Mateo Zikuta / El Garto

"Gure belaunaldian susmo moduko bat dago mezu esplizituekiko"

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 19a

'Ketura operazioa' diska argitaratu dute gasteiztarrek. Argazkiak: Ekaitz Anda / ALEA.

Panfletoak agortuta omen dauden garaiotan, asmo argiz betetako diskoa da 'Ketura operazioa'. Kriptikoa batzuetan, baina atzean dagoen konpromiso politikoa ezkutatu gabe, artearen funtzio soziala aldarri. "Modernitatea borrokatzera" dator gasteiztarren proposamena.

Ketura Operazioa diskoa argitaratu dute aurten Mateo Zikutak –Martin Ziarrusta (Gasteiz, 1999)– eta El Gartok –Gari Ortiz de Villalba (Gasteiz, 1999)–. Artista eredua "epela baino epelagoa" bilakatzen ari dela eta, bataila kulturalean ekarpena egiteko asmoz plazaratu dute disko "ilun eta dentsoa".

Zigoitiko Keturako bunkerrek eman diote izena diskoari.

Mateo Zikuta: Zehatzago, Zigoitiko bunkerretan aurkitu zen sinbolo sorta batek. Irudi potentea da irudikatzea gazte miliziano horiek hurrengo ofentsibaren esperoan haien izena idazten oraindik bigun dagoen hormigoian. Niri momentuan balio izan zidan sinbolo bezala erabiltzeko, artea nola den modu bat gatazka batean zeure burua irudikatzeko. Hor aurkitu ziren haien izenak idatzita, haien brigadaren izena, eta igitaia eta mailua. Lubakian bertan egiten den artea, esango dugu.

Zuek asmo argia erakutsi duzue bataila kulturalean ekarpen bat egiteko.

El Garto: Bai. Nahi genuen gurea izatea gerra kulturalean ekarpena egingo duen ekintza bat; operazio bat, hortik dator izena. Disko guztiak dira nolabait operazio bat gerra kultural horretan, kontua da zer bandori egiten dioten ekarpena. Gureak kasu honetan baditu helburu eta oinarri politiko oso argi batzuk, beste batzuenak agian ezkutuago doaz...

M.Z.: Edo inkontzienteago ere bai, agian. Ematen du baztertuta dagoela arteak daukan funtzio soziala, orain guztia da entretenimendua, industria kulturala. Eztabaida hori berreskuratu nahi dugu, arteak zein paper betetzen duen orokorrean gizartean.

Batzuek esango dute musika apolitikoa egiten dutela.

E.G.: Nik uste dut ez dagoela hainbeste norberaren intentzionalitatean hori. Gehiago da zer joko zelaitan agertzen den hori, zein modutan produzitua izan den, zer garairi dagokion. Ez du zertan zerbait borondatezkoa izan, baina edukiko du paper bat borroka kultural horretan, izan dagoen markoa legitimatzen edo horren aurka.

"Disko guztiak dira operazio bat gerra kulturalean, ekarpena zer bandori egin da kontua"

El Garto

Eta bataila horretan zeri egiten diozue zuek kritika?

M.Z.: Egiten zaio kritika orokor bat gizarte kapitalistari, bereziki gaur egungo testuinguruari, eta aldi berean badago kulturaren kritika espezifikoago bat. Sentsazioa daukat Euskal Herrian oso azkar pasa dela testuinguru oso politizatu batetik hori guztiz baztertzera, modernitatearen izenean. Baina modernitate hori ere borrokatu beharra dago. Gure belaunaldian ematen du berrikuntzaren izenean baztertu dela aurreko guztia. Eta aurreko bezala identifikatzen denez ere konpromiso politikoa, orain agintzen duena da ezereza.

Bereziki bilatu duzue ez izatea oso letra 'panfleteroak'?

E.G.: Azken urteetan uste dut asko esan dela panfletoak ezin duela bete funtzio politikorik, jada agortuta dagoelako. Mespretxatua izan da moduren batean. Eta disko honek egiten dio nolabait panfletoari gorazarre, esplizitua delako bere horretan; baina fina da artistikoki, ez da lan sinplea.

M.Z.: Nik ulertzen dut gure belaunaldian dagoela bereziki susmo moduko bat esplizitua den guztiarekiko. Bizi garenez ironia konstante horretan, gauzak serio hartzeak ematen du jartzen zaituela beste jendearen azpitik, gailentasun morala duela ezer serioegi hartzen ez duenak. Eta badago mespretxu bat gauzak argiegi esateari, estribillo bat izatea AHTrik ez, edo horrelakoak. Ni ere ez naiz gusturegi sentitzen hor. Saiatu naiz apur bat konplexuagoa izaten, apur bat kriptikoago idazten gauza batzuk, erreferentziak josteko modua izatea ere ilunagoa. Hori delako niri ere interesatzen zaidana gero entzuteko orduan.

'Alter ego' bat da kantatzen duena? Zer alde dago pertsona eta pertsonaiaren artean?

M.Z.: Bai, niretzako bada alter ego bat, hitz egiteko toki bat. Uste dut beharrezkoa dela, bai eszenatokira igotzeko, bai rapean berezkoa den harrotasun puntu hori ateratzeko. Niri balio dit gutxienez nire izenez ez ateratzeak. Gero ni arduratzen naiz guztiz hor esaten denaz, hori argi dago, baina balio dit beste tonu bat emateko kontuari.

Nola lotzen dira hitzak eta musika?

M.Z.: Baseak egiteko sanple guztiak euskal musikatik atera ditugu. Baina ez gara bakarrik harremandu soinuaren mailan, besterik gabe abesti bat hartzeak funtzionatzen digulako basea eraikitzeko. Prozesua zubi bat ere izan da, bereziki 70eko hamarkadaren bueltan Euskal Herrian egiten zen musika konkretu bati. Azkenean, euskal musikan sakon sartu bazara, bai ala bai topatu behar izan duzu odola, edo konpromiso politikoa, edo gatazka. Musika horretatik ekartzeak eman digu sonoritatea, eta uste dut oso ondo lotzen dela tematikak behar duen iluntasun eta tentsio horrekin.

E.G.: Denbora asko pasa dugu musika entzuten, sanpleak aukeratzen, zer sonoritate, zer tinbre, zer rollo eduki behar zuen diskoak. Uste dut ariketa polita izan dela, ez direlako folklorizatu elementu horiek. Hartzen dugu garai horretan eduki zezakeen zentzuaren zati bat, eta saiatzen gara gaur egunera ekartzen, berriz esanahia ematen.

Gari, zu musika proiektu askotan zabiltza. Zer alde dago sortze prozesuan musika talde batentzat edo rap talde batentzat aritu?

E.G.: Nik nahi nuen zerikusia edukitzea. Iruditzen zitzaidan orain arte oso mekanikoa zela baseak ekoiztea, formalki dituzten ezaugarriengatik. Eta egia esan asko gozatu dut. Uste dut lortu dugula topatzea musikalitate bat ere sanple hauekin. Ezberdintasuna da ez zarela hainbeste zu jotzen ari dena. Lan oso teknikoa da, artisau lana ia, esango nuke

Esango zenukete ez dela disko komertziala?

M.Z.: Asmoan ez da komertziala. Horrek ez du esan nahi ez duenik zabaltzeko asmorik, ez diogunik bonborik emango. Eman diogu, eta horregatik gaude hemen sei hilabete geroago. Ez da komertziala dirua irabazteko asmorik ez duen heinean. Eta bai egiten diola apur bat aurre orokorrean industria kulturalak ezartzen dituen forma jakin batzuei. Euskal mainstream berrian sustatzen eta saritzen diren arte formak dira diskurtsiboki sinpleak, zenbait klitxeren bueltan ibiltzen direnak eta musikalki ere bai, alaiagoak, fiesteroagoak, sinpleagoak. Gureak bai jo du ilunera diskurtsiboan, eta lantzen diren gaiak eta ikuspegia, ez da atsegina, ez du zertan atsegina izan. Hala ere, guk egin dugu apustu bat apur bat harago joateko; egin ditugu bideoak, egon gara sare sozialetan, egon gara kontzertuak mugitzen, elkarrizketak ematen, nahi dugulako gure proposamenak bere tokia edukitzea.

"Ematen du baztertuta dagoela arteak daukan funtzio soziala, guztia da entretenimendua"

Mateo Zikuta

Zer moduz dago euskarazko rapa?

M.Z.: Gai handi bat da, rapa mundu osoan izan delako orokorrena edo handiena, eta Euskal Herrian inoiz ez du lortu, eta gaur egun ere ez da lortzen ari. Hiru fase bereizi ahal dira, hasierako erreferentziak, Negu Gorriak, M-ak, ondoren Norte Apache, 2zio, gero Glaukoma... eta horren amaieran kokatzen dut nire burua 2018an. Gero Chill Mafiaren esplorazioarekin, raparen ondorengo diren musika guzti horiek, trapa, reggaetoia, gaur egun urbanoan sartzen diren guzti horiek, asko hedatu dira azken hiru urteetan. Baina ez dago rap oinarri sendo bat azpian, pauso hori saltatu da.

E.G.: Eta nola ez den garatu kalitatezko eszena natural bat, proposamenak normalean pobreak dira raparen ondorengo diren musika horietan; zentzu guztietan, kontzeptualki, teknikoki... Ez dira heltzen estandar batera, beste hizkuntza batzuetan ikusten dugun mailara.

M.Z.: Gasteizen eta beste toki batzuetan badago jendea nahi izan duena eszena mugitu. Baina badaude beste batzuk raparen ondorengo hauetatik sartu direnak musika egitera, arduratu gabe eszena hori sortzeko beharrezkoak diren instituzio horiek sortzen; kolektiboak, boloak, eztabaida guneak, nahi duzuna. Zuzenean joan dira Baga Bigara, segituan, eta orduan ez dago eszena bat sortzerik. Egiten ari zarena da zeure burua saiatu txertatzen zirkulazioko esfera horretan.

E.G.: Bai, musikari esleitzea izaera aspirazional moduko bat, hasieratik zure proiektuari, edo hori izatea bere izateko arrazoi bakarra. Hala ere badaude erreferentzia guapo batzuk ere euskaraz, sortzen ari direnak. Iparraldean RTZkoak, CheckBoyz Azkoitin... Gauza desberdinak daude hor mugitzen, lan egiten, eta momenturen batean fruituak emango ditu, nik uste, Euskal Herri mailan.

ETS taldeari emandako diru laguntzen harira zuek ere eman duzue iritzia.

M.Z.: Bai. Gu Aurka kolektiboan gaude, musika eszenaren gaineko eztabaida berreskuratu asmoz, bereziki despolitizazio testuinguruan. Eta bai seinalatu ditugu diru laguntza horiek, edo adibidez Zetakek jaso dituenak. Ez gaude diru laguntzen aurka, baina uste dugu diru laguntzak emateko modu horrek erantzuten diola Euskal Herrian sortu nahi den Euskal mainstream horri. Aliantza horretan, promotora, disketxe, hedabide, fundazio, instituzio publiko eta alderdi politiko jakin batzuk, EAJ eta EH Bildu, daude motibatuta hemen sortzeko nazioartean lehiakorra izango den euskal marka bat.

E.G.: Dinamika nolabait inpertsonala bihurtzen da. Industria kultural internazionalak zehazten du bidea, eta zuk erabakitzen duzu hara igo edo ez igo. Diru laguntzekin puzten da produktu bat agian ez dena berez nahikoa konpetitiboa eszena horretan. Oso rollo mafiosoa da, ikusi dugunez, diru laguntza horien esleipena.

M.Z.: Ez dugu ukatzen horrek euskararentzat maila linguistiko erdi abstraktu batean egiten duen ekarpena, eta ziur gazte pila batentzako Zetak edo ETS ikustea dela agian bere lehenengo modua euskararekin atxikimendu pertsonal benetako eta esanguratsu bat edukitzeko, eta hori positiboa da. Baina euskalduntasuna ere borrokan dago, eta horiek elikatzen duten euskalduntasuna, gure ustez, autonomismoaren neurrira eginak daude, kontsentsu nazional ez konfrontatibo batean eraikia, kontsumo gizartean oso errotua, eta ez duena bereziki talkarik proposatzen, ez espainiar eta frantziar estatuekin, ez kapitalismoarekin. Eta guk defendatzen dugu euskara indartu izan dela historikoki politika askatzaileekin ondo lotu denean.

E.G.: Borrokarekin zuzenean lotu denean, bai. Gaur egun promozionatzen diren taldeek zentzuren batean edukiko dituzte eskuak lotuak ezer esateko, dituzten akordioengatik. Baina aparte, ez dute ezer esaten.

Erlazionatuak

"Arte forma diskurtsiboki sinpleak saritzen dira"

Ekaitz Anda eta Jon Hidalgo uzt 14 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago