Abuztuaren 12an izango den eguzki eklipsearen egunean kamioien zirkulazioa 17:00etatik aurrera debekatuta egongo da erkidegoko errepideetan, eta ez egun osoan, aurretik ezarrita zegoen moduan.
Neurri berriz ezagutarazi du Lakuak, errepideko garraioaren arloko elkarte eta talde profesionalekin bildu ostean. Jaurlaritzak aurreratu du ebazpena modu ofizialean datorren egunetan argitaratuko dela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean.
7.500 kilogramotik gorako masa baimendua duen ibilgailuei dagokie debekua. "Helburua da, fenomeno astronomiko hori dela-eta joan-etorri gehien pilatzea espero den ordu tartean bide segurtasuna bermatzea eta zirkulazioaren arintasuna erraztea, errepide garraioko enpresen eta profesionalen jardueran ahalik eta inpaktu txikiena eraginez", iragarri du Trafiko Zuzendaritzak.
Mugimendu handia espero da egun horretan Arabako errepideetan, eklipsea ikusteko leku bila abiatuko den jende asko espero delako, bai eta kanpotik etorritako bisitari ugari ere. Bereziki Arabako Errioxan ikusiko da hoberen, eguraldiak lagunduz gero. Turismo handiko eskualdea izanik, bertan are jende gehiago pilatuko dela aurreikusten da.