Berdin dio kanpoan euria, hotza edo bero sapa egiten duen: milaka landare txiki hazten ari dira Gasteizko industrialde bateko nabe diskretu baten barruan, lur, ongarri edo fitosanitariorik erabili behar izan gabe.
Alvaro Yuguero ingeniariak martxan jarritako Hurban Hydroponics enpresa errealitatea da, eta dagoeneko saltzen ari da produktuak merkatuan. Yugueroren ibilbidea ez da ohiko nekazari batena. Izan ere, haren sustraiak ez daude lurrari lotuta, bigarren sektoreari baizik. Industria ingeniaria da berez, eta automobilgintzan bi hamarka inguru lan egin du, baina 2021ean hasi zen bere kabuz beste zerbait egitea planteatzen. Enpresa 2023an eratu bazuten ere, 2025a izan zen mugarri nagusia. "Urte horretako irailera arte ez nintzen liberatu, eta orduan hasi ginen serio lanean", azaldu du. David Gomez kidearekin eramaten ari da dena aurrera, eta orain Patxi Ruiz de Samaniego ere lotu zaie.
Aurten Nekazaraba 2026 sarietako bat irabazi dute, mikro-begetalen alorrean egindako berrikuntzagatik. Horiek berez ez dira ernamuinduak —landarea hazitik ernetzen deneko lehen fasea da hori—, ezta landare helduak ere; tarteko une batean daude. Biologoen hizkeran, kotiledoiak dira: hazitik bertatik ateratzen diren lehen hostoak. "Landarearen lehen estadioa izanik, haziaren gaitasun nutritibo guztia kotiledoi horretan biltzen da. Zapore handia ematen du, intentsitate izugarrikoa", azaldu du.
Buruan dituzten hurrengo erronkak dira landare berriak lantzea eta ekoizpena handitzea
Gaur egun hogei barietate inguru lantzen dituzte: hainbat errefau mota —Daikon, Txina, Rose eta Sango...—, errukula, kalea, brokolia, mostaza, mizuna, martorria, ilarra, albahaka... Hala ere, enpresa ikuspegi industrialetik kudeatuta, helburua argia da: "Proiektua eskalatu ahal izateko, hiruzpalau produktu nagusitan zentratu nahi dugu, uneotan merkatua horiek eskatzen ari delako".
Astebeteko garapena
Nekazaritza bertikalak prozesuen kontrol zehatza eskatzen du. Hala, Hurban Hydroponicsen, landare bakoitzak "errezeta" bat du. Dena hasten da substratuarekin: "Koko zuntza erabiltzen dugu, hidroponian asko erabiltzen den substratu inertea".
Horretatik hasita, prozesua astean behin errepikatzen den ziklo bihurtu dute, erloju baten doitasunarekin: haziak erein eta prentsatzea da aurrena. horrela, hazia koko zuntzaren gainean jartzen dute, eta pisu pixka bat ezartzen diote. ondoren, haziek lau egun ematen dituzte ilunpean, ernamuintzea lortu aldera. behin hozituta, beste hiru egun argipean ematen dituzte. "une horretatik aurrera, mozteko moduan daude". lan horri esker, nabe txiki batean ekoizpen handia lortzen dute: "areto honetan, astean mila erretilu inguru ekoitzi ditzakegu".
Produkzioa gehienbat ostalaritza eta tabernetara bideratzen dute, eta bertan plater edo pintxoen osagarri bihurtzen dira teilatupeko uzta bitxi eta berezi horretan bildutako aletxoak. Izan ere, mikrolandare hauek ez dira apaingarri soilak. "Lehen brunch-etan soilik ikusten ziren, baina orain edozein kafetegitan aurki ditzakezu. Batzuek astean hogei erretilu kontsumitzen dituzte".
Produktuaren abantaila nabarmenenetakoa bere bizitza erabilgarria da. Kontrolpeko hazkuntzari esker, landarea indartsuagoa da. "Badakigu gure produktuak hamalau egun irauten dituela egoera onean. Merkatuko beste batzuekin alderatuta, hori abantaila lehiakor handia da".

Instalazioaren barruan, landareak babestuta daude kanpoko edozein gaitz edo eguraldi txarretik. Baldintza kontrolatu horiei esker, gainerako nekazaritza konbentzional zein ekologiko deitutakoan ez bezala, ez dute sintesiko inolako produkturik behar. "Ez dugu ezer, ezer, ezer erabiltzen... fitosanitariorik gabe... zero", dio Yuguerok. Berez, teknologiaren laguntzaz hazitako benetako produktu organikoak dira, baina Yuguerok dio ez dutela ziurtagiria bilatuko, prozesua luze eta garestia baita.
