Azken kontinentearen xerka

Ivan Santamaria 2026ko uztailaren 12a

Gouvernøren Norvegiako bale arrantza ontzia 1915ean hondoratu zen Antartidako uretan. Argazkia: IVAN SANTAMARIA

Orain dela bi mende zapaldu zituen gizakiak lehen aldiz Antartidako lurrak. Dena kartografiatuta dagoen garaiotan, irudimena elikatzen du eremu izoztu urrunenak, isolatuenak eta ezezagunenak.

Zaila da Antartida deskribatzea. Ohituta gauden eskala eta neurriak txiki uzten ditu. Izenetik hasita, intuizioz hurbildu zaie gizakia hegoaldeko latitude urrunei. Grekeratik dator izena; Artikoari Arktos esaten zitzaion bezala, antzinako zientzialariek ondorioztatu zuten kontrako aldean horren ifrentzua aurkitu beharko zela, eta Antarkticos deitu zioten. Bide batez, Arktos izenak hartza esan nahi du grezieraz, eta, berez, adiera horretan Hartz Txikiaren konstelazioari erreferentzia egiten badio ere, bitxikeria bat ezkutatzen du: Ipar Poloaren bueltan, artikoan, hartz zuriak dauden bezala, Hego Poloaren bueltan, antartikoan, hartzik ez dago. Jakin gabe asmatu zuten grekoek errealitatea, alegia.

Zeri deitzen diogu, bada, Antartida? Nazioarteko legediak Antartidaren barruan jartzen ditu hegoaldeko 61 graduko latitudearen azpitik dauden irlak eta Hego Poloa erdigune duen lur masa handia. Kontinente gisa hartzen da, eta ez txikia: Europa baino 1,3 aldiz handiagoa da, eta Ozeaniaren halako bi, gutxi gora behera. Beranduen esploratu zen kontinentea da, halaber. XIX. mendea hasita lehen aldiz ikuskatu zen Lur planetaren hegoaldeko muturrean, eta 1820. urtera arte ez zuen inork ere zapaldu. Mende batez abenturazale, esploratzaile eta marinel askoren amets eta obsesio bihurtuko zen, harik eta Roald Amundsen norvegiarrak Hego Poloraino iristea lortu zuen arte. 1911. urteko abendua zen.

Antartidako uretan predatzaile nagusia da itsas-lehoinabarra. Argazkia: IVAN SANTAMARIA

Esploratzeko grina ez zen agortu, eta herrialde askotako txangoek Antartidaren ezagutza handitzea bilatu zuten. Inorena ez zen eta teorian denena izan zitekeen ezleku modukoa zen kontinentea, 1959. urtean nazioarteko itun batek joko arauak finkatu zituen arte. Ordurako zazpi herrialdek Antartidaren parte batzuk eurentzat aldarrikatzen zituzten: Argentina, Australia, Txile, Frantzia, Norvegia, Zeelanda Berria, eta Erresuma Batuak. Kasu batzuetan lur eremu horiek gainjarrita daude, gainera, eta 1950eko hamarkadan liskar batzuk sortu ziren, batez ere Txileren eta Argentinaren artean. Hamabi herrialdek sinatu zuten akordioa, eta ondoren beste batzuk batu dira, 58 izan arte. AEBek eta Errusiak, ituna sinatu zutenean, jabetza aldarrikapenik ez egitea erabaki zuten, baina etorkizunean egiteari ateak itxi gabe. Funtsean, kontinente osoa esplorazio zientifikorako eremu izatea adostu zen, eta izaera militarra zuten jarduerak debekatu. Hala izan da ordudanik.

Ehiza basatiak jarraitu zion esplorazioari; zorionez, fauna aberatsa dago egun

Aurkitu zenetik bi mendera, leku urrun eta isolatua da. Bertara mendebaldetik bidaiatzeko abiapunturik onenak Ushuaia edo Punta Arenas dira, Argentinako eta Txileko hego muturretan dauden azken hiriak. Hego Ameriketatik Antartidara iristeko Drake pasabidea zeharkatu behar da, ekaitz eta olatu bortitzengatik ezaguna den itsaso zatia. Espedizioek, uda antartikoan, hegazkinez iristeko aukera izan dezakete, Hegoaldeko Shetland uharteetako irlarik handienean, King George irlan, dagoen hartxintxa pista labur batean lurreratzeko.

Bizitza kontinentearen ertzeetara eta ondoan dauden irletara mugatzen da. Ia osorik izotzezko basamortu erraldoia da. Artikoan ez bezala, azpian lurra badagoen arren, eta baita mendikateak ere, Antartida gehiena 2.500 metroko garaiera izateraino igotzen den izotz geruza batek estalita dago. Hego Poloa helburu kontinentean sartzen ziren abenturazaleek laster jakin zuten zailena nondik hasi erabakitzea zela, geruzaraino iristeko glaziarrak eta mendi gotorrak gainditzea beharrezkoa zelako. Bide batez, kalkulatzen da munduko ur gezaren %70a Antartidako izotzean pilatuta dagoela.

'Belgica'-ren urratsen atzetik

Txango gehienek Hegoaldeko Shetland irlak, eta, ondoren, hegoalderako norabidea hartuta Antartidako penintsularen kostaldea eta ondoan dauden irlak zeharkatzen dituzte. Gutxi gorabehera, 1897. urtean Adrian de Gerlache buru zuen Belgica espedizioak egindako bideari jarraituz. Espedizio hura izan zen lehen aldiz negu gorria Antartidan pasa zuena, eta bidaiaren kronika ezin hobea jasota dago Julian Sancton idazlearen Madhouse at the end of the earth (Eroetxea munduaren amaieran) izeneko liburuan. Marinel gazte batek lehen aldiz bistaratu zuen Antartida bidaia horretan: Amundsen.

Lurra zapaltzen bada, arau hertsiak daude. Ez dago baimenduta esertzea edo belaunikatzea, are gutxiago etzanda egotea. Lurreratu baino lehen eta ondoren botak xehe garbitu behar dira, eta zola izango da kontaktu puntu bakarra lurrarekin. Dena babestuta dago: ezin da ezer eraman, hartu edo mugitu. Antzinako objektu guztiak babestuta daude. Iraganeko espedizioen oroigarri ixilak dira. Mikkelsen Harbour portu naturalean baleak arrantzatzeko barkuen hondarrak daude, baleen hezur zuriek inguratuta.

Argentinako Brown ikerketa base zientifikoa, Paradise Bay portu naturalean. Argazkia: IVAN SANTAMARIA

Foyn Harbourren, berriz, Gouvernoren Norvegiako bale arrantza ontziaren naufragioa dago. Su hartu zuen 1915eko urtarrilaren 27an. Istorioak dioenez, ordurako sotoak bale koipearekin beteta zituzten, eta bueltako bidaia hastear zela ospatzeko dantzaldia antolatu zuten. Orduan txinparta batek zama jo eta barkuak su hartu zuen segituan. Zorionez, 84 marinelak garaiz atera eta bizitza salbatu zuten. Garaiko barku faktoria handiena zen, eta sasoi ilunagoen ikur. Izan ere, zientziak ireki zuen espedizio aroari, motordun barkuak asmatu zirenean, arrantza eta ehiza masiboak jarraitu zion, bale, itsas-lehoi eta itsas-txakurren populazioak ia desagertzeraino bultzatuko zituen olde bortitza.

Giza esperientziaren arrasto apur horiek tartekatzen dira paisaia maiestatetsuan. Irla askotan gorri deigarrian margotutako etxolak daude, Argentinako banderarekin apainduta. Barruan gordeta daude erregaia, mantak, eta, istripurik gertatzen bada, bizirauteko gutxienekoak. Udan nabigazioa irekita eta tenperatura hotzak gogor jotzen ez badu ere, zonalde basati batean egotearen oroitzapen etengabeak dira. Inork behar izango dituen esperoan, pinguino kolonia bihurtzen dira etxolen inguruak.

