dago, eta, askotan, ez ditugu ezagutzen. Eta gure erronka, fundazio moduan, bada gauza interesgarri horiek guztiak agertoki gainean jartzea ere, ikusgarritasuna emanez.

"Guztioi zaila egiten zaigu koordinatzeko denbora aurkitzea, baina koordinazio hori indartu beharko genuke"

Arkabia espazioak lehen hilabeteak eman ditu zabalik. Nola sortu zen?

Posta kalean erakusketa areto bat geneukan, baina irisgarritasun eta ikusgarritasun gutxikoa. Bada, hasieran sarbidearen erreforma txiki bat izan zena erabateko aldaketa bihurtu zen. Konturatu ginen erabilerarik gabeko espazio asko genituela bertan. Pentsatu genuen zerbait handiagoa egin ahal genuela. Fundazioaren presidentea funtsezko pieza izan da honetan guztian, anbizio handiagoko begirada bat eman duelako. Eta patronatuak ere prozesua bultzatu du. Beti konfiantza izan du taldean, eta egin dugun kudeaketa teknikoan, eta, horri esker, nahi izan dugun moduko lan bat egin ahal izan dugu. Bestetik, gauza ezberdin asko egiteko gogoarekin hartu dugu proiektua. Argi dugu gaur egun, artetik harago, kultura zerbait askoz zabalagoa dela, eta badirela bultzatu beharreko gai asko: jasangarritasuna, lurraldea... gauzak egiteko beste modu bat da.

Zer nolako balorazioa egiten duzue ? Espazioari aukerak ikusten al dizkiozue?

Tira, ez du aukera askoz gehiagorik, pentsaezinak iruditzen zitzaizkigun gauza asko egiten ari garelako! Ireki eta gutxira eskaera andana jaso ditugu bertan gauzak egiteko. Bat-batean, zirkuitu askoren mapan sartu gara. Dendarabako espazioa zaharragoa eta ezkutuagoa zen, niretzat xarma bazuen ere. Gurpil baten modukoa da: gauzak egiteko eskaera ugari jasotzen ari gara, eta jendea badator egiten diren gauzak ikustera. Adibidez, beste egunean DJ bat izan genuen erakusketa batean, eta hau duela bi urte ez zitzaigun bururatuko. Arkabia bezalako espazio batek gauza berrietan pentsatzeko aukera ematen du. Bururatzen ez zitzaizkigun gauzak ere. Horren espazio balioaniztuna izatearen abantailetako bat da ez dakigula zer egingo dugun hurrengo urtean.

Gazteei begira, nola ikusten dituzue aukera berri hauek?

Gazteekin erronka bat daukagu. Bitartekaritza zerbitzu bat daukagu, baina badago erakartzeko oso zaila den gazteen multzo bat. Kulturari dedikatzen den edozein pertsonaren ahotan dagoen zerbait da. Arkabian saiatzen ari gara gazteentzat erakargarriak izan daitezkeen gaiak lantzen.

Urte "konplikatua" izan dela dio Ibañez de Opakuak, gehienbat Arkabia irekitzeak eman dien lanagatik. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Aurki, Vital eguna izango duzue...

Bai, urriko lehen asteburuan izango da, eta fundazioaren markaren inguruan kalean gauzak jai giroan egiteko beste aukera bat izango da. Bertan gazteek lehentasuneko espazioa daukate, Foru plazako kontzertuak egiten ditugulako. Normalean Gasteizen edo Araban ikusten ez diren kontzertuak doan disfrutatzeko aukera ematen diegu. Guretzat garrantzitsua da hori, pertsonen egoera ekonomikoa muga izan ez dadin kulturara sarbidea edukitzeko. Baina doakotasunaren inguruko eztabaida hori badago ere leku askotan. Konturatzen gara ere gure jardueretara etortzen den jendeak maila ekonomiko normala duela, eta horregatik beste publiko batzuetara iritsi nahi dugu.

Nola lantzen duzue lurraldetasuna?

Oso presente daukagun zerbait da. Vital-a Arabatik programa udalerri guztietara iristen da udaran, urtean 105 jarduerekin. Horrez gain, udalek urtean zehar daukaten programazioa laguntzeko hitzarmenak ditugu. Baita kirolaren alorrean ere, eta hor berariaz lurraldetasuna lantzeko proiektuak daude. Azpiegituren bitartez azokak laguntzen ditugu. Hori askotan baloratzen ez den zerbait da. Aurten hasi gara ere udalerrietan egiten diren beste hainbat jaialdi laguntzen. Jaialdi horien inguruan jende asko mobilizatzen da, gainera, eta horrek kohesio soziala bultzatzen du. Dena pertsonei eta alde sozialari lotuta dago, azken finean.

Arlo sozialari garrantzi berezia eman nahi diozue...

Bai, Araban arlo sozialean dauden erakundeek duten lanaren garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Boluntario asko daude, lan itzela egiten: pertsonak eta familiak laguntzen, Osakidetza edo instituzioak iristen ez diren lekuetan. Arabaren ezaugarri nabarmena da sare handi hori, askotan horri balio gutxi ematen diogun arren. Gu oso hurbil gaude horietatik. Niri pertsonalki lanbide honek erakutsi dit Araban jende on asko dagoela. Askotan gauza negatiboei baino ez diegu erreparatzen, baina badago jende asko gizarte, kirol edo kultura mailan oso gauza txukunak egiten. Oso beharrezkoa den zerbait da hori, eta gu hor jende horrentzako tresna gara.

Etorkizunari begira, zer erronka dituzue?

Aurki Kordoi Etxetik Arkabiaren atzeko aldera mugituko ditugu gure bulegoak, eta erdialdean egoteak aukera gehiago emango digu jende guztiak geure etxea bere etxetzat hartu ahal izateko. Gai izan behar dugu espazio hori hiriarentzat erabilgarri bihurtzen. Baina, horrez gain, argi dugu etengabean berritzen jarraitu behar dugula, programazioa berritzeko auto exijentzia maila oso handi bat mantentzen dugulako beti. Guztientzat errazena da beti berdina egitea, baina hori ez da plana. Etxe honetan konfort eremurik ez daukagu.•

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago