Gehien-gehienontzat errepikaezina izango den unea bizi ahal izango dugu laster, abuztuaren 12an eguzki eklipse osoa ikusteko aukera egongo baita. Bizitzan behin baino errepikatzen ez den aukera horietako bat izango da. Izan ere, Arabatik 2183. urtera arte berriro behatu ezingo den fenomenoa gertatuko da arratsalde horretako 19:30ak aldera: Ilargia Eguzkia estaltzen hasiko da, eta ordubete inguru pasata, 20:27an, osotasun fasea izango da: bat-batean, eguna gau bilakatuko da, inoiz esperimentatu ez den abiadura batean. "Eromena izango da", aurreikusi du Alberto Ancin astronomia zaletuak. Maria Alvarezekin batera, 25 urtez Arabako Astronomia Elkartea kudeatu duen zaletua Astronavarra sarean eta Huescako Elkarte Astronomikoan dago orain, bai eta Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioak martxan duen eklipseen batzordean ere. "Zinez zaila da pertsonetan gertatzen diren sentimendu guztiak hitzekin azaltzea", adierazi du. Ancinek lehen eskutik ezagutzen du zer den eklipse bat bizitzea, 2006an Turkiara joan baitzen, horietako bat ikustera."Bertan lau minutuko eklipsea izan genuen. Gauza asko pentsatzeko eta sentitzeko aukera izaten duzu. Tenperatura beherakada bat gertatzen da, animaliak ezkutatzen dira, lotara joateko…".
La Otra Mitad astronomia elkarteko kide Julio Corredera bat dator ideia horrekin. "Milioi bat bideo edo argazki ikusi ditzakezu, baina, benetan, zuzenean bizitzea oso hunkigarria da". Dioenez, astronomiatik harago doan kontua da, eta "erraietatik sortzen diren sentimenduak" azalaraziko dizkie lagun gehienei. "Itsuek ezingo dute ikusi, noski, baina ziur nago sentitu sentituko dutela". Corredera ere Turkian izan zen duela bi hamarkadako eklipse oso hori ikusten. Edo, zehatzagoak izateko, "bizitzen".
"Hiru gertakari hauek eskura izatea ez da batere ohikoa giza bizitza batean". Alberto Ancin
Urte horretan bi astronomiazale arabarrak Turkiara joan ziren modu berean, Galiziatik Mallorcara doan lurralde zerrendara ere "milioika lagun" etortzekoak dira. Ez da gehiegikeria. Horren arrazoia argia da, Ancinek azaldu duenez. "Itzalaren mende dagoen tarte gehiena itsasoa baino ez da izango, eta Iberiar penintsula izango da eklipse osoa ikusteko moduko lur idorreko eremu bakarra".
Pilaketa handiak
Horrenbeste lagun arratsalde berean pilatzeak, noski, logistika arazo handiak ekar ditzake. Horretan ere guztiz bat datoz bi adituak. "Egun nahiko konplikatua izango da, jende asko pilatuko delako, eta errepideak beteko direlako, kaos bat sortzeko arriskuarekin", ohartarazi du Ancinek. "Gomendioen artean, garrantzitsuenetako bat da, ahal dela, zauden lekutik ez mugitzea. Mendebalderantz, ilunabarrerantz begiratuz gero, eta Eguzkia ikusten baldin baduzu, prest egongo zara eklipsea ikusteko", azaldu du. Biek diote egun horretan autoz mugituz gero errepidean blokeatuta geratzeko arriskua egongo dela, eta horretaz ohartarazi du ere gaiaren bueltan Jaurlaritzak prestatu duen eklipsea.euskadi.eus webgune bereziak. "Hurbileko puntu bat aukeratzea aukera ona da, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteaz gain, fenomenoaz lasaitasun handiagoz gozatzea bermatzen duelako", diote Jaurlaritzan. "Gomendagarria da aukeratutako lekura aldez aurretik iristea, arratsalde eder bat bezala aurreikusten zena bolantearen aurrean igarotako une gogaikarri bat bihurtu ez dadin. Era berean, komeni da bueltatzeko unean itzulera modu mailakatuan egitea, pilaketak saihestuz".
Fenomenoa behatzeko puntuari dagokionez, IGN Institutu Geografiko Nazionalak mapa berezi bat prestatu du, orografiaren arabera eklipsea nondik ikusi ahalko den jakiteko. Horren arrazoia sinplea da, Correderak gogora ekarri duenez: horren berandu izanda, Eguzkia zerumugatik oso gertu egongo da, zortzi bat gradura, eta horregatik mendebaldeari begira Eguzkia ikustea saihestuko duten elementu orografikoak egon daitezke. "Komeni da egun bat aurretik ordu horren bueltan Eguzkia non egongo den ikustea, ideiaren bat izateko", proposatu du Correderak. Behin osotasunera iristen dela, minutu batez gaua izango da. "Hala, une horretan eklipserako betaurrekoak kendu ahalko ditugu: Jupiter ikusiko da, Eguzkiaren eta Ilargiaren eskuman; oso ondo ikusi ahalko da Artizarra, edota Leo konstelazioko izar nagusi Regulus ere".
Aditu guztiek behin baino gehiagotan errepikatzen duten zerbait da: tentu handiz jokatu beharko da beti eguzki eklipserako berariaz homologatutako betaurrekoak erabiliz. "Soilik kendu daitezke gaua egiten den unean; hots, eklipsearen osotasunaren unean", azpimarratu du Ancinek. Une azkar batez Eguzkiari zuzenean begiratzea, Ilargiak partez estalita egonda ere, oso arriskutsua izan daiteke, atzera bueltarik ez duten osasun ondorioak izan ditzakeelako. Aintzat hartu behar da begietan izandako kalteak hasieran ez duela minik sortzen, baina denbora bat pasata konturatu gaitezke egindako kalteaz. Hori dela eta, Jaurlaritzak argi utzi du bere behaketa gomendioetan soilik erabili daitezkeela segurtasunez ISO 12312-2 arauaren arabera ziurtatuta dauden betaurrekoak. Ohi bezala, gomendioa are beharrezkoagoa da heldu baten ardurapean umeak edota nolabaiteko dependentzia bat duten lagunak daudenean, horiek ere segurtasun irizpide horiek taxuz bete ditzaten. Eklipsearen eguna, gainera, are aproposagoa izango da abuztuko plan berezi bat egiteko. Izan ere, bi adituek nabarmendu dutenez, behin betiko gaua egiten denean, pertseidak ikusteko une aproposa izango da, fenomeno hori bete-betean egongo delako, eta, gainera, Ilargi Berria izango da, izar iheskor horiek ikusteko parada bikaina.
"Komeni da Eguzkia non egongo den aurreikustea, ideia bat izateko". Julio Corredera
Gaur egun jakin badakigu eklipseen atzean dagoen arrazoia, baina ohiko ariketa kuriosoa da pentsatzea antzinako zibilizazioetan horrelako fenomenoek sortu behar zuten asaldura. Ariketa horretan jarri da Ancin. "Egunean bertan iluntasunean murgildu ostean, berriro bueltatuko al zen argitasuna? Eklipsea gertatzen zela zekitenean ere, erronka handia zen haientzat. Horren gaineko ezagutza gutxi zegoen eremuetan munduaren bukaera zela pentsatu ahal zuten. Bestetik, eklipseak gerra eta hondamendiekin lotu izan dira askotan".
Dibulgazio lanak
Logikoa denez, elkarte astronomikoetan buru-belarri ari dira dibulgazio lanetan, eta hitzaldi eta erakusketa asko egiten ari dira herri askotan. Jaurlaritzak Bi ilunabarren eguna izeneko erakusketa prestatu du, eta, Arabaren kasuan, hiriburuan ez ezik, bereziki Arabako Errioxan hartuko dute erakusketa: Guardian eta Lapuebla de Labarcan. Atzean dagoen arrazoia sinplea da: Arabaren hegoaldean egongo dira aukera hoberenak eklipsea ikusteko. Hala, Gasteizen osotasuna minutu batez izango da, baina Arabako Errioxan hogei segundo gehiagoz murgilduta egongo dira osotasunean, ingurune geografiko paregabean.
2027an eta 2028an ere penintsulatik beste bi eklipse ikusi ahalko dira, baina datorren urtekoa soilik penintsularen hegoaldean ikusi ahalko da, eta 2028koa eraztun eklipse bat izango da, Eguzkia guztiz estali gabe. "Hiru gertakari hauek eskura izatea ez da batere ohikoa, eta ez da berriro gertatuko gizaki baten bizitzan", aurreratu du Ancinek. "Hortaz, aurtengoa bederen ezin daiteke galdu". Zeruari lotutako ezein fenomenotan bezala, egun horretan eguraldiak asko baldintzatuko du behaketa. Normalean abuztuan ohikoagoak dira zeru gardenak, baina baita beroaren eta hezetasunaren ondorioz pilatzen diren bero hodeiak ere, ekaitz gisa jotzeko aukerarekin. Eklipsea bera ikusi edo ez, dena dela, argitasunaren jaitsiera berdin-berdin sentitu ahalko da, bi adituek deskribatu dituzten sentsazio horiekin guztiekin.
Eta horietan, hain justu, zentratzeko gomendioa luzatu du Correderak. "Ahaztu mugikorrarekin grabatzeaz", aholkatu du. "Nahi baduzu, tripode batekin utzi dezakezu mugikorra grabatzen, baina ez kezkatu horregatik, eta jarri zure burua lehen eskutik fenomenoa sentitzera", animatu du. "Milaka argazki eta bideo egongo dira, eta komeni da unearen sentsazioa zuretzat eta zure gertukoentzat gordetzea", iradoki du. Ancinek ere argi du fenomenoa bizitzera bideratuko dituela une horiek. "Egunotan, fenomenoaren aurretik, dibulgazio zabala egiten ari gara, ez nukeelako nahi inork esatea abagune honetaz jabetu ez dela. Jendeari esaten diot hemen geratzeko, eta, oporrak hartuz gero, egun horiek mugitzeko, hemengoa ez galtzeko". Animo horrekin egonda ere, ordea, argi du egun horretan ez duela asmorik ezelango azalpenik emateko, eta fenomenoa sentitzean zentratuko dela.
Eklipsea penintsulatik baino ez da ikusiko, ibilbide gehiena ozeanoan egingo duelako. Irudia: IGN