Kontrolpeko baldintzetan
Teknologiaren aldetik, hainbat gako daude. Batetik, LED argiztapenaz baliatzen dira, landareentzako egokiak diren espektro espezifikoak erabiliz. Kontsumoari dagokionez, nekazariak beldurrak uxatzen ditu: "18 watteko LEDak dira; kontsumoa hutsala da. Kostu produktiboan, argiarena txikiena da; haziarenak eta eskulanarena dira handienak". Bestetik, ureztatze automatizatua daukate: sistema zirkularra da. "Uholde bidez ureztatzen dugu, behetik gora. Horrela landareak ez du sufritzen". Horri esker, uraren kontsumoa izugarri murrizten da: Yugueroren arabera, ohiko nekazaritzarekin alderatuta kontsumoa %90 murrizten da. Hirugarren hanka baldintza klimatikoen kontrola da kanpoko airea eta barrukoa kudeatzeko aire trukagailu bat dute, eta pixkanaka doitzen ari dira, emaitza hobeak lortu nahian. "Garrantzitsua da hezetasun gune lokalizatuak ekiditea... aireztapenak eta hezetasun kengailuak erabiltzen ditugu landarea busti ez dadin".
Alvaro Yuguerok ez du bere proiektua nekazaritza tradizionalaren ordezko gisa ikusten, haren "osagarri" gisa baizik. Sektoreak bizi duen krisiari —belaunaldi berrien errelebo falta edota klima aldaketa, batzuk aipatzearren— irtenbide teknologikoa eman ahal zaiola uste du. "Nekazaritza bertikala osagarri bat izan daiteke, mundu honetan jende eta odol berria sartzeko", babestu du. Are, sistema honek nekazariari segurtasuna ematen dio: "Hau etorkizuna da, nekazaria gai delako ekoizteko kanpoko klimatologia kontuan hartu gabe. Berehalako errendimenduak lortzen dira".
Ez da edonolako erronka. Jakina denez, eta zenbait sektorek traktoreei gorazarre eginez jarduna idealizatzen duten arren, ingurumenari eta Lurrari berari egiten zaion jarduera kaltegarrienetako bat da nekazaritza. Zientzia ikerketa ugarik agerian utzi dutenez, jardun horretan hasi zenetik, gizakiak mundu osoko paisaiak eraldatu ditu, deforestazioa eraginez, animalia eta landareentzako habitatak murriztuz, monolaborantzekin biodibertsitatearen basamortuak sortuz, ureztatzeko ur korronte eta biltegiak hustuz edota ongarrien bidez natura nitratoekin pozoituz, kalte batzuk aipatzearren. Zenbaitetan, gainera, Erdi Aroan bezala, zerutik datorren gaztigu batek urte osoko lana eta inbertsioa arratsalde bakar batean guztiz txikitu dezakeenean.
Etorkizuneko nekazaritza
Horrelakoen aurrean, kontrolpeko baldintzetan egindako nekazaritza momentuz bitxikeria bat bezala ikusi ohi da gurean, edo naturala ez den zerbait moduan, munduko beste zenbait tokitan aurrerapauso handiak ematen ari badira ere. Norabide horretan, Hurban Hydroponics seguruenera pixkanaka ezarriko diren praktika onen lehen adibide bat da. Argi daukate, gainera, proiektua handitu nahi dutela, bai produktu sortaren zein ekoizpenaren eskalan ere.
Hala, mikrobegetaletatik harago, etorkizun hurbil batean belar aromatikoen ekoizpenari ekin nahi diote. Jakin badakite horrek erronka berriak ekarriko dituela. Kasurako, orain erabiltzen duten argiaren espektroan doiketak egin beharko dituzte, eta, landareak ernamuinen fasetik harago joango direnez, oraingoan bai, sisteman nutrienteak sartu beharko dituzte. Kasu honetan ere, ongarriak zirkuitu itxi baten barruan sartuko dituzte, ahalik eta modurik eraginkorrenean eta garbienean landare horiek elikatzeko. Proiektua eskalatzeari dagokionez, nabe beretik mugitu behar izan gabe produkzioa lau aldiz biderkatzeko moduan egon daitezkeela kalkulatu du ingeniariak. Horretarako gakoa altuera aprobetxatzea izango da.
4G eta 5G sareen zein puntako txipen bidez teknofobia barra-barra zabaldu ohi den gizarte batean, Yuguerok argi du horrelako ekoizpenak egitea ez dela zientzia fikzioa, dagoeneko lantzen ari diren "errealitatea bat baizik". Hala, industriaren eraginkortasuna nekazaritza jasangarri batekin uztartzen duen jardun honetan, koko-zuntzezko substratuen eta LED argien artean, janari osasuntsuagoa, hurbilagoa eta kontrolatuagoa ekoizteko bidea markatzen ari dira.