Menditik txangoa egin behar da Belatxinga mokogorri (Pyrrhocorax pyrrhocorax) bat aurkitzeko. Toki garaietan bizi dira, labar malkartsuen eta mendiko zelaien artean. Arabako mendebaldera, Valderejoko parke naturalera, etorri gara haietako bati elkarrizketa egin ahal izateko. Beitu, badator airean itzulipurdiak eginez. Hemen goian jotzen duen haizearekin adrenalinaren oso frikia izan behar da orduko 80 kilometroko abiaduran jaisten jolasteko, bizkar gainean itzulipurdi bat egiteko, eta arroka batetik milimetroetara gelditzeko.
A zer amiltze suizida! Ez dakizu hegazti arrunt bat bezala lurreratzen?
Jakin bai baina aspertuko ginateke, ez gara mendian bizi otzanak izateko... Hiltzeko beldur dena ez dadila jaio! Kar, kar, kar. Gainera, horrela belatz handiari iseka egiteko entrenatzen dugu, zerutik amiltzen baita eta airean abileziarik ez baduzu segundo gutxiren buruan bazka bihurtzen zaitu! Egunez egun bizirauten laguntzen digu gure trebetasunak. Gainera, askotan talde handietan hegan egiten dugu eta beti dago norbait gora eta zeruertzera begira, arriskuei so.
"Aurten lehorte etsigarria dago, ez dakit nora joan beharko garen janari bila"
Esan digute gailurretan arazoak dituzuela. Jende gehienak ez dituela belatxingak ezagutzen eta, antza, ez dizuete merezitako arreta ematen.
Hala da, bai. Jende gehienarentzat txori beltzak besterik ez gara, askotan belearekin nahasten gaituzte, eta familia berekoak garen arren guk itxura airosagoa dugu. Dakizunez beltza ez da inoiz modaz pasatzen, eta gurea ez da edozein beltz. Begira, ikusten dituzu isla urdin-berdexka hauek eguzkipean? Hau goi mailako joskintza da, maitea. Eta ukitu gorri distiratsua, karmin modukoa, mokoan eta hanketan? Eskandalagarria da, dudarik gabe. Barkatu esatea baina beleek ez dute gustu ona koloretako osagarriekin, aspergarriak dira. Hegaztien zaleek bakarrik estimatzen dute gure ukitu dotorea. Hemendik asko pasatzen dira, eta sarritan gure bila dabiltza aireko akrobaziekin gozatzeko.
Taldeka ibiltzea gustatzen omen zaizue, ezta?
Talde handietan elkartzen gara, 30 edo 40 belatxinga mokogorri, eta gure habiak dauden labarretatik jaisten gara belardietara, janari bila. Bideetatik mendizale eta txangozale pila bat igarotzen da, baina batzuk bakarrik gelditzen dira guri begira, gehientsuek ez digute kasurik egiten. Baina guri bost axola!
Nahasketez ari garela... Zer iritzi duzu belatxinga mokohoriari buruz?
–Garrasi sumindu bat bota du–. Ezta aipatu ere! Moko motz horia duten goi mendiko lehengusina horiek… Banana batekin trabatu direla dirudi! Ez dute inolaz ere gure dotorezia larbak lurpetik ateratzeko orduan. Amateurren mokoak dituzte. Gure mokoa, aldiz, xehetasun tresna da, artelan konkortua. Belatxinga horien talde bat bizi da hemen, baina ez gara asko nahasten, bakoitza bere kabuz ibiltzen da mendian.
Non aurkitzen dituzue aipatu dituzun larba horiek?
Aldatu gaia, arren! Jatekorik gabe geratzen ari gara, aukera gero eta urriagoak ditugu. Zilipurdiak egiten ikusten gaituzue hogeita lau orduz eta horregatik uste duzue parrandan gaudela beti, baina garai hauetan aurrera egitea eta eustea kirol arriskutsua bilakatu da.
Zeri egin behar diozue aurre zehazki?
Arazoa ez da sabaia, sukaldea baizik! Guri larre motzetan jatea gustatzen zaigu, abeltzaintza tradizionalak erabiltzen dituen zelai freskoetan; hor behiek, zaldiek eta ardiek belarra motz mantentzen dute, eta lurra zapaltzen eta ongarritzen dutenean kakalardo eta larba mamitsuz beteta uzten digute. Alta, gaur egun soroak abandonatu dituzue, landaredia neurrigabe hazi da, eta dagoeneko ezin dugu mokoa hor sartu. Edo, beste batzuetan, abeltzaintza biziagotzeko tratamendu kimikoak bota dituzue ero-eroan. Menua pozoitzen ari zarete! Ez diot asmo txarrez ari zaretenik, baina, adibidez, ongarri artifizialekin egiten diren belardietako tratamendu batzuek eta abereen gorotzetan biltzen diren desparazitaziorako produktu batzuek intsektuak akabatzen dituzte, eta intsekturik gabe bizitza amaituko da, lagun! Kaput! Horrela jarraituz gero, belatxingak eta gizakiak laster izango gara satorren artean, eta gurekin batera gaurko bizitza basati guztia.
"Abeltzaintza tradizionaleko zelai freskoetan jatea gustatzen zaigu, larre motzetan"
Alegia, abeltzaintza estentsiboaren amaierak ohiko janlekuak ixtea ekarriko du?
Horixe. Eta bestalde, klima aldaketa dago tartean. Mendietan gero eta gorago igo behar dugu gustuko dugun klima freskoa aurkitzeko, baina arazoa da mendiek muga bat dutela, ezin dugu estratosferaraino hegan egin kakalardoak bilatzera. Gainera, beroarekin lurra lehortu egiten da eta hormigoia bezala gogortzen da. Saiatu moko polit hau lur lehor horretan sartzen zizare bat ateratzeko! Zerbikalak han uzten dituzu! Aurten lehorte etsigarria dugu, gure mendi tontor guztiak lehor-lehor daude eta aziendak herrietara jaisten ari zarete hemen goian janaririk ez dagoelako. Ez dakit zer izango den gutaz, ez dakit nora joan beharko garen janari bila. Normalean, intsektuak, zizareak, armiarmak eta beste ornogabe batzuk aurkitzen ditugu lurrean edo arroken arrailen artean, eta asko gustatzen zaigu ganaduaren gorotzen artean janaria bilatzea, baina ganadua joaten bada bilatu beharko ditugu normalean negurako uzten ditugun fruituak, baiak eta haziak.
Zer desastre! Tira, kontaidazu bitxikeriaren bat, irakurleentzat.
Muga-mugara iritsiz gero hirira mudatuko gara, bertan bizi diren gure arrebak bisitatzera. Bai, bai, entzun ondo. Urruti samar geratzen zaigu baina Segovian dago ezagutzen den belatxinga mokogorrien hiriko kolonia deigarriena. Hiri historikoaren erdian bizi dira, nahiz eta eraikin batzuen eraberritze lanen erruz bikote batzuk galdu diren. Gainerakoek mendietan hotza pasatzen dugun bitartean, haiek akueduktuari eta alkazarrari begira daude, habiak eliza erromanikoetan egiten dituzte eta turistak ikaratu egiten dituzte beren buru gainetik ziztu bizian pasatzen direnean. Higiezinen sektoreko aitzindariak dira! Badakigu, halaber, gaztelu zaharretan bizi diren belatxingak daudela, eta habia jartzeko harrizko monumentu zaharretako eta zubietako zuloak ere erabiltzen dituztenak! Tira, hasi beharko gara beste leku batzuk txekeatzen, urte osoan janaria duten belardiak, kasu, eta basoko bizitza errespetatzen duten landareen eta aziendaren tratamenduak erabiltzen dituzten lekuak. Labore agroekologikoak eta artzaintza birsortzailea esaten diote horri... Eta orain, barkatuko didazu baina badator goranzko aire-korronte oso on bat, eta belatz handi bati erdiko hatza atera nahi diot. Gero arte.
• Ordena: Passeriformeak (zozoa, txolarrea, beleak).
• Egoera: Interes berezikoa da Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoaren barruan.
• Habitata: Arrailak eta zuloak dituzten horma harritsu bertikalak.
• Tamaina: 37-41 zentimetroko luzera.
• Beste izen batzuk: Belatxiki, Belatxin, Belatxinga, Erroitxiki, Belaiska.