Euskal balentria bat

Belgica espedizioa, aurkikuntza askoren artean, lehenbizikoa izan zen Lemaire kanala zeharkatzen. Antartidako penintsulan harribitxietako bat da kanala: 11 kilometro luze da, eta lekurik estuenean, 700 metro baino gutxiago daude alderik alde. Kostaldean, bi alboetan, mila metrotik gorako mendiak, glaziar gotorrak, eta itsaslabarrak tartekatzen dira. Euskal balentria baten lekuko izan ziren ur eta mendi izoztu hauek. False Cap Renard deritzon eremuko hiru tontorretatik garaienera igo ziren 2007an Pou anaiak, lehen aldiz historian, Zazpi kontinente, zazpi mendi proiektuaren barruan. Harrizko horman gora egindako bideari Azken paradisua deitu zioten, eta gailurrari, Zerua peak. Nekez aurkituko du inork izen hoberik.

Muturreko kirola ez da ohikoena, ordea. Biztanle gehienak base zientifikoetan aritzen diren pertsonak dira, nagusiki ikerlariak eta pertsonal teknikoa. 55 herrialdek kokaleku iraunkorrak dituzte, eta, 70 inguru aktibo daude. Uda polarrak 5.000 ikertzaile erakartzen ditu urtetik urtera. Gutxiago dira urte osoan irekita dauden estazioak. Gaualdi polarra datorrenean populazioa 1.200 pertsona eskasera mugatzen da. Estazioek, giza neurrira eginda, miniaturak ematen dute paisaia antartikoan. Baldintzak ez dira samurrak. 1984an, urte osoa Brown izeneko basean eman ondoren, bueltako txangoaren zain zegoen mediku argentinar bat. Ordezkoak iritsi zirenean esan zioten, zoritxarrez, euren medikua gaixo jarri zela bidaiaren aurretik, eta, ondorioz, beste negu batez iraun beharko zuela bertan. Erantzuna: medikuak su eman zion estazioari, denak erreskatatzea behartuz.

Ikertzaileen erresuma da gaur Antartida, udan 5.000tik gora daude base ezberdinetan

Aipatu dugu animalien ehiza eta arrantza masiboak jarraitu ziola Antartidaren esplorazioari. Zorionez, azken hamarkadetako akordioei esker, urrun geratu dira garai horiek. Espezie askorik ez da bizi bertako muturreko kliman, baina fauna aberatsa da, eta kopuru handietan mugitzen da. Ziur aski, deigarrienak pinguino espezie ezberdinak dira. Penintsula antartikoaren bueltan hiru dira pinguino motak: Papozuria, burua alderik alde zeharkatzen dion marra beltz batekin, Papua edo Juanito delakoa, marrazki bizidunetan ohikoa den moko laranjarekin, eta Adelie, tamainan txikiena, eta ziur aski jostagarriena.

Egunsentia izeberg eta mendien artean, Lemaireko kanal ikusgarriaren sarreran. Argazkia: IVAN SANTAMARIA

Itsas-txakurrak eta itsas-lehoiak ere nonahi aurki daitezke, kostaldetik hurbil dauden izotz pusketen gainean deribara, jatekoen bila. Ziur aski, deigarriena, itsas-lehoinabarra da. Itsas-txakur luzexka itxura eta dinosaurio aurpegia dituen ugaztun hau pinguinoen terrorea da, eta hango uretako predatzailerik handiena.

Uretan, halaber, bale eta orka mota ugari mugitzen dira. Airean ere hegazti mota esanguratsuak dabiltza hegaka. Istoriorik bitxiena, akaso, ipar-txenadek dute. Artikoan zein Antartidan aurkitzen dira, eta, are gehiago, bien arteko bidaia ere egiten dute, eguzki argi gehiagoren bila: 30.000 kilometro. Normalean erruteko iparrean egoten dira eta ondoren hegoalderako bidea hartzen dute. Migrazio ibilbide luzeena dute hegaztien artean. Fauna aparta, baina, greziarrek igarri zuten bezala, hartzik gabekoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago