Eztabaida zientifikoen erabilpenaz ohartarazi du Azkaratek

Juanma Gallego 2026ko uztailaren 21a

Azkaratek babestu du ikertzea ez dela soilik "emaitza zientifiko onak" lortzea. Argazkia: IREKIA

Euskadi Ikerkuntza Saria jaso du Arkeologia katedradun emerituak.

Historiaren inguruan ad probandum egindako ikerketez eta eztabaida zientifikoen ideologizazioaz ohartarazi du Agustin Azkarate Arkeologia katedradunak Euskadi Ikerkuntza Saria jaso duen egunean. 

Bere ibilbide akademikoa zedarritu zuten hainbat pasarte ekarri ditu gogora Azkaratek, eta azaldu du nola faktore horiek bultza egin zioten arkeologia hutsean aritze soiletik "ezagutzaren erantzukin soziala" bere gain hartzera. Iruña-Veleiako iruzurraren inguruan izandako "gertakari tristeak" jarri ditu ideologizazio horren adibide. 

Azkaratek babestu du ikertzea ez dela soilik "emaitza zientifiko onak eta paper ikaragarriak" lortzea; horrez gain, "komunitatearen arazoak eta beharrak" aintzat hartu behar direla babestu du. 

Aldaietako nekropoliaren inguruko ikerketan hasi zen Azkarate bere ibilbide akademikoa, baina batez ere Gasteizko Santa Maria Katedralean egindako ikerketengatik hartu du prestigioa. Gaur berak esan duenez, katedralarena da hari "gehien egozten zaiona", baina "gutxien egotzi behar zaiona" omen da. Dioenez, hori "lan kolektiboa" izan zen, eta horren baitan lanean egon ziren zenbait kideren izenak ere aipatu ditu saria onartzeko bere diskurtsoan.

Imanol Pradales lehendakariak esan du kultura ezinbestekoa dela "pertsona eta herri gisa hazten jarraitzeko", eta "funtsezko eginkizuna" betetzen duela "balio indibidualen eta kolektiboen transmisioan". Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia sailburuak nabarmendu du Azkarate "kultura dibertsitatearen defendatzaile sutsua" dela, bai eta kultura desberdinen "estatus eta kondizioen berdintasunarena" ere.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago