Begoña Imaz

"Usaimena naturarekin konektatzeko eskura dugun bide zuzena da"

Juanma Gallego 2026ko uztailaren 26a

Imaz botikaria da ofizioz, baina lurringintzan aditua da. Argazkia: JUANMA / GALLEGO

Lurrinen historia birpasatu du botikariak bere azken liburuan, antzinako zibilizazioetatik gaur egungo sintesi kimikora arte. Historia luze honen ondoren, Imazek dio orain beste behin atzera begira jartzeko unea dela, tradizioaren eta zientzia aurrerapenaren arlo onenak bildu nahian.

Hirugarren liburua argitaratu du Begoña Imaz (Gasteiz, 1986) botikari eta perfumeetan adituak: Historia y ciencia del perfume (Guadalmazan) du izena bere azken sorrera. Titulua bera nahiko adierazgarria edukiari dagokionez. Zientzia eta tradizioa uztartzearen aldekoa da Imaz, eta ezagutza hori testuinguru historikoan kokatu behar dela babestu du. 

Zerk eraman zintuen belar eta usainen mundu honetara?

Txikitan, zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean, sorgina edo sendagilea izan nahi nuela erantzuten nuen. Horregatik Farmazia ikasi nuen. Ikasketak amaitzean asko prestatu nintzen sendabelarretan, lurringintzan eta aromaterapian. Ondoren, pandemia iritsi zen, bai eta amatasuna ere. Orduan geldialdi txiki bat izan nuen. Nire alabari herbarium bat egin nahi izan nion. Landareak biltzen hasi nintzen Gasteizen, lehortzen, eta azpian haien erabilera sendagarriak idazten. Senarrak proposatu zidan digitalizatzea eta blog batera igotzea. Azkenean 200 landare sendagarri bildu nituen, guztiak Gasteizen jasotakoak. Hortik sortu zen lehen liburua: Herbario medicinal urbano. Argazki guztiak nireak dira. Nahi nuen jendeak benetako landareak ikus zitzala. Helburua zen erakustea landare basati horiek, hain sendagarriak eta sendatzeko gaitasun handikoak izan direnak, gaur egun ere hirian bertan hazten direla. Ondoren, bigarren liburu bat atera nuen: Tradición silvestre. Urteko gurpil zeltaren ingurukoa da. Besteak beste, gure arbasoek naturaren zikloak nola ospatzen zituzten azaltzen du.

"Interesgarriena da bi munduak uztartzea: naturaren aberastasuna eta zientzia"
Zure azken liburuak lurrinen historia kontatzen du? Zergatik gai hori?

Usaimenaren gaia liluragarria iruditu zait betidanik. Perfumearen historia idaztea proposatu zidatenean aukera polita iruditu zitzaidan, historiaurreko garaietatik gaur egunera arteko ibilbidea egiteko. Ez baita bakarrik zer usain erabiltzen ziren kontatzea; baita nork erabiltzen zituen, zertarako erabiltzen ziren eta zer esanahi zuten azaltzea ere. Liburuan pertsonaia zehatzak agertzen dira. Adibidez, Kleopatrarekin lotutako usainak, Maria Antonietaren perfumeak edo Casanovaren gustuak. Hori oso dibertigarria da irakurlearentzat, historiara pertsonen bitartez hurbiltzen delako. Bestetik, oso lan handia izan da garaiko errezetak bilatzea. Antzinako tratatuetan sartu behar izan nuen, farmakopeetan eta dokumentu zaharretan. Errezeta horietako asko etxean prestatzen ere saiatu naiz, benetan nola egiten zituzten ulertzeko. Liburuaren hasieran usaimenari buruzko sarrera zabala dago. Gaur egun oso gutxi erabiltzen dugun zentzumena da. Ia ahaztu egin zaigu usaintzen. Badirudi denak aurrez fabrikatutako usainak izan behar direla, eta ez dugu usain naturaletara jotzen.

Bost zentzumenetako bat den arren, gutxitan erreparatzen zaio, ezta?

Hala da. Usaimena seguruenik zentzumenik primitiboena eta zintzoena da. Informazioa zuzenean eramaten du garuneko memoriarekin eta emozioekin lotuta dauden guneetara. Horregatik, batzuetan usain batek berehala ekartzen dizkigu gogora haurtzaroko oroitzapenak edo aspaldiko bizipenak. Jaioberrietan ere ikus daiteke hori. Ikusmena edo beste zentzumen batzuk guztiz garatu gabe egon daitezke, baina usaimena oso garrantzitsua da hasieratik. Haurra amaren esnea aurkitzeko gai da usainaren bidez. Horrek erakusten du biziraupenerako duen garrantzia. Baina Darwin edo Freud bezalako egileek usaimena zerbait primitibo gisa aurkeztu zuten, animaliei lotuta, eta horrek seguruenera lagundu zuen gutxieste horretan. Halere, historian zehar, usaimenak garrantzi handia izan du. Antzinako Egipton jainkotasunekin lotuta zegoen. Baina industrializazioarekin, hirien hazkundearekin eta higiene modernoarekin, pixkanaka baztertuz joan da. Gaur egun, gainera, produktu sintetikoek esaten digute nola usaindu behar duen baso batek, arrosa batek edo basa fruitu batek. Baina benetako arrosa bat usaintzera joatea ahazten ari gara. Horregatik esaten dut liburu hau usaintzera itzultzeko gonbidapena dela. Beste horrenbeste gertatzen da sukaldeko espezieekin, basoko goroldioarekin edo eta inguruko landareekin ere. Naturarekin konektatzeko modu zuzena da usaimena.

Honetan guztian, zer pisu izan dezake aromaterapiak?

Aromaterapiak potentzial handia du. Jende askok pentsatzen du difusore batean olio esentzial batzuk jartzea baino ez dela, baina askoz gehiago da. Olio esentzial batzuk kapsuletan erabiltzen dira, beste batzuek aplikazio terapeutiko zehatzak dituzte, eta etorkizunean aukera gehiago izango dituzte seguruenik. Bestetik, gaur egun ikerketa interesgarriak egiten ari dira usaimenaren inguruan. Txakurrek edo sudur elektronikoek gaixotasun batzuk antzeman ditzakete substantzia lurrunkorren bidez. Parkinsona edo dementzia bezalako gaixotasunen lehen aztarnak ere aztertzen ari dira bide horretatik. 

Noiz hasi ginen gizakiok lurrinak erabiltzen?

Esan ohi da gizakia gizaki denetik erabiltzen direla usainak. Sendabelarrekin bezala, saiakera eta hutsegitearen bidez ikasi genuen. Une batean norbaitek egur edo erretxina batzuk sutan bota zituen, eta ikusi zuen usain bereziak sortzen zituztela. Orduan hasi ziren usain horiek jainkoei edo izaki sakratuei eskaintzen. Baina lurringintzaren benetako hasiera Mesopotamian kokatzen da. Han agertzen da Tapputi Belatekallim izeneko emakumea, historiako lehen lurringiletzat jotzen dena. Buztinezko taulatxoetako idazkunek jasotzen dute bere lana. Jauregiko arduraduna zen eta usainak prestatzeko formulak erabiltzen zituen. Are gehiago, badirudi destilazioaren antzeko teknikak ere aplikatzen zituela. Egiptoarrek guztia perfekzionatu zuten, batez ere gorpuak baltsamatzeko erabiltzen zituzten teknikengatik. Ondoren greziarrek eta erromatarrek beren erara egokitu zuten lurringintza.

"Lurrinak lehen enbaxadoreak izan ziren: ideiak, erlijioak eta ezagutzak haiekin joaten ziren"
 

Antzeko lurrinak erabiltzen zituzten hauek?

Ez. Interesgarriena da ikustea nola aldatzen ziren lehengaiak toki batetik bestera. Greziarrek, adibidez, Mediterraneoko landareekin egiten zuten lan: erromeroa, ezkaia, estrepa eta antzekoekin. Baina, aldi berean, merkataritza izugarria zegoen. Intsentsua, mirra edo bestelako erretxinak oso urrutitik ekartzen ziren. Aintzat hartu behar da garai batzuetan, gaur egun arruntak iruditzen zaizkigun espeziak urrea baino baliotsuagoak izan zirela. Piperbeltzak, iltzeak, intsentsuak edo mirrak aberastasun handiak sortu zituzten. Horregatik, merkataritza bide horiek kontrolatzea botere kontua zen. Mahoma bera ere merkataritza bide horiekin lotuta egon zen: intsentsuaren karabanekin lotutako jardueretan ibili zen, eta garai hartako ideiak, hizkuntzak eta sinesmenak ere bide horien bidez hedatu ziren. Horregatik esaten dut perfumeak izan zirela lehen enbaxadoreak. Ez zuten bakarrik produktuek bidaiatzen. Ideiak, erlijioak, ohiturak eta ezagutzak ere mugitzen ziren horiekin batera.

Itsas bide berriek dena aldatu zuten...

Bai. Konstantinoplaren erorketak ere eragin handia izan zuen. Otomandarrek merkataritza bideak kontrolatu zituztenean, europarrek beste ibilbide batzuk bilatu behar izan zituzten Ekialdera iristeko. Horren ondorioz etorri ziren itsas esplorazio handiak. Portugaldarrak Afrikaren ingurutik joan ziren, eta espainiarrak mendebalderantz abiatu ziren. Amerikara iritsi zirenean, aurretik existitzen ez ziren truke erraldoiak sortu ziren. Landareak, espeziak, sendabelarrak, usainak eta beste hainbat baliabide alde batetik bestera igaro ziren. Tira, askotan esaten diet ikasleei Amerikara ez genuela soilik ezagutza eraman; gaixotasunak ere eraman genituen. Truke hori ez zen alde bakarrekoa izan. Baina egia da ordutik aurrera landareen eta lurrinen historia guztiz aldatu zela. Horregatik da hain interesgarria perfumearen historia. Azkenean, gizateriaren historia bera kontatzen du beste ikuspegi batetik.


Argazkia: JUANMA / GALLEGO

 

Erdi Aroak horren usain txarra al zeukan?

Jende askok uste du Erdi Aroa izan zela historiako garairik zikinena, baina ez nago guztiz ados. Egia da garai konplikatua izan zela, baina oraindik ere Erromatar Inperiotik zetorren bainuen eta higiene ohituren oinordetza bazegoen. Arazoa izan zen izurriteak, sarna, sifilisa eta bestelako gaitzak agertzen hasi zirela. Aldi berean, kristautasuna gero eta indartsuago bihurtu zen, eta luxuarekin lotutako hainbat ohitura gaizki ikusita geratu ziren. Hala ere, perfumearen kultura ez zen desagertu. Monasterioetan gorde zen. Fraide eta moja komunitateek ezagutza hori mantendu zuten. Bien bitartean, Ekialdean eta mundu arabiarrean askoz gehiago garatu zen. Han garatu ziren alanbikeak eta destilazio teknikak, eta monasterioek mantendu zuten ezagutza hori. Horren adibide dira Hungariako Erreginaren Ura edo Karmeldarren melisa-ura bezalako formulak.

Hortaz, beste mito bat gaindituta...

Tira, Erdi Aroa ez zen historiako garairik zikinena izan. Benetan arazo handiena geroago etorri zen, Pizkundean eta Barrokoan. Garai hartan zabaldu zen ura arriskutsua zelako sinesmena. Uste zuten ur beroak poroak irekitzen zituela, eta horrela gaixotasunak gorputzean sartzen zirela. Horregatik, bainatzeko ohitura asko galdu zen. Jendeak ez zuen ia gorputza garbitzen. Horren ordez, usainak estaltzen saiatzen ziren perfumeekin, ukenduekin eta hauts lurrinduekin. Maria Antonietaren garaian, adibidez, ileorde handiak erabiltzen ziren, askotan zorri eta parasitoz beteta egoten zirenak, baina etengabe lurrintzen zituzten. Arropetan ere usain poltsatxoak sartzen zituzten. Versaillesko gortea bera "putzu beltz handia" bezala deskribatu izan da zenbait testutan. Luxu ikaragarria zegoen, baina higiene baldintzak oso kaskarrak ziren. Orduan perfumeak ez ziren gaur egun bezain arinak; kontrara, oso indartsuak ziren. Musketa, zibeta edo bestelako animalia jatorriko substantzia oso indartsuak erabiltzen zituzten. 

Liburuan diozu gero aldaketa bat etorri zela. Zer gertatu zen?

Frantziako Iraultzak aldaketa handia ekarri zuen. Perfume astun eta aristokratiko horiek monarkiaren eta nobleziaren sinbolo bihurtu ziren. Horregatik, iraultzaren ostean usain arinagoak eta sinpleagoak nagusitu ziren. Napoleonen garaian, kolonia urak zabaldu ziren. Beste pertsona batzuk errespetatu behar zirela defendatzen hasi ziren, eta usain indartsuegiek jada ez zeukaten aurretik zuten prestigioa. Garai viktoriarrean ere aldaketa gertatu zen: emakume idealak xaloa, erromantikoa eta diskretua izan behar zuen. Horregatik arrakasta handia izan zuten bioleta, arrosa edo lore leunagoen usainek.

Zer ekarri zuen kimikaren agerpenak?

Molekula sintetiko berrien sorrerak lurringintzaren historia irauli zuen. Alde batetik aukera berriak ekarri zituen; bestetik, naturatik urrundu gintuen neurri batean. Nik askotan esaten dut gustatuko litzaidakeela Maria Antonietaren benetako perfumea usaintzea. Garai hartan lehengai natural ugari erabiltzen ziren: arrosak, erretxinak, belar aromatikoak eta olio esentzialak. Gaur egun formula horietako asko galdu egin dira. Hala ere, kimikak gauza onak ere ekarri zituen. Adibidez, bioletaren usaina oso garestia zen lehen. Molekula sintetikoek jende arruntarengana ere eraman zuten. Gauza bera gertatu zen animali jatorriko hainbat osagairekin. Horri esker ez zen beharrezkoa animaliak erabiltzea musketa edo antzeko usainak lortzeko. Molekula sintetikoek aukera eman zuten hori modu merkeagoan eta etikoagoan egiteko. Gaur egun berriro ere joera dago osagai naturaletara hurbiltzeko. Ez da lehen bezala egitea, baina bai olio esentzialak, lehengai naturalak eta molekula sintetiko seguruak konbinatzea. Nire ustez hortik joango da etorkizuna.

"Erdi Aroa ez zen historiako garairik zikinena; benetako arazoa ondoren etorri zen"

Nola garatu da perfumeak egiteko modua historian zehar?

Antzinatean perfumeak egiteko erabiltzen ziren lehengai nagusiak landare aromatikoak, erretxinak eta espeziak ziren. Baina gaur egun ulertzen dugun perfume likidoaren ordez, gehienetan olio lurrinduak edo gantz lurrinduak ziren. Egiptoarren garaian, adibidez, krokodilo koipea, idi koipea edo bestelako gantzak erabiltzen zituzten oinarri gisa. Horietan txertatzen zituzten usaina zuten osagaiak. Gero behin eta berriz berotuz kontzentratzen zituzten usain horiek. Egiptoarrek buruaren gainean kono lurrinduak eramaten zituzten sarritan. Gorputzaren beroarekin urtzen joaten ziren eta pixkanaka usaina askatzen zuten. Era berean, asko erabiltzen zituzten olio lurrinduak azala babesteko eta eguzkiaren eraginetik defendatzeko. Mende askotan perfumeak olioak, ukenduak eta gantz usaintsuak izan ziren. Gero, Erdi Aroan, Hungariako Erreginaren Ura deiturikoa agertu zen. Horren inguruan kondaira handi bat dago. Esaten zen erregina zaharberritzeko gai izan zela formula haren bidez. Egiazki, erromeroz aromatizatutako alkohola zen neurri handi batean. Erreuma arintzeko erabiltzen zen, baina hain ospetsu bihurtu zen non Europa osoan hedatu baitzen. Askorentzat lehen perfume modernoetako bat izan zen.

Eta noiz hasi zen destilazioa?

Destilazioaren iraultza arabiarrek egin zuten; esaten da Avicena izan zela arrosa ura modu sistematikoan destilatu zuen lehen pertsonetako bat. Hortik aurrera, arrosa uraz gain, laranjondo loreen ura eta antzeko prestakinak zabaldu ziren. Une horretan alkohola hasi zen oinarri gisa erabiltzen. Eta gaur egun ere, perfumeria naturalaren zati handi batek eskema bera erabiltzen du: alkohola, olio esentzialak eta batzuetan hidrolatoak edo ur aromatikoak. Olio esentzialei 'landarearen arima' deitzen zitzaien antzina. Hori oso irudi ederra iruditzen zait. Azkenean, landarearen ezaugarririk lurrunkorrenak eta berezienak dira.

Sintesi kimikoa agertu arte!

Bai, sintesi kimikoko molekulak etorri ziren gero, eta horiek dira gaur egun perfume askoren oinarria. Baina nire ustez interesgarriena da bi munduak uztartzea: naturaren aberastasuna eta zientziaren aurrerapenak. Molekula sintetikoek abantaila handiak ekarri dituzte. Lehen oso garestiak ziren usain batzuk eskuragarri bihurtu dituzte, eta gainera animalien sufrimendua saihestu dute hainbat kasutan. Hala ere, osagai natural batek ematen duen konplexutasuna oso zaila da guztiz kopiatzeko. Olio esentzial batek ehunka molekula ditu barruan. Horregatik, usaina biziagoa, sakonagoa eta aberatsagoa izaten da. Gaur egungo joera berriak norabide horretan doaz. Ez da naturara itzultze erromantiko hutsa, baizik eta zientzia eta natura uztartzea. Molekula biodegradagarriak, larruazalarekin bateragarriak eta ingurumenarekiko arduratsuak bilatzen ari dira. Hor dago perfumeriaren etorkizuna: naturaren jakinduria berreskuratzea, baina gaur egungo ezagutza zientifikoarekin batera.

Liburuez gain, eskola bat duzu. Zertan datza?

Bai eskola digital bat ere sortu dut: Tradición Silvestre. Bertan aromaterapia, sendabelarrak eta perfumeria naturalari buruzko ikastaroak eskaintzen ditut. Horrez gain, noizean behin natura parkeekin elkarlanean aritzen naiz, tailerrak eta ibilaldi gidatuak egiten. Oso gustura nago, eta familiarekin egiteko aukera dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago