Galeperra

"Itsasoa zeharkatzen dugun lehen gaua hil ala bizikoa da"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 27a

Galeperrarentzat abuztua hilabete gogorra da. Argazkia: C.MONING /WIKIMEDIA

Migrante nomada bat da galeperra, inprobisazioaren erregina; Andaluzian jaio daiteke, udaberrian Gaztelan hazi, eta Senegalen urtea amaitu. Bere kantu bereziagatik ezaguna da landa eremuan.

Gaur maila handiko gonbidatu bat daukagu gurekin, zoruaren arrasean ibiltzen dena. Zuekin guztiekin, zuzenean Kanpezuko gari zelai batetik: Galeperra!

Korrika batean etorri zara elkarrizketara!

Ui, bai, barkatu arnasestuka jarraitzea. Hegan egiteak nagitasun handia ematen dit; asko nekatzen nau eta nahiago dut hankak erabiltzea. Gainera, gari hau bezalako landaredi lehorraren artean ia ez zait ikusten: nire lumaje marroixka perfektua da oharkabean pasatzeko. Begira, geldirik geratzen banaiz, zure bistatik desagertzen naiz. Hori da gure superboterea. Horrelakoak gara galeperrak (Coturnix coturnix). Eta nabarmendu nahi dugunean, bikote bila gabiltzanean, gure kantu indartsua botatzen dugu: "Pas-pa-llas, pas-pa-llas" (izan ere, galegoz horrela deitzen digute: paspallas) edo euskaraz: pospo-lin, pospo-lin. Arrek kantua bakarrik erabiltzen dugu emeren batek erantzuten duen ikusteko, eta gero arrapaladan ateratzen gara maitekor dagoen eta onartzen gaituen ikusteko. Batzuetan lehia handia dago, eta hainbat donjuanen artean borrokatu behar dugu bikoteagatik.

Zu zara gure galiformerik txikiena, etxeko oiloen familiakoa, baina zuk bidaiatzen duzu! Nola da telefono mugikor baten tamaina duen hegazti batentzat kontinente desberdinak bisitatzea? Arrautz bat ematen duzu, lumaz estalita!

(Lumak harrotasunez puzten ditu eta hasperen egin du) Ai, bidai handi horiek! Nire lehengusinak, oiloak, kortarekin konformatzen dira, baina niri turismoa egitea gustatzen zait. Udaberrian Europara etortzen gara haztera, eta freskatzen duenean Afrikara joaten gara hegan. Ez dizut ukatuko muturrekoa dela Mediterraneo itsasoa hamasei zentimetroko hegaltxo hauekin zeharkatzea. Adrenalina hutsa da! 

"Izarrek eta lurraren eremu magnetikoek gidatzen gaituzte gaueko bidaietan"

Irakurri dut zuen migrazio bidaia ez dela enarena bezala joan-etorriko bidaia antolatu bat; zuena bat-bateko kaosa omen da.

Erabat! Inprobisazioaren erreginak gara. Zientzialariek migrazio nomada deitzen diote gure bidaiari. Enara bat beti habia berera itzultzen da, ataripe beraren azpian. Gu ez. Ni Andaluzian jaio naiteke; udaberrian Gaztelan hazi; uztailean soroa lehortzen ikusi; itsu-itsuan Frantziara hegan egin abuztuan beste txita-talde bat izateko; eta Senegalen intsektuak jaten amaitu urtea. Intsektuak, haziak eta landaredi belartsua dauden lekuan han jartzen dugu kanpamentua!

Alegia, zuen leloa ez da 'turismo programatua', baizik eta 'ahal duzun moduan eta ahal duzun lekuan biziraun'.

Hori bera! Muturreko bidaia da. Izan ere, itsasoa zeharkatzen dugun lehen gaua hil ala bizikoa da; aurrez aurreko haizea edo ekaitza badatorkigu, ez dago atseden hartzeko zerbitzugunerik. Asko bidean geratzen gara. Horregatik, Iberiar penintsulara iristen garenean, lurrera erortzen gara patata zakuak bezala. Lo seko geratzen gara, eta eskuarekin ere har gaitzakezu! Egia esan, nahiko iragarrezinak gara. Bestela, galdetu ehiztariei, izugarri gustatzen baitzaie gure bila joatea.

Ez nintzen ausartzen gaia ateratzera, baina zuk aipatu duzunez: Nola daramazue ehizaren auzia? Abuztu erdian, bero handia denean, zuek ehizatzeko sasoia hasten da, debekualdi erdia. Nola bizi duzue egoera hori?

Ba begira, abuztua oso garai gogorra da landa eremuan, bi arrazoi nagusirengatik. Lehenengoa ura eta aterpea dira. Abuztuan, zelaia lehor dago, uzta biltzeko makinak igaro dira, eta ezkutatzeko tokirik gabe geratzen gara. Bigarrena da, eta min gehien ematen diguna, ama askok oraindik ere txita txikiak dituztela. Debekualdi erdia irekitzen duzuenean, uzta biltzeko makinetatik bizirik ateratzea lortu duten txita askok oraindik ez dute ondo hegan egiten edo ama behar dute bizirik irauteko. Ama erortzen bada, txitaldi osoa galdu egiten da. Hori eta ehiza txakurrek txitak azkar aurkitzen dituztela kontuan hartuta, hondamendia izugarria da; hiru egunetan sarraskia gertatzen da, kosta egiten zaigu kide bat bizirik topatzea.

Entzuna nuen hori. Izan ere, zientzialariek ohartarazi dute zuen populazio globalak urteak daramatzala gainbeheran, habitata galdu delako eta ehizaren presioagatik. Zure ustez, zer egin daiteke egoera hobetzeko?

Malgutasun handia falta da. Debekualdi erdiaren datak urtero erabakitzen dira egutegi finko baten arabera, baina naturak ez du horrela funtzionatzen. Badira urte lehorragoak, txitaldia beranduago izaten dugun urteak... Gazteak aurrera ateratzen ari garenean ehizatzen bada, kaltea izugarria da. Gainera, nekazaritza intentsiboak mugak eta ura edaten dugun tokiak suntsitzen ditu, oso leku gutxitan biltzera behartzen gaitu eta oso jomuga erraza bihurtzen gara. Zientzia gehiago behar da, eta presa gutxiago. Ehizan jarraitu behar bada, eskatuko genuke urtero lehen tiroa eman aurretik, ebaluatzeko hazkuntza nola joan den; populazio baxua badago edo txitaldia berandu hasi bada, atzeratu dadila ehiza denboraldia edo jaitsi daitezela kupoak; eta uztondoak altuak utz diezazkigutela ezkutatu ahal izateko! Azkenean, denok nahi dugu hurrengo urtean galeperrak zelaian abesten egotea, ezta?

"Intsektuak, haziak eta landaredi belartsua dauden lekuan han jartzen dugu kanpamentua!"

Tira, kontaiguzu berezitasunen bat, ALEAko irakurleak harrituko dituen datu bitxiren bat.

Zuek "letxuga baino freskoago" dioen esamolde bat duzue, ezta? Bada, animalien munduan "galeperra baino freskoago" esan beharko genuke. Gure gorputzeko tenperaturagatik diote hori, erokeria genetikoa da! Gu normaltasun osoz sukarrak eta 42 celsius gradu arteko barne tenperaturak jasateko gai gara.Bigarren berezitasun bat da edozein animalia zehatuko lukeen toxinekiko erresistentzia izugarria dugula. (Hotzikara batek astindu du gure galeperra, eta lumak harrotu ditu). Entzun al duzue inoiz coturnismoari buruz ezer? Tira, udaberriko migrazioetan, Afrika iparraldea zeharkatzen dugunean, asko gustatzen zaigu astaperrexilaren haziak jatea. Guri ez digu eragiten, immuneak garelako, baina toxina gure haragian pilatzen da eta gizaki batek garai horretan ehizatzen eta jaten bagaitu, danba!, coturnismo intoxikazio larria izango du. Mendeku natural baten modukoa da, jaten gaituenaren kontra! Izan ere, Biblian jasotzen da Moisesen armada basamortuan galeperrak jaten intoxikatu zela.

Ai ene! Hortaz, galeper basatia segun noiz eta non jaten dugun errusiar erruletara jokatzen ari gara!

Bai, gutxi gorabehera. Baina nahi gabe egiten dugu (kar, kar, kar), ez kontuan hartu. 
Gaueko parrandak gustatzen zaizkizuela txibatu digute hainbat lagunek. Hala da?
Tira, gauez migratzea gustatzen zaigu. Ez dugu zikoinek bezala planeatzen edo korronte termikoetan postureatzen. Gurea propultsio handiko hegaldia da. Ziztu bizian mugitzen ditugu hegoak, zuzen, torpedo bat bezala. Bestela, egunero eguzki galdatan ibiltzen bazara Mediterraneo edo Sahararen gainean, hiru ordutan deshidratatu egiten zara. Gainera, gauez belatzak eta arranoak lotan daude, eta, beraz, harraparien aduanetako segurtasun kontrolak saihesten ditugu. Izarrek eta lurraren eremu magnetikoek gidatzen gaituzte. Gaueko barneko GPSa aktibatu eta miliak zeharkatzen ditugu.

Bidaia ona zure hurrengo gaueko etapan, txapeldun!

Eskerrik asko ALEA! Eta gogoratu, gau honetan izarrek kliskatzen badute, ez da unibertsoa, gu geu gara galsoro baten bila zerua gurutzatzen. Chao! (Hegalekin sekulako zarata eginez aireratu da, bertikalean). 

Galeperra (Coturnix coturnix)
Ordena: Galiformeak.
Egoera: Arriskuan (2021eko Espainiako Liburu Gorriaren arabera).
Habitata:  Zereal soroak, belardiak.
Tamaina: 16-18 zentimetroko luzera.

Ehizaren aldi baterako luzamendua

Ehiza Baliabideen Ikerketa Institutuko (https://www.irec.es) Ekologiako eta Basafaunaren Kudeaketako Ikerketa Taldeak galeperren egungo biziraupen tasak oso txikiak direla adierazten duten datuak argitaratu ditu, batez ere bizitzako lehen urteetan. Emaitza horiek Europako Batasuneko Hegaztiak Berreskuratzeko Lantaldearen (Task Force) txosten zientifikoaren oinarria dira. Txosten horrek ehizaren aldi baterako moratoria iradokitzen du, edo, gutxienez, galeperren populazioaren gaineko presio zinegetikoa nabarmen murriztea.
Hala eta guztiz ere, lurralde gehienetan, Araban barne, 2026an ez da aldatu galeperra ehizatzeko debekualdi erdia irekitzeko data, eta abuztuaren 15etik ehizatu ahal izango da, hamarkadetan bezala. 
Komenigarria litzateke irtenbide partekatuen alde egitea, bateragarri izateko ehiza jardueraren kudeaketa eta galeperren kontserbazioa epe luzera bermatzeko helburua.

Erlazionatuak

Galeperra

xeno-canto uzt 17 